Josefa Molera Mayo (1921-2011): Izabatik kimikaren historiara

Uxune Martinez

“Literatura eta artea ditut gogoko eta ez dakit nola pasatu dudan bizitza oso bat zientzian murgilduta, hain zoriontsu.” María Josefa Molera Mayo

Neguan jaio zen, neguak latzak diren herri txiki batean, Izaban. 1921eko urtarrilaren 23an etorri zen mundura kimikari aitzindari bat Erronkariko bailaran, Maria Josefa Molera Mayo. Irudimenez jositako emakumea izan zen. Hiru seme-alaben ama. Kimikako bi Nobel Saridunen ikaslea izan zen. Zorrotza eta zehatza lanean. Gerran sufritu zuenaren eraginez, izaera gogorrekoa baina atsegina eta lagunkorra ikertzaile gazteekin, eurengandik ikasteko prest zegoen beti. 1958-1961 tartean AEBko Armadako Departamentuak kontratatu zuen ikerketa-talde bat zuzentzeko eta haren esanetan, “amerikarren presiopean” lan egitea zer zen ezagutu zuen.
Josefa Molera 1985. urtean CSICeko Rocasolano Institutuko laborategian.

Josefa Molera 1985. urtean CSICeko Rocasolano Institutuko laborategian.

Josefa Molerak 1942. urtean burutu zituen kimikako ikasketak Madrilgo Unibertsitate Zentralean oso egoera kaxkarrean. Haren familiak makinatxo bat sufritu zuen Gerra Zibilean, hainbat zigor pairatu baitzituen eta horren eraginez, hamaika oztopo gainditu behar izan zituen ikasketak burutzeko. Hala ere, Kimikan lizentziatu zen nota bikainekin epe laburrean, hiru urtetan. Ikasketak bukatu ondoren, soldatarik gabeko irakasle laguntzaile lanpostu bat lortu zuen Kimika Teknikoko Katedran. Irakasle lanak ez zion ematen bizitza aurrera ateratzeko aukerarik eta kimikako klase partikularrak ematen zituen bizirauteko.

Kimikako Katedrako zuzendaria zen Antonio Ríus Miró irakaslea, CSICeko “Alonso Barba” Kimika Institutuko zuzendariordea zen ere eta bertako laborategietan tesia egiteko aukera eskaini zion Josefari. Tamalez, Institutuko zuzendaria zen José Casares Gilek ukatu egin zion sarbidea, erakundean emakume ikertzailerik ez zegoela argudiatuz. Baina Josefak ez zuen baztertu tesia egiteko aukera eta Ríus “Rocasolano” Kimika Fisikoko Institutuaren zuzendari izendatu zutenean bertako laborategian lanean hasi zen bekadun moduan. Laborategiko lanarengatik ordaintzen ziotenak ez zion ematen bizitzeko eta irakasle lanetan jarraitu behar izan zuen.

1948. urtean doktorego titulua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, bikain cum laude eta Aparteko Saria jasoz egindako lanarengatik. Tesian merkuriozko elektrodoen aplikazioen inguruan lortutako emaitza bikainak zirela eta, Rocasolano Institutuan kolaboratzaile lanpostua lortu zuen. 1950. urtean ikertzaile gazteak atzerrira joateko programa zabaldu zuten Institutuan eta Josefa Molera Oxfordera joan zen, 1956. urtean Kimikako Nobel saria jaso zuen Cyril Norman Hinshelwoodek zuzentzen zuen laborategira. Hinshelwoodek ez zuen begi onez ikusi Josefaren etorrera, emakumea baitzen, baina ikertzaile gazteak irakaslearen aurreiritziak garaitu zituen pertseberantziaz.

Britainia Handitik bueltatu zenean, atzerrian ikusitakoa jarri zuen praktikan eta estatuan egin zen lehen gasen kromatografoaren sortzaileetariko bat izan zen. Sasoi hartan, 1951ean, ez zuten dirurik erreminta eraikitzeko eta laborategietan teknika sinpleak erabiltzera behartuta zeuden, beraz, inguruan zituzten baliabideak erabiliz egin zuten “etxeko kromatografo bat”. Horrez gain, ikerlerro berri bat eratu zuen Kimika Fisikoko Institutuan: gas-fasean zeuden konposatu organikoen pirolisi eta oxidazio erreakzioak tenperatura baxuetan ikerketa lerroa. Eta, Zinetokimikako Saila sortu eta zuzendu zuen erretiratu zen arte, 1986. urtean.

1959ean Sheffieldeko Unibertsitatera joan zen, 1967. urtean Kimikako Nobela jaso zuen George Porter zientzialariarekin erreakzio kimiko arinen teknikak sakontzera. Teknika berriak ziren eta institutuan jarri zituen martxan bueltatu zenean. Gas-likidoko kromatografiaren bidezko erreakzio kimikoen metodoak garatu zituen estatuan eta hauek inplementatu zituen, adibidez, ardoen eta bestelako alkoholdun edarien analisietan.

Bide luzea egin zuen zientzian, mila oztopo gaindituz. Ibilbide honetan postu guztietatik pasatu zen: bekadun, laguntzaile, irakasle, idazkari, ikertzaile eta saileko zuzendari. 17 doktorego-tesi zuzendu zituen. 76 ikerketa-lan argitaratu zituen. Hainbat sari jaso zituen egindako lanarengatik, besteak beste, CSICeko Alfonso X el Sabio saria, gasen kromatografiari buruzko lan onenarengatik Perkin Elmer Hispania saria, Espainiako Fisika eta Kimikako Erret Elkartearen Kimikako domina.

María Josefa Molera Mayo kimikari nafarrak kimika sistema aurreratuak inplementatu zituen estatuan eta honi zor zaio, egun ezagutzen diren ikerkuntza eta garapen sistemaren oinarri berriak.

2011an zendu zen Madrilen, 90 urte zituenean. 2013ko maiatzean Iruñeko Udalak onartu zuen hiriko kale bati Josefa Molera Mayo izena jartzeko proposamena.

Iturriak:

  • Cabezudo, Lola (1998): “Palpando la memoria”. Boletín del Grupo de Cromatografía y Técnicas Afines de la Real Sociedad Española de Química, 19 (I). alea, 5-10.
  • Iruñeko Udala/Ayuntamiento de Pamplona (2013): Acta del pleno municipal 07-03-2013 (13/MO).
  • Ministerio de Asuntos Sociales, Instituto de la Mujer (2001): La otra mitad de la ciencia.
  • Ulises Acuña, A., Santiuste, Jose Mª (2013): “María Josefa Molera: cinética, fotoquímica y cromatografía en la España de 1940 a 1980”. Anales de Química, 109 (I). alea, 31-33.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

January 23, 1921: Birth of influential chemist Josefa Molero – Basque Books and More...

[…] Information taken from Uxune Martinez, “Josefa Molero Mayo (1921-2011): Izabatik kimikaren historiara,” Zientzia Kaiera. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>