Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Hainbat zientzia-gai jorratu dira Interneten eta hementxe dituzue laburbilduta.
Roboten etorrerak bizimodua aldatuko zigula aurreikusi zuten adituek. Egun, bizimodua erraztu egin digute edota asmo horrekin dabiltza behintzat, robotak garatzen dituzten ikertzaileak. BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroko zuzendariak, Xabier Díazek hiru adibide erakutsi dizkigu Zientzia Kaieran: Robin, autonomia mantendu nahi duten adineko pertsonei laguntzen dien robota. Dustbot, robot kale-garbitzailea eta Kismest, hitz egiten dugunean gure sentimenduak antzemateko garatua dagoen robota. Hirurak ezagutu ditzakegu Etxerako moduko robotak artikuluan.
Donostian dagoen Eureka! Museoan erakusketa interesgarri bat dago egunotan. Giza gorputzaren xehetasunak ezagutu daitezke gureak bezalakoak diren organo erakusketaren bidez. Bertan dauden organoak zientziari gorputza eskaini diotenen gorpuak dira, plastinazio prozesuaren bidez mantenuak. Plastinazioak usteldura eteten du, eta tratatu den organoa epe luzera mantentzen du. Eta emaitzak bikainak dira. Amaia Portugal kazetariak plastinazioa zer den eta zelan gauzatzen den erakusten digu Zientzia Kaieran: Organo hauek zureak bezalakoak dira.
Organoak nolakoak diren ezagutu ondoren burmuinak nola funtzionatzen duen ikusiko dugu. Elhuyar aldizkarian Beñardo Kortabarriak kontatzen digu Vienako Unibertsitateko eta MITeko ikertzaileek bizirik dauden izakien neuronen aktibitatea jasotzeko irudi-sistema bat sortu dutela. Teknika honek neurona-sareek informazio sentsoriala nola prozesatzen duten ulertzen lagunduko omen du: Burmuinaren pelikula.
Duela 3.500 urteko zeramikako zatiak aurkitu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako San Adriango kobazuloan. 1.500 zatitik gora berreskuratu dituzte eta hauei esker Brontzezko aroan gizakiak nola bizi ziren ezagutu ahal izango da. Igor Susaeta kazetariak ematen digu aurkikuntzaren berri Berria egunkarian: Duela 3.500 urteko zeramika puskak aurkitu dituzte San Adriango koban.
Erleek egunean zehar 2.000 loreetara jo dezakete nektarra biltzeko. Nektarra batu duten lorearen kokapena beste erleei jakinarazten die, eurak ere hurbil daitezen. Koordenatuak zehazteko eguzkiaren kokapena izaten dute kontuan eta honen berri ematen die beste erleei gorputzeko mugimenduei esker. Loreen kokapena adierazteko eta, erlauntzera bueltatzeko ere eguzkiaren kokapena kontuan hartzen zutela pentsatzen zen baina azken ikerketa baten ondorioz, erleek kokapenaren informazioa mugarri geografikoekiko daukaten erlazio geometrikoaz ebazten dutela ikusi da. Mapa kognitiboak egiteko gai omen dira. Mikel Irastorza biologoak Euskalnatura gunean kontatzen digu Erlauntz galduaren bila. Erleak gai dira erlauntzerako bidea gogoratzeko artikuluan.
Eguzkia abiapuntu hartuta Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian idatzitako artikulu batera goaz. Uda hastear dago eta eguzki-izpien eraginez azaleko kolorea aldatzen joango zaigu. Baina eguzki-erradiazio ultramoreetatik babestu beharra dago, azala ez kaltetzeko. Lan horretan melaninak laguntzen zigula bagenekien baina MIT, Massachusetseko Teknologia Institutuko ikertzaileen lan batek argitu du melaninaren forma batek duela babesteko ahalmen hori, eumelaninak: Eguzki-erradiaziotik babesten gaituen pigmentuaren mekanismoa argitu dute.
Egun ditugun ordenagailuek duten datuen abiadura handitu dezakeen sistema bat garatu dute CIC Nanogunen. Datuen kargarako argia erabiltzea zuten helburu, honi esker datu transmisioa askoz arinagoa izango litzatekeelako. Baina argia oso handia da, toki asko okupatzen du eta mugitzeko prozesadore handiak beharko lirateke. Hori dela eta argia tarte txikiagoan garraiatzeko bitarteko bat garatzen aritu dira ikertzaileak. Berrian ikerketan parte hartu duen Pablo Alonso Gonzalez ikertzailea elkarrizketatu dute honen berri emateko: Hurrengo urratsa ate logiko bat irekitzea da.
Zaborra Planetako toki guztietara ailegatu da. Lurrazalean dugu eta baita ere itsas hondoan. Javier San Martín kazetariak ozeanoetako kutsadurari erreparatu dio eta honen berri ematen digu Zientzia Kaiera blogean. Itsasoa gizakion zabortegia bihurtu da. Plastikoak, latak, arrantza-tresnen arrastoak aurki daitezke uretan eta itsas hondoan. Ikertzaileek zaborra dagoela baieztatu dute Mediterraneo, Artiko eta Atlantikoko hondoetan. Plastikoa eta latez gain, plutonio eta iodo erradiaktiboa aurkitu dute Baltikoko itsas algetan. Ikerketa hauei buruzko datuak Ozeano nuklearrak: zaborra lehenago iritsi da, gizakia baino artikuluan.
Itsasoarekin jarraituz, ba al dakigu hainbat uharte daudela desagertzeko bidean? Elhuyar aldizkarian ematen diguten honen berri Uharteak itotzeko arriskuan artikuluan. Klima-aldaketa dela eta tenperaturak gora egin du, ondorioz, ura hedatu eta bolumen handiagoa hartu du eta izotza urtzen joan da. Bi efektu hauek itsas mailaren igoera eragin dute eta hainbat uharte desagertzeko bidean daude, urak itota.
Ba al dakigu zer gertatzen den elikagai bat uhin-labean sartzen dugunean berotzeko? UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikasleak diren Aitzol Torregarai, Juankar Solis eta Andoni Zabalak azaltzen digute Nola ikasi Kimika Kuantikoa izutu gabe blogean. Labeak mikrouhin erradiazioa igortzen du janaria sartzen dugunean berotzeko. Erradiazioa uhin oszilakor formako energiaren hedapena da, energia horren eraginez, janaria sartzen dugunean labera, molekulen elkarren artean talka gertatzen da. Talka horiei esker elikagaiak berotzen dira. Interesgarria, ezta? Xehetasun guztiak Mikrouhinen musika artikuluan.
Hegan egiteko gaitasuna dute hainbat bizidunek. Hegoei esker zerua zeharkatzen dute, esaterako intsektuek, hegaztiek eta saguzarrek. Baina nola garatu dituzte hegoak? Hau azaltzeko eboluzio konbergenteari erreparatu dio Koldo Garcia biologoak Edonola blogean eta eboluzio konbergentearen adibideei buruz aritu zaigu Behin eta berriro asmatzen artikuluan.
Ba al dago garuna barrutik sendatzeko aukerarik, zelula amen bidez? Galdera honi erantzuna emateko asmoz Isabel Fariñas, Biologia Zelularreko Katedraduna, egon zen Bilbon Achucarro Neurozientzietako Zentroak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako hitzaldi batean. Adituak ez zion baiezkorik eman aurreko galderari baina haren ustetan, Parkinson bezalako gaixotasunei aurre egiteko tratamenduen garapenean, zelula amak izango dira gakoa. Datu guztiak Amaia Portugal kazetariaren eskutik Berria egunkarian: Garunak bere burua susper dezan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.