Lurrazalaren zimur guztiak agerian

#KZJaia · Dibulgazioa

Gure planetako tontor, sakonune eta tarteko gorabehera guztiak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte TerraSAR-X eta TanDEM-X radar sateliteek. Azken hau ordurako Lurraren orbitan zebilen aurrenekoaren bidaide bihurtu zen 2010ean, eta ordutik, 800 milioi kilometro egin dituzte elkarrekin, 514 kilometroko garaierak ematen duen talaiatik. Bestela esanda, bitan arakatu dituzte lurrazaleko txoko guzti-guztiak. Bildutako datuekin, proiektuaren ardura duen Alemaniako Aeroespazio Zentroa (DLR) atlas ikusgarria prestatzen ari da: hiru dimentsioduna, inoiz baino zehatz eta osatuagoa.

Bi sateliterekin lan egiteak emango dio, hain zuzen, hirugarren dimentsioa atlasari. Aitor Bastarrika Kartografia eta Geodesia ingeniariak eta EHUko Geomatika eta Topografia Ingeniaritza Graduko irakasleak azaldu bezala, gure bi begiek egiten dutena kopiatzean datza: “Begi bakarretik ikusten dutenek ezin dute sakonera ikusi, ez dute hirugarren dimentsioa bereizten. Ate bat zabaltzera goazenean, guk badakigu distantzia zein den, baina begi bakarretik ikusten duenak ezin du. Estereoskopiaren oinarria hori da: gauza bera bi lekutatik ikustea. Eta horixe da bi satelitek ematen dutena”.

Flinders mendilerroa, Australian (Irudia: DLR)
Flinders mendilerroa, Australian (Irudia: DLR)

Horrexegatik, bi sateliteok erabat koordinatuta eta kontrolatuta daude; hirugarren dimentsio hori behar bezala neurtzeko. Helize formako patroi baten arabera dago zehaztuta nola mugitzen diren bi gailuok elkarren artean. Batzuetan, bata bestetik 120 metro eskasera besterik ez dagoela ateratzen dute puntu beraren irudia. Askotariko lurrazal zatien altuera zehatz kalkulatuko bada, teknikariek ondo baino hobeto jakin behar dute uneoro bi sateliteen arteko distantzia zein den. Errore marjina milimetro gutxi batzuetakoa besterik ez da.

Gainera, radar sateliteak dira honako hauek, eta horixe da proiektu honen ezaugarri nagusietako bat. Ez dituztela argazki arruntak ateratzen, alegia. “Orain arte horrelakoetan lur eredu digitalak (DTM) egin izan dira normalean. Hegazkin batetik ateratzen dituzten argazkiekin egin izan dira horiek. Kasu honetan ere argiarekin funtzionatzen da, baina ez gure uhin luzeran; ez gure eremu ikusgarrian”, esan du Bastarrikak.

Horrek abantaila handi bat ematen die bi sateliteoi. Izan ere, eguraldiak ez du apenas baldintzatzen ateratzen dituzten irudien kalitatea: “Radarrak igortzen duen energiarekin (irrati uhinak) primeran lan egin daiteke gauez edo eguraldi txarra dagoenean. Hori oso garrantzitsua da eremu polarretan, tropikaletan eta laino asko dagoen lekuetan lan egiten denean”.

Badlands Parke Nazionala, AEBetan (Irudia: DLR)
Badlands Parke Nazionala, AEBetan (Irudia: DLR)

Honen aurrekaria, mundu osoa estaltzen duen lehen lur eredu digitala, SRTM (Shuttle Radar Topografia Misioa) izenekoa da. Honekin baliatu zuten metodologiaren antzekoa da orain darabiltena, baina uzta askoz ere zehatzagoa da. Alemaniako Aeroespazio Zentroak jakinarazi duenez, 30 aldiz zehatzagoa.

Bastarrikaren arabera, “teknologia bera zen, baina ez zuten sateliteekin egin, transbordadore batekin baizik. Antena luze bat zeukan, eta bi ikuspuntu: bata transbordadorean eta bestea antenaren bukaeran. Baina 90 metroko pixela zeukan [ematen zuen emaitzan, argazkian, pixel bat 90 metro errealen ordezkoa zela, alegia], eta berri honetan bi metro inguru izango ditu pixelak. Hori du ona: mundu osoan, bai eta oso aldenduta dauden lekuetan ere, bi metroko bereizmena daukan lur eredu digital bat ematen duela”.

Datuak bilduta, prozesatzearen azken fasean dago proiektua 2013ko bukaeratik, eta 2015a agortzerako, dena prest eta topografo profesionalentzat erabilgarri izatea espero da. Dena dela, lurrazalaren bi puskaren hiru dimentsiodun mapak sarean jarri dituzte dagoeneko, adibide gisa: Australiako Flinders mendilerroa eta AEBtako Badlands Parke Nazionala.

LIDAR teknologia

EHUn, Euskal Autonomi Erkidegoko lurrazala hartzen duen Geoeuskadi zerbitzu irekiarekin egiten dute lan; horixe da Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen lur eredu digitala. Bastarrikak azaldu bezala, laser izpietan oinarritutako LIDAR teknologiarekin osatutako egitura da honakoa: “Hegazkin batetik egiten da. Laser pultsu bat igortzen da, eta lurrazaleko puntuei dagozkien X, Y eta Zk lortzen dira. Hortik ateratzen dute metro bateko bereizmena daukan lur eredu digitala”. Zehatza da oso, baina puntu txiki bat besterik ez da, TerraSAR-X eta TanDEM-X radar sateliteek munduari emandako bi birekin alderatuta.

Iturria: A new map of Earth – in 3D and extremely precise


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


KZJaia2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.