Imajinatu une batez bizimodu modura duzula egurrezko enbor baten aurka mokoka ibiltzea. Behin eta berriz, egunez egun, segundoko hogei aldiz baino gehiago, hainbat segundoko txandetan, 1.500 g-rainoko dezeleratzeak hartuta. Ziur aski, burutik eginda bukatuko zenuke eguna, burmuina birrinduta. Ondo pentsatuta, ez, lehenengo kolpearekin batera konortea galduko zenuke. Hala ere, bizimodu hori du okil berdeak. Bai, marrazki bizidunetako okil berdeak.
Giza burmuineko zauriak ekiditeko moduak aurkitzeko asmoz zientzialari txinatar batzuek, mekanika konputazionalean adituak direlarik, buru-belarri hasi dira kontu hau aztertzen, okil berdearen osasuna [1].
Hasteko, 1.500 g-ko dezeleratze bat izugarri handia da. Boxeolariez aritzen bagara, 11.4 milisegundoan zehar [2] 58 g-ko dezeleratze zeharkako bat lortzen du boxeolariak muturrean ostiko bat ematen dizunean. Amatxoek ematen dituzten zaplazteko azkar horietako batek 100 g-koa lor dezake. Eta hori azkar egiten dutenean, amak ez direlako olinpiadetako boxeolariak bezain sasoi onean egoten. Hala ere, ama batzuk azkarrak dira oso. Istripu-saioetan 127 g-ko dezeleratze gailurrak detektatu dira, beti ere zauri garrantzitsuak eragiten diren mugatik behera [3].
Eztabaidagai dago oraindik, eta kontua baldintzen arabera alda daiteke, baina onartu ohi da 200 g inguruan dagoela giza burmuinak kolpe bakar batean gehienez paira dezakeen azeleratze edo dezeleratze gailurra. Konparazio batera, futbolari batek 300 g-ko azeleratzea eragiten dio pilotari, eta beisbol-bate batek 3000 g-koa. Baina ohar gaitezen aurreko adibide hauetan guztietan kolpe bakar batez aritu garela, edo gehien batez kolpe batzuez, ama edo boxeolaria bizkor badabiltza. Hala ere, denok dugu gogoan boxeolari batzuk bertan seko gelditu direla, eta bai hainbat ume ere hilak gertatu direla, gurasoek gehiegizko kolpe bat emanda. Edo berdin-berdin gertatu direla esku hutsez emandako jipoi batek eragindako burmuin-zaurien erruz hildakoak ere. Eta burmuin-zauriak baizik ez zuten pairatu zorigaiztoko gizaki horiek. Zauriak behin eta berriz gertatzen badira etengabe, badakigu boxeolariak gutxienez dementzia pairatzera iristen direla.
Okil berdeak, aldiz, 600-1500 g-koa lortzen du, 20-25 aldiz segundoko. Kolpe lehorrak ematen ditu, 0.5-1 milisegundokoak, eta hor ari da lasai-lasai, bere txoriburu-osasuna galdu gabe. Buruko min bat bera ere ez. Nola lortzen du horrelakorik txori demonio honek?
Natura ama eta Eboluzio izeba aritu dira honetan, okilaren buruan oso makina eraginkorra lortzeko. Izan ere, txori honen buruak oso ondo barreiatzen edo disipatzen du energia, egungo kotxeek duten seguritate pasiboko sistemen antzera. Buru txikia du, eta bere begi-globoak handiak dira. Likido zerebroespinal gutxi du, eta entzefaloak, burezurrarekin estuki lotuta dagoelarik, tinko eusten die astinduei. Bestetik, burezurra osatzen duten hezur-plakak oso lotura malguez elkartuta daude, eta ondo xurgatzen dute energia. Gainera, mokoa baina lau aldiz handiagoa du hioide hezurra. Honek, sudur-zuloetan du hasiera eta burmuin osoa inguratzen du, ziurtasun-gerriko [4] bat izango bailitzan.
Lehenengo eta behin, txoriak tinko eusten dio enborrari, berarekiko ea kokapen paraleloa hartuz. Horrela, zut joko du enborra mokoaren bidez. Kokapen hau, zehatz-mehatz mantentzen du, oso garrantzitsua delako energia bere buruan zehar era jakin batera mugi dadin.
Gero, mugitzen hasten da. Enborra mokokatu baino segundo-milaren bat lehenago, erreflexu bat dela bide, itxi egiten zaizkio mintz niktitanteak. Mintz hauek, betazal gehigarri modura jokatzen dute, ikusmena galdu gabe igor daitezkeen enbor zatietatik babestuz. Ziurtasun-betaurreko ditu bada mintz niktitanteak. Sudur-zuloak ere luma bereziez estalitako zirrikituen antzerako zerbait dira, eta bertan ez da sartzen ez ezpalik, ez zerrautsik.
Gero, kolpeka hasten da. Mokoaren kanpoko aldea keratina garautxo batzuez osatua dago. Garauok elkarrekin estuki lotuta daude ezkata txikien antzerako sutura ondulatu batzuen bidez. Horrela, txoriak ondo euste die konpresio-indarrei. Ezkatek elkarrekiko igurzteen [5] bidez barreiatzen dute energia, eta izatez, inpaktu-xurgatzaile gisa jokatzen dute. Gainera, txoriaren burua eta mokoa ia erabat simetrikoak dira, eta horri esker, indarrak era orekatuan banatzen dira.
Presio-uhina, mokoaren goiko aldean sortzen da, beheko aldera joaten da, eta goiko zein beheko aldetik abiatuta sudur-zuloetara iristen da. Bertan gertatzen da gehienezko gainpresioa, hasierako inpaktutik 0.6 milisegundora; txoria mokoa enborretik aldentzen hasten denean gertatzen da gailur hori. 24 megapascaleko [6] presiora irits daiteke, nitrogenodun ongarriak bezalako lehergarriez egindako bonba baten antzera. Izugarria.
Baina burua enborretik urrundu ahala, gainpresio hau hioide hezurrean zehar barreiatu eta azkar jaisten da. Bi hamar-milaren segundo beranduago, presioa 3 megapascalera jaitsi da, bitartean presio-uhinek burua eta mokoa eragozpenik gabe zeharkatzen dituztelarik. Burmuinaren barruan, presioa ez da inoiz 30 kilopaskalera heltzen. Alegia, barruko presioa 100-1000 aldiz txikiagoa da. Energia gehiena burmuinaren inguruan barreiatzen da, ez burmuinaren barruan. 20 milisegundo beranduago bukatzen da mugimendua, eta une horretarako barreiatua dago dagoeneko ia energia guztia.
Baina nola barreiatzen da energia hori? Funtsean, bero modura. Horregatik uzten dio okilak mokokatzeari tarteka: gehiegi berotzen da eta atsedena hartu behar du, mokoka denbora labur batean ibili ostean. Gero, berriz ekiten dio lanari, eta horrela behin eta berriz egiten du bere bizitzako egun guztietan. Bizitzak berriro egin dio muzin muga orori.
Erreferentziak
[1] Zhu, Z.; Zhang, W.; Wu, C. (2014): Energy conversion in woodpecker on successive peckings and its role on anti-shock protection of brain. Science China / Technological Sciences, vol. 57, nº (7): 1269-1275. DOI: 10.1007/s11431-014-5582-5
[2] Walilko, T. J.; Viano, D.C.; Bir, C. A. (2005): Biomechanics of the head for Olympic boxer punches to the face.British Journal of Sports Medicine, 39:710-719. DOI: 10.1136/bjsm.2004.014126
[3] Guohua, L.; Baker, S. P. (eds.) (2005): Injury research: Theories, methods and approaches, págs. 125-126. Springer Science, ISBN 978-1-4614-1598-5. DOI: 10.1007/978-1-4614-1599-2.
[4] Hauserman, S.: Why don’t woodpeckers get headaches?En Ask a Biologist, Facultad de Ciencias de la Vida de la Universidad Estatal de Arizona.
[5] Milius, S.: Woodpecker beaks divulge shock-absorbing properties. Science News, 6 de mayo de 2014.
[6] Zhao, D. Z.; Guo, J. M.; Cheng, W. W.; Zhen, C. (2012): Numerical study of the impact response of woodpecker’s head. AIP Advances, 2, 042173. DOI: 10.1063/1.4770305
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.