Liburu elektronikoak eta automobilak emakumeen kontua dira

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

2011. urteko lehen sei hilabeteetan Mercedes-Benz autoen markak haren historiako salmenta daturik hoberena izan zuen: 2.854 milioi irabazi zituen. Aurten, zenbakiak ez badira hain onak izan ere, aintzat hartzeko moduko kopurua eskuratu du, 2014ko lehen hiru hilabetetan: 1.183 milioi euro garbi irabazi ditu.

Amazon enpresa ere ez da atzera gelditzen salmenta kontuetan. Amazon etxeko Kindle irakurgailu elektronikoa da munduan gehien erosten den gailua eta urtero salmenta kopuruak gora egiten du. 2011an 4 milioi gailu salduta zituen. 2011-2013 bitartean gehien saldu zen gailu elektronikoa izan zen Kindle. 2013ko ekainean, irakurgailuen prezioa nabarmen jaitsi ondoren, Amazonek iragarri zuen hauen salmenta hirukoiztu egin zuela.

Bi enpresa hauen ibilbide arrakastatsuan badute zerikusia bi emakumek. Bata, alemana zen eta bestea, leondarra: Bertha Benz eta Ángela Ruíz Robles dira. Eta galdetuko duzue, zer dela eta? Oraintxe ikusiko dugu.

Bertha Benz (1849-1944)

1886. urtean, Karl Benz ingeniari alemanak historiako lehen automotoretzat jotzen den gailua sortu eta patentatu zuen Alemanian. Automobilaren lehen modelo hura, aldiz, ez zuen inork erosi nahi, ezta bultzatu ere. Karl Benzek ez zuen finantziaziorik aurkitzen. Izan ere, ez zen saltzaile ona. Bi urte beranduago, 1888. urteko abuztuan bere emazteak, Bertha Benzek inork ez zuena egin egitera ausartu zen. “Amama bisitatzera goaz” esan zien 14 eta 15 urte zituzten semeei, Mercedes Patent Motorwagen 3. kotxea hartu eta Mannheimdik Pforzheimerako ibilbidea egin zuen semeekin. 104 kilometroko bidai hura izan zen automobilaren historiako lehen bidai luzeena.

Berthak intentzio jakin bat zuen, tramankulu hura baliagarria zela erakustea eta ahal zen eta jende gehiagok ikus zezala ziurtatzea. Ez zen izan ibilbide erraza. Kotxea oso distantzia txikietan probatuta zegoen baina ez luzeetan eta bidean aurreikusi gabeko hainbat arazori aurre egin behar izan zien. Alde batetik, kotxea berotu egiten zen eta iturrietan geldiuneak egin eta uraz bete behar izan zuen. Erregaiaz hornitzeko, gasolindegirik ez zegoen eta, bidean farmazia bat aurkitu behar izan zuen baliagarria zen erregaiaz hornitzeko autoa. Arazo mekanikoak ere izan zituen, errementari batengana jo behar izan zuen pieza bat soldatzeko eta berriz kotxea martxan jartzeko. Katea, frenoak, gurpilak, erregaia garraiatzen zuen hodia apurtu zitzaizkion autoari eta guztiak konpondu zituen, arazoei aurre eginez. Egun oso bat eman zuten 100 kilometroko bidea egiten.

Amaren etxean hiru egun pasa ondoren, bueltako bidea egin zuen beste ibilbide bat hautatuz. Hiru arrazoi nagusi izan zituen horretarako: bueltan kilometro gutxiago egiteko ibilbide laburragoa nahi zuen; kotxea berotzen zenez aldapa txikiagoko bidea behar zuen eta, automobila ezagutzera emateko asmoz, ez zuen errepikatu nahi joan-etorrian ibilbide berdina.

1.irudia: Bertha Benz alaba gazteekin, Mercedes Patent Motorwagen 3 automobilarekin.
1.irudia: Bertha Benz alaba gazteekin, Mercedes Patent Motorwagen 3 automobilarekin.

Bertharen bidaiaren ostean senarrak Municheko industria erakusketan aurkeztu zuen kotxea eta urrezko domina irabazi zuen. Hortik aurrera, automobila ekoizteko eskaerak etorri zitzaizkion Karl Benz ingeniariari. 1889. urtean, 572 ibilgailu ekoiztu zituen eta lehen lasterketarako autoa sortu zuen. Emazteak kotxea jendearen aurrean jarri eta urtebete beranduago, Benz auto fabrikatzaile garrantzitsua bihurtu zen.

Bertha Benzek 39 urte zituen bidaia egin zuenean. Haren senarrak esan zuen, emaztearen ausardiak eman zizkiola hegoak automobilari. Berthak automobilaren historian lehen mailako postu bat du: bera izan zen lehen mekanikaria, balaztako zapatak asmatu zituen bidaiaren eraginez eta mendiko ibilbideak egiteko hirugarren engranajea jarri zioten modelo berriei berak iradokita; autoaren lehen ibilbiderik luzeena egin zuen gidaria izan zen eta horrez gain, marketinaren hastapenetako figura ere badela esan dezakegu.

Zer izango ote zen gaur Mercedes-Benz konpainia emakume haren ausardiarik gabe?

Ángela Ruiz Robles (1895-1975)

Liburu elektronikoa nork sortu zuen aztertzen hasten bagara hainbat izen agertzen dira honen ibilbide laburrean. Lehena Michael Hart litzateke eta data zehatz bat, 1971. Urte hartan Gutenberg egitasmoa martxan jarri zuen. Egitasmo honen helburua zen liburuen formatu digitala eskaintzea modu irekian. Hau da, liburu digitalen liburutegia sortzea. Baina 21 urte lehenago, 1949an Galizian irakaslea zen Ángela Ruiz Roblesek liburu elektronikoaren hastapena izan zen “Entziklopedia Mekanikoa” patentatu zuen. 1944 eta 1949 artean hainbat asmakuntza egin zituen. 1944an “Atlas Zientifiko-gramatikala” egin zuen, ezagutza gramatikala, sintaxia, morfologia, ortografia eta fonetikaren bitartez irakasteko. 1949. urtean ikasleen liburu zorroen pisua zela eta, irakaskuntza interaktiboagoa eta erakargarriagoa bihurtzeko asmoz, liburu formatu berri bat asmatzen du: entziklopedia mekanikoa.

2. irudia: Ángela Ruíz eta haren liburua mekanikoa A Coruñako Zientzia eta Teknologia Museoan.
2. irudia: Ángela Ruiz eta haren liburu mekanikoa A Coruñako Zientzia eta Teknologia Museoan.

Hau izan zen e-book edo e-liburuen aitzindaria eta hiru helburu betetzen zituen: ikasleen motxilen pisua arintzea, ikasketa prozesua erakargarriagoa egitea eta ikaslearen mailara egokitutako baliabidea izatea.

Liburuak ohiko itxura zuen baina bi zatitan banatuan zegoen: lehenean, irakurketa, idazkera eta zenbaketaren ikas-prozesuetan trebatzeko erabiltzaileak hitzak eta kalkuluak egin ahal zituen teklak erabiliz. Bigarren atalean, hainbat arlo jorratzeko testuak eta ilustrazioak zeuden bobinetan bilduta. Ikasleak aukeratu egiten zuen zer irakurri bobinak aldatuz eta testua nahi zuen tokian utzi ahal zuen geldirik. Horrez gain, ikasleek hainbat hizkuntzatan irakur zezaketen gaien azalpenak eta azalpenak letra handiz ikusi ahal zituzten zoom bat bezalako kristala baitzuen.

Liburuarentzako hainbat funtzionalitate diseinatu zituen Ángelak: azalpenak irakurri beharrean, hauek entzuteko aukera edota iluntasunean irakurtzeko argi sistema ere diseinatu zuen, baina ezin izan zuen gauzatu. Liburua ondo hartu zuten sasoiko hezkuntza arduradunek baina ez zuten diruz lagundu. Dirudienez AEBko enpresa batek patentea erosteko eskaintza bat egin zion Ángela Ruizi, baina ez omen zuen onartu bertako diru-laguntzaren bat nahiago zuelako.

Ikasleei laguntzeko bide berriak uztartu zituen emakume hark sarritan esan omen zuen: “hildakoak berpiztuko balira, egungo aldaketa teknologikoak ikusiko lituzkete: igogailua, etxetresnak…; baina irakaskuntzari erreparatuko baliokete, honek Erdi Aroan jarraitzen duela ikusiko lukete.”

Hezkuntzaren didaktika eta teknologia batu zituen Ángela Ruiz Roblesek, sortu zuen liburu mekanikoaren prototipoan. A Coruñako Zientzia eta Teknologia Museoan dago gordeta eta berau da e-bookaren hastapena, 65 urte dituen asmakizuna.

Amazonek harrapatu izan balu…

Iturriak


Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.