Magdalena Mouján (1926-2005): Argentinako matematikari gutarra

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Haren aitonaren bertso batetik abiatuta, Magdalena Mouján Otaño matematikari argentinarrak “Gu ta gutarrak” zientzia-fikziozko ipuina idatzi zuen. Hau da, egun, etxean “beltxa” ezizena jarri zioten matematikari distiratsuaren lanik ezagunena. Matematikan doktorea zen emakume honek letrak, zenbakiak eta euskal kultura zituen gogokoak.

Magdalena Mouján Otaño matematikari argentinarra.
1. irudia: Magdalena Mouján Otaño matematikari argentinarra.

Magdalena Mouján Otaño Buenos Aireseko Pehuajó herrialdean jaio zen 1926. urtean. Pedro Mari Otaño bertsolariaren biloba zen. Etxean “beltxa” ezizena jarri zioten eta euskaraz hitz egiten zuen txikitan, haren amak irakatsita. Matematikan lizentziatu zen La Platako Unibertsitate Nazionalean eta 1950. urtean doktorego-tesia defendatu zuen. Handik aurrera bi bide hartu zituen, irakaskuntza eta ikerketa.

1957. urtean Argentinako Armadak Ikerketa Operatiboen Taldea sortu zuen. Taldea Agustin Durañona y Vedia matematikariak zuzentzen zuen eta Magdalena taldekidea zen. Sasoi hartan, Argentinako hainbat unibertsitateetan ikerketa operatiboa gaia zientzia eta teknologiako ikasketetan txertatzen ari ziren eta, hori zela eta, Magdalena irakasle lanetara bueltatu zen.

Argentinako bost unibertsitateetan klaseak eman zituen eta 1960. urtean, 34 urte zituelarik, Argentinako Unibertsitate Katolikoko Zientzia Fisikomekaniko eta Ingeniaritzako Fakultateko sortzaileetariko bat izan zen. Urtebete beranduago, Argentinako Energia Atomikoko Batzordeko partaidea zen eta sasoi hartan, Buenos Aireseko Unibertsitateko Kalkulu Institutuan jaso berri zuten Clementina superordenagailuarekin frogak egin zituen lehenetarikoa izan zen. Ordenagailua erabiliz, ekuazio diferentzialen sistemaren bi arazo ebaztea lortu zituen.

2. irudia: Clementina superordenagailua. Helburu zientifikoetarako Argentinan erabili zuten lehen konputagailua.
2. irudia: Clementina superordenagailua. Helburu zientifikoetarako Argentinan erabili zen lehen konputagailua.

Energia Atomikoko Batzordean garatzen ari ziren RA1 erreaktoreko lantaldeko kidea zen une hartan eta ordenagailuarekin lortutako emaitzak lagungarriak izan zitzaizkion lan hartan. Erreaktoreko lantaldera sartu zen Carlos Guido Bollini fisikariarekin batera, sorrerako taldea indartzeko asmoz. Proiektu honetan lanean hasteko, erradiokimika, elektronika eta erreaktoreen teoriei buruzko ikastaroak egin behar izan zituen.

1966. urtean Onganía jeneralak estatu kolpea eman zuenean Unibertsitate estatalean zegoen irakasle lanetan. Errepresioa jasan zuen erregimenaren aurka agertu baitzen eta irakaskuntza mundua utzi behar izan zuen. Urte batzuen ostean unibertsitatera bueltatu zen irakasle lanetara eta orduan hasi zen matematika eta zientzia-fikzioa uztartzen.

1968. urtean Gu ta Gutarrak ipuina idatzi zuen. Aitonaren izen bereko bertso baten izenburua hartuta, Magdalenak euskaldun batzuk denboraren makinan egindako bidaia kontatzen zuen umorez. Argentinako Zientzia-fikziozko Bigarren Konbentzioan lehen saria irabazi zuen ipuinak eta 1970. urtean, Nueva Dimensión aldizkari espainiarraren 14. zenbakian argitaratu zuten. Handik egun batzuetara, Ordena Publikoko Auzitegiak aldizkaria merkatutik erretiratzeko agindua eman zuen, ipuinaren edukiak Espainiako batasuna kolokan jartzen zuela argudiatuz.

Ipuina frantsesez, alemanez, suediarrez, finlandierez eta ingelesez argitaratu da eta urte batzuk beranduago Nueva Dimensión aldizkarian argitaratu zuten, Franco hil ondoren. Magdalena 2005. urtean zendu zen Mar del Platan.


Zizurkilgo Pedro Mari Otaño bertsolariak 1899. urtean La Baskonia aldizkarian argitaratu zuen bertsoa eta haren bilobak, Magdalenak, oinarritzat hartu zuena Gu ta Gutarrak ipuina idazteko:

GU TA GUTARRAK
“Zer da Euskera, nor da euskaldunak,
zeiñ, ta nongotarrak dira?
Galdezka daude atzerritarrak
alde ontara begira,
mundu gustyan bere berdiñik
ez duben Euskal errira.
Eziñ ikusi gaituste ondo,
irten gautezen argira,
iñork mantxarik sortu ez dezan
gure jatorri garbira“.

Iturriak


Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.


1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.