Emakumeak zientzian: Ainhoa Murua Ugarte (1979-2012)

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ainhoa Murua, dimentsio txikien berebiziko ahalmenak ikergai izan zituen zientzialaria izan zen. Zelula mikrokapsulatuek gaitz kronikoen aurka dituzten aukera terapeutikoak ikertu zituen. Egindako lanak erakutsi zuen, zelula mikrokapsulatuen transplanteei esker, etorkizunean alzheimerraren eta parkinsonaren moduko gaitz kronikoentzat tratamendu eraginkorragoak izango ditugula eskura.

Ainhoa Murua laborategian lanean.
Irudia: Ainhoa Murua laborategian ikertzen.

Inguma datu-basean Zelula mikrokapsularatu bioaktiboak sendagaien askapen egonkorrerako artikulua katalogatzen nengoenean egin nuen topo Ainhoa Muruarekin. Ekaia aldizkarian argitaratutako artikulua zen eta egileen datuak datu-basean egiaztatzen hasi nintzenean, Ainhoa Murua ez zegoen gure artxiboan.

Egile berria zen eta datu-basean katalogatzen ditugun egile berri gehienak gazteak direnez, bera ere ikertzaile gaztea izango zela pentsatu nuen. Horrela zen, Ainhoa ikertzaile gaztea zen. Zientziaren bideak gazte galdutako zientzialaria.

Ainhoa Murua Legazpin jaio zen 1979ko maiatzaren 12an eta Nafarroako Unibertsitatean Biologian eta Biokimikan lizentziatu zen. Ikasketak burutu ondoren, ikertzen hasi zen. Ainhoaren amonak, Benignak, Alzheimerren gaixotasuna zuen eta haren gaitza zela eta, honi aurre egiteko aukerak ikertzeko asmoaz hasi zen.

Nafarroako Unibertsitateko Zoologia eta Ekologia Sailean hasi zituen tesiaren lehen pausuak eta gerora, Biomedikuntza, Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzaren Zentroan (CIBER-BBN) eta UPV/EHUko Farmazia Fakultatean lanean aritu zen NanoBioCel ikerketa taldean. Bertan, zelula bizien mikrokapsularatzea ikerketa lerroan murgildu zen. Zelulen mikrokapsulazioa zelula jakin batzuk zenbait biomaterialez inguratzea da, mikropartikulak osatzeko. Mikropartikula horiek txertatzen diren organismoan proteina terapeutikoak askatzen dituzte, modu kontrolatuan eta jarraituan. Gaitz kronikoak tratatzeko botikak maiztasun handiz hartu behar diren kasuetan oso onuragarriak dira, gaixotasunari aurre egiteko. Baina teknika honen aplikazio klinikoak hainbat zailtasun izan ditu, besteak beste, zelula enkapsulatuen biziraupen laburra dela eta, hauek epe luzez kontserbatzeko ezintasuna.

Ainhoak, zehazki, zelulen mikrokapsulazioa helburu terapeutikoetarako izan zuen ikergai eta, honen baitan, Cell microencapsulation for therapeutic purposes: towards greater control over biocompatibility nazioarteko tesia burutu zuen 2010ean. Egindako lanean zelula mikrokapsulatuen transplanteen teknika optimizatzeko proposamenak aurkeztu zituen. Esaterako, gizakiei beste espezie batzuen zelulak transplantatzeko aukerak (xenotransplanteak egiteko aukerak) eta horiek emango lituzketen hobekuntzak landu zituen. Hobekuntza horiek transplanteetarako giza ehunen ohiko eskasiaren arazoa konpontzen lagunduko lukete. Horrez gain, tratamendu kronikoak baliatu beharrik gabe, xenotransplanteek eragin ohi duten errefus immunologikoari aurrea hartzea lortu zuen. Ondorioz, xenotransplanteen funtzionalitatea handitu zuen.

Hau ez zen izan haren lanaren ekarpen bakarra. Horrez gain, zelula mikrokapsulatuak epe luzean biltegiratzeko eta kontserbatzeko irtenbidea ere garatu zuen, zelula mikrokapsulatuak izozteko protokoloa sortuz. Horrela, zelulak biltegiratzeko eta kontserbatzeko kondizio egokiak bermatu zituen eta laborategien arteko ikerketetan materialen trukaketa egokiagoa ahalbidetzen lagundu zuen.

Ikerketa pasioz bizi izan zuen, disfrutatu eta baita sufritu egiten zuen lanean zorrotza eta estua baitzen egiten zuenarekin. Baina ez zuen galtzen irribarrea eta lankideen esanetan “lantaldea lanean inplikatzeko ahalmena zuen, lankideen gaitasun ezkutuak antzematen zituen eta hauen gogoa pizten abila zen”. Talde lanean sinesten zuen, honen indarrean eta gaitasunetan.

2011. urtean minbizia antzeman zioten eta 2012. urtean hil zen ikertzaile gaztea, ibilbide laburra baina oparoa egin ondoren. 2010. urtean Farmazia Zuzenbideko Espainiako Elkarteak (ASEDEF) “Berrikuntzaren” kategorian IX. ASEDEF Saria eman zion Ainhoaren lantaldeari, 2011ko urrian doktorego-tesi hoberenaren IX. SPLC-CRS Saria jaso zuen Oporton eta 2014ko apirilean UPV/EHUn Doktoretzako Aparteko Saria eman zioten. 14 artikulu argitaratu zituen eta horietako bat 2009an Journal of Controlled Release aldizkariaren portada izan zen: “Xenogeneic transplantation of erythropoietin-secreting cells immobilized in microcapsules using transient immunosuppression” izenekoa.

Artikulu bat katalogatzerakoan ezagutu nuen emakume, ikertzaile eta zientzialari gazte hark ezaugarri berezi bat omen zuen: zientzia bizitzeko eta disfrutatzeko ahalmena.

Iturriak:

Oharra:

eskerrak eman nahi dizkiet Ainhoaren gurasoei, Axun eta Luis Mariri, artikulua idazteko eman didaten laguntza eta erraztasunengatik. Eskerrik asko bioi!


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.