Uda amaitu ondoren eta udazkenari ongietorria emateko, asteburu honetan, irailaren 26an eta 27an gonbidatuak gaude Bilbon egingo den zientzia-dibulgazio ekitaldi interesgarri batera: Naukas 2014. Zientzia modu errazean gizarteratzea helburu duen ekitaldiaren 4. edizioa da aurtengoa eta, naukas.com plataforma eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik datorkigu.
Bilbao Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan ostiral eta larunbatean zehar, hamar minutuko 50 hitzaldi inguru entzun eta dastatzeko aukera izango ditugu. Zientzia dosi txikiak eskainiko dizkigute oholtzara igoko diren zientzia dibulgatzaileek. Umorea erabiliz, hainbat gai zientifikoei buruzko ikuspuntuak eskainiko dituzte.
Estatu osoko hizlariek hartuko dute parte Naukas ekitaldian eta horien artean, Euskal Herriko hainbat izango ditugu. Esaterako, Nafarroako Unibertsitatean irakaslea den Ignacio López Goñi mikrobiologoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle den Joaquín Sevilla fisikaria edota UPV/EHUn diharduen Itziar Laka hizkuntzalaria. Horiez gain, Iruñeko Planetarioko zuzendaria den Javier Armentia, Bergarako Aranzadi Ikastolako irakaslea den Manu Arregi edota EHUn ikertzen dabilen Ana Aguirre genetista ere entzun ahal izango ditugu. Kazetaria den José A. Pérezek ikuspegi kritikoa jarriko dio hedabide eta zientziaren arteko harremanari eta Julián Estévez eta Iñaki Úcar ingeniariek, batek, Googleren kotxeari, eta besteak, gertatuko ez omen ziren hainbat gertakizunei erreparatuko diete.
Hitzaldiez gain, lau zientzialari ezagun elkarrizketatuko dituzte zuzenean Naukas ekitaldian. Ostiralean, Antonio Martínez Ron kazetariak Juan José Gómez Cadenas fisikaria elkarrizketatuko du eta Miguel Artime informatikariak Airbus Taldeko Defentsa eta Aireko sailean diharduen Otilia Castro Matías. Larunbatean, Javier Pelaézek eta Juan Ignacio Pérezek auzitegi medikuak diren Miguel Botella eta Pako Etxeberria elkarrizketatuko dituzte.
Zientziaz gozatzeko aukera izango dute umeek ere Naukas Kids saioan. 6 urtetik gorako umeei zuzenduta, ostiral arratsaldetik larunbat arratsaldera, 9 hitzaldi didaktiko eskainiko dituzte txikientzako. Entzun, galdetu eta esperimentatzeko aukera izango dute gaztetxoek, zientzia hurbiletik dastatuz.
Ekitaldia doakoa da eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Bertara hurreratzen denak “Emakumea eta zientzia: mundua aldatzeko 13 izen” erakusketa ikusi ahal izango du ere. 13 emakume ikertzaileen historia eta hauek egindako ekarpenak plazaratzen dituen erakusketa.
Asteburuan, planik ez baduzu etorri Bilbora zientziaz gozatzera. Umeentzako zein helduentzako, Naukas 2014.