Astronomoak ez ohi du bere aztergai den unibertsoari laborategian ekiteko modurik. Agian horregatik esan du Guy Consolmagnok bera oso zori onekoa dela. Izan ere, “Vatikanoko astronomo” esan ohi dioten ikerlari honek, begi maltzurrez esaten digu berak eskuen artean dabilela Jainkoak sortutakoaren zati bat, eta gainontzeko ikerlariek aldiz fotoiak baizik ezin dituztela aztertu.
Consolmagnok kontserbatzaile lana egiten du Vatikanoko Behatokiko meteoritoen bilduma bere onean mantentzeko. Horrela, eskura du munduko bildumarik handienetakoa, eroritako 500 meteoritoetako 1100etik gorako lagin biltzen dituena. Horrela, badu gertu-gertu 150 kg material, Lurraz kanpokoa bera.
Beste astrofisikoek, aldiz, ezin dute aztertu ez planetarik, ez ilargirik, ez eta izarrik, eta ezinbestez aztertu behar dituzte argi partikulak, hau da, fotoiak: zulo beltzak alde batera utzita, kosmoseko objektu guztietatik igorritakoak aztertzen dituzte. Horrela, ez du lan samurra adibidez Rosa Gutiérrezek, IFCAk kudeatzen duen Kantabriako Astronomia Behatokian lanean diharduenak. Izan ere, espazioa ez da gardena, izar arteko hautsaz beteta dagoelako.
Izarren hautsaren gainean kosmoseko hautsak duen eraginaren adibide ezin argiagoa erakusten du Jesús Maiz Apellanizek, Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaileak. Bere esanetan, “Esnebidearen erdigunetik igorritako bilioi bat fotoitik bat baizik ez da Lurrera iristen, gizakiok suma dezakegun uhin-luzerapean behintzat. Gas eta hauts hodeiek xurgatu edo desbideratzen dituzte beste fotoi guztiak”.
Atenuazio edo ahultze horren ondorioz, argiago eta gorriago ikusten ditugu unibertsoko objektu distiratsuek. Alegia, diren baino hotzago iruditzen zaizkigu objektu horiek.
Arazo zaharrak, konponbide berriak
Unibertsoa gardena balitz, oso erraza izango litzateke izar baten ezaugarriak jakitea. Irudi bat hartu eta bere distira neurtuko genuke fotometria izeneko prozedura bakun baten bidez. Argi kutsadurak ordea, ezinezko bilakatzen du metodologia hori, udako gau garbi batean bestelakorik pentsa litekeen arren. Espazioan, ugari dira izar arteko hauts partikulak, objektuen distira ahuldu egiten dutenak.
Apellaniz, buru da nazioarteko ikerlari talde batean. Helburu gisa hartu dute orain arte erabilitako metodologiaren okerrak zuzentzea. Izan ere, 1989tik kalkulu bide batzuk erabiltzen ziren igorritako argiaren suntsipena finkatzeko, eta Astronomy & Astrophysics aldizkarian plazaratu dute kalkulu bide horiek hobetzeko proposamena.
Ikerlari hauek diotenaren arabera, “kalkulu bideak oso mugatuak ziren, eta besteak beste, okerreko estimazioak ematen zituzten, izarren tenperaturen inguruan.”
Proposatutako zuzenketen egokitasuna frogatzeko, ikerlariek lehenago objektu egoki batzuk aukeratu zituzten. Izan ere, objektu horien ezaugarri batzuk ondo finkatuak zituzten. Hala lortu zen distira eta tenperaturaren kasuan, espektroskopiari esker.
Teknika horrek, posible egiten du argia bere kolore osagaitan zatitzea. Berez, horren irudi gisa, denok ezagutzen dugu ortzadarra, baina teknika harantzago doa, eta bideragarria da argia bere uhin-luzera guztietan aztertzea, ultramoretik infragorrira, argi ikusgarritik igarota. Ondoren, tenperatura, konposizio kimikoa edo mugimenduaren zehaztapenak lortuko dira.
Zientzialariak zehaztapen hauetaz baliatu ziren, lehen lortzen ziren datuak zuzenketei esker lortzen hasi ziren datu berriekin erkatzeko. “Horrela, edozein desbideraziok, ahalbideratu zuen okerrak atzematea eta kalkulu bide zaharrak zuzentzea”, Maízen hitzetan.
Jorratu dituzten espazio-objektuak Tarantula Nebulosan daude, Magallanes Hodei Handiaren barruan. Galaxia hau, irregularra eta oso handia da, eta Esnebidearen ondoan dago. Galaxia hori da Europako Behatoki Australa VLT-FLAMES zundaketan aztertzen ari zena.
Duela sei urte hasi ziren ikertzen, mila izarreko lagin batetik hasi eta pixkanaka 83 objekturaino jaitsita.
Analisi-unitate hauekin hainbat saio egin ondoren, egiaztatu egin zen 1989ko suntsipenen kalkulu bideek desbiderapen handiak eragiten zituztela. Ondoren, aldaera gaurkotu bat gauzatu zen, eta horrela hiruren batez jaitsi zituzten tenperatura finkatzeko okerrak.
Ikertzaileek diote espektrometriaren ondorioetatik hurbil daudela kalkulu bide berriek ematen dituzten ondorioak. Fotometriaren bidez, objektu gehiago azter daitezke batera, baina espektroskopia metodo hobea da ikasketa zehatzak egiteko.
Une egokian egin zen ikerketa, zeren laster hasiko baita GAIA misioa zundaketa fotometriko masiboa egiten. Jarduera horretan, mila milioi izar behatuko dituzte Esnebidearen barruan.
Iturria: J. Maíz et al. “The VLT-FLAMES Tarantula Survey. XVI. The optical+NIR extinction laws in 30 Doradus and the photometric determinations of the effective temperatures of OB stars”. Astronomy & Astrophysics. DOI: http://dx.doi.org/10.1051/0004-6361/201423439
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.