John M. Kovcakek eta bere taldeak aurtengo martxoaren 17an eman dute jakitera grabitazio-uhinak aurkitu dituztela. Alegia, Big Bangen oihartzuna aurkitu dute nonbait. Hori aditzera eman denetik, zientzialariak asaldatuak dabiltza oso, tartean zuzeneko edo okerreko arrazoi batzuk daudelarik. Batzuek pozez gainezka hartu dute berria, iragarri baitute gure unibertsoaren jatorria eta geroagoko hedadura azaltzen dituzten teoriak egiaztatuak gertatuko direla azkenean. Beste batzuek ordea, azpimarratu dute ezohiko aurkikuntzak egiaztatzeko ezohiko frogak behar direla. Azkenik, beste batzuek ezbaian jarri dute aurkikuntza bera, hainbat irizpideri eutsita. Edonola, kosmologo bat bera ere ez da lasai gelditu.
Hala ere, komunikatzaileentzat oso interesgarria izan da bai aurkikuntza, bai aurkikuntza jakitera emateko era, eta bai era horrek ekarri dituen ondorioak. Izan ere, oso entzutetsua izan da berria, baina martxoan jakitera eman bada ere, ekainera arte ez zaie beste zientzialariei kontuak eztabaidagai jartzeko moduko zehaztapenik eman, Physical Review Letters aldizkarian.
Harvardeko Unibertsitateak dio John M. Kovacek 20 urte daramatzala lanean Amundsen-Scott basean, Hego Poloko lehortasun eta atmosfera-egonkortasuneko klima baldintza bereziez baliaturik. Erradioteleskopio belaunaldi ugariren diseinua, inplementazioa eta eragiketak egin izan ditu.
Kovac irakasleak esan du mikrouhinen argi-heinean zeruaren polarizazioaren neurketak egin zirela 2010-2012 tarteko hiru denboraldietan, eta horri esker atzeman duela BICEP-2 teleskopioak hizpide hartu dugun hau.
Bestela esanda, gogora dezakegu imanek paper baten azpian nola taxutzen dituzten paperaren gainean dauden burdina limadurak. Horren antzera jokatzen dute grabitazio-uhinek, era bitxi batera lerrokatu edo orientatzen baitu Big Bangetik, hau da, “mikrouhin-gailutik” etorritako argia. Horrela lateralitate jakin bat ematen zaio argiari, eta ezker edo eskuin lateralitatea dela esan genezake. BICEP-2 izenekoak mapa bat marraztu du, lerrokamendu horren ondorioak bilduz.
Kovacen taldeko ikerlariek, baieztatu dute B izena eman izan zaion eredu bat betetzen dela. Eredu hau, bakarra da, beren hitzetan, eta dirudienez, grabitazio-uhin jakin batzuek eraginda gertatzen da. Big Bang gertatu zenean, muturreko tenperatura eta dentsitate baldintzak zeuden, eta une horretan, denbora frakzio infinitesimal batean sortuko ziren grabitazio-uhin horiek. Denbora labur horretan, hazkunde esponentzial bat gertatuko zen. Horrexetan datza Unibertso Inflazionarioaren Teoria deitu izan dena.
Jakin beharrekoa da ordea zuzen interpretatu den polarizazio hori eta bai ondo asmatu ote diren polarizazioaren eragileak. Hortxe desadostasunak. Izan ere, Nature aldizkarian Princetowngo Unibertsitatean irakasle den Paul Seinhardtek baieztatu du “bira horiek berdin-berdin sor ditzakete bestelako gertaera batzuek, hala nola hautsean zehar argiak jasaten duen dispertsioak, edo eremu magnetikoen inguruan elektroiek mugitzean sortzen duten erradiazioak, azken hau gure galaxiaren barruan.” Alegia, baliteke mapa hori gure galaxiak berak sortu izana, eta hori azalpen bakunagoa izango litzateke grabitazio-uhinena baino.
Hor dago koska: Kovackek ez du egiazki frogatu hasierako grabitazio-uhin haiek sortu zutenik mapa, eta tartean, egon litezke beste eragile batzuk, hala nola Seinhardtek eta beste zientzialari batzuek esandakoak.
BICEP-2k eman duen interpretazioa ez ezik, teleskopioak ikus dezakeena ere eztabaidagai da. Patricio Vielvak, Instituto Astrofísico de Cantrabrian (IFAN) lanean ari delarik, adibide argigarria eskaini du, antzemandako seinalearen iturri izan litekeenari begira.
Vielvak, baieztatu du oso berezia den “gorputz beltzaren erradiazioa” izenekoari dagokiola ustezko grabitazio-uhinetatik omen datorren seinalea. Aztertzen den frekuentzia bakoitzean, bada energia-dentsitate espezifiko bat, soil-soilik tenperaturaren mendekoa dena. Alegia, tenperatuak konstante dirau, erradiazioa frekuentzia desberdinetan behatuta ere. “Hori dela eta, hainbat frekuentzia desberdin izan behar ditugu, zeren eta frekuentzian konstantea ez den seinale bat, ez da gorputz beltz baten seinale bat, eta badakigu ordea Big Bang gorputz beltza izan zela. Hots, hainbat frekuentziatan saiatu behar gara, eta BICEPek frekuentzia bakarra dauka… Laburbilduta, nekez baiezta daiteke aztergai dugun hori hondo kosmikoa ote den, ez dugulako zerekin erkatu”.
Bestela esanda, zaila edo ezinezkoa izango dugu jakitea BICEP-2k unibertsoaren hasiera aldiko seinale bat atzeman ote duen. Horixe jakin nahi dute zientzialariek, baina baliteke gure galaxia bera edo antzerako objektu hurbilago batek sortu izana seinalea.
Berez, Kovakek ez du bere artikuluan guztiz baztertu beste hipotesia, hau da, hauts emisio polarizatuak izan litezke honen guztiaren eragile.
Gainera, aurretik ere atzemanak ziren grabitazio-uhinak. 2013.ean, Antartidako teleskopio batek B ereduko polarizazio bera atzeman zuen, baina orduan, behaketaren lehengo planoan dauden galaxiek eragindako kurbaturari egotzi zitzaien behatutakoa.
Egileek ez dute atzera egin, baina azken egunotan, baieztapenari hainbat ñabardura gehitu dizkiote. Antza, urrira arte ez da aurkeztuko Planken behin betiko mapa, “mikrouhin-gailuaren” hondoan kokatua. Agian orduantxe argituko dira zalantzak, eta aukera izango dugu unibertsoaren bilakaeraren teoria horiek behin betiko egiaztatzeko ala gezurtatzeko.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.