Dorothy Crowfoot Hodgkin (1910-1994): ikusezina ikusgai egin zuen emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Oso zaila izan ohi da ikusten ez dugun zerbait nolakoa den imajinatzea. Antonio Martínez Ron kazetaria ikusmenak, gainontzeko zentzumenen aurrean, historian zehar izan duen garrantziaz (zergatik ikusten dugu ikusten dugun moduan?), begiez, koloreaz eta argiaz mintzo da El ojo desnudo liburuan eta azaltzen du, besteak beste, nola hasiera-hasieratik gizakiok hauteman dugun mundu erreal hori begien bitartez, nagusiki, eta tramankuluez lagunduta ere, errealitatea(k) eraikitzeko eta, beraz, zientzia ulertzeko.

Liburu horretan, Bernard Le Bovier de Fontenelle filosofoaren hitzak biltzen ditu autoreak, zeinak esaten duen mundua ulertzeko sortu dituzten teoriak bi ezaugarriri esker egin ditugula: kuriositatea eta bista txarrekoak izatea. Gaineratzen du, gure arazoa betidanik izan dela ikusten ditugun baino gauza gehiago jakin nahi ditugula.

1. irudia: Dorothy Crowfoot Hodgkin kristalografoa 1964. urtean, Kimikako Nobel saria irabazi zuenenean. (Argazkia: Wikipedia – Domeinu publikoko argazkia)

Zientzialari batzuek arazo hori abantaila bihurtu dute, Dorothy Crowfootek kasu. Kimikari honek begi-bistan ez zuena ikusi eta ulertu nahi zuen. Harentzat beharrezkoa zen molekulak ikustea eta horien egitura zehaztea, organismoan nola funtzionatzen zuten jakiteko. Ikusmin horrek eraman zuen Kimikako Nobel saria irabaztera, 1964an. X izpien difrakzio teknikaren bidez molekula organiko konplexuen hiru dimentsioko egitura zehazteagatik lortu zuen, hain zuzen. Ikertu zituenen artean zeuden pepsina, esterolak (kolesterola, adibidez), penizilina, B12 bitamina (90 atomo baino gehiagoko egitura du, konplexuenetarikoa da) eta geroxeago, intsulina, bere proiektu nagusietako bat. Atomoen disposizioa ikertzeko une hartako teknikarik berriena eta zehatzena erabili zuen: kristalografia. Hala, substantzia horien egitura ezagutzeak lagundu zuen hainbat gaixotasuni aurre egiteko tratamendu berriak diseinatzen, diabetesarena, esaterako.

Kristalografiaz maiteminduta

Dorothy Crowfoot Hodgkin 1910ean jaio zen El Cairon baina Ingalaterran bizi izan zen txikitatik. Liburu batek piztu zuen bere zientziarako grina. 15 urterekin William H. Bragg (Fisikako Nobel saria irabazi zuen 1915ean) kristalografia kimikoan aditu zenaren The Nature of the Things irakurri egin zuen. Hori gutxi balitz bezala, hamar urterekin jada esperimentuak egiten omen zituen bere etxean. Unibertsitatera joateko unea heldu zenean, Oxforden kimika ikasi nahi zuela erabaki zuen. 1928tik 1932ra bitartean egin zituen ikasketak eta azken urtean X izpien kristalografian espezializatu zen.

Irakasle esanguratsu mordoa izan zuen inguruan, hala nola Robert Robinson (Kimikako Nobel saria 1947an), Cyril N. Hishelwood (1956ko Fisikako Nobel saria) eta beste hainbat hizlari gonbidatu: Ernest Rutherford (Kimikako Nobel saria 1908an), Niels Bohr (Fisikako Nobel saria 1922an) eta Peter Debye (Kimikako Nobel sariduna 1936an). Halere, gehien gustatu zitzaion hitzaldia John D. Bernal kristalografoarena izan zen. Horiek hola, tesia berarekin egitea erabaki zuen Cambridgeko Unibertsitatean, hari interesatzen zitzaion gaian aditua baitzen. Aipatzekoa da, graduatu ostean, zaila izan zela Crowfootentzat lana topatzea emakumea zelako; hainbatek sufritu zuten patua zen, zoritxarrez. Dena dela, Emakumeen Eskoletan eta Somerville Collegen kimikako irakasle izan zen. Geroxeago, unibertsitateko irakasle bihurtu zen baita hizlari ere. Esan bezala, tesian esterolak izan zituen ikergai eta 1934an amaitu zuen doktoregoa. Hori egiten zuen bitartean, bere lehenengo artikulua publikatu zuen Herbert Marcus Powellekin batera.

2. irudia: Oxforden Dorothy Crowfoot ikertzailearen oroimenez jarrita dagoen plaka. (Argazkia: Owen Massey McKnight / Wikimedia CC BY-SA 2.0 lizentziapean)

Molekulak ikusi nahi ditut

Crowfootek ez zuen bide erraza izan inondik inora, X izpien difrakzioaren teknikak buruhauste franko sortu zizkion. Oso pertsona metodikoa zen bere lanean: kristal bakoitzaren argazkiak egiten zituen, plaka fotografikoetan argi-punturen intentsitatea eta disposizioa zehazten saiatzen zen eta, horretaz gain, kalkulu matematiko amaigabeak ebazten zituen. Horrek denbora eskatzen zuen, jakina, une hartan ez zuelako lagungarria izan zitekeen ordenagailurik. Bestalde, artritis erreumatoidea diagnostikatu zioten; bere eskuak tolesten eta deformatzen hasi zitzaizkion. Dena dela, lanean jarraitu zuen; doktoregoa lortu ondoren, Oxfordera itzuli zen ikerketarako lanpostu bat lortu zuelako.

Bertan, substantzia biokimiko garrantzitsu batzuen hiru dimentsioko egitura zehaztea lortu zuen X izpien difrakzio teknika onduz. Horien artean, pepsina, kolesterola, penizilina, B12 Bitamina eta intsulina, besteak beste. Konturatu zen molekula horien arkitekturak zerikusia izugarria zuela euren jokabide eta funtzioekin. Hortaz, horien egitura ezagutzeak gaixotasun batzuk tratatzen lagunduko zuela iritzi zion. Lortutako ezagutza oro bildu zuen Sobre los esteroles, vitaminas y antibióticos liburuan.

Nobel saria lortzeaz gain, 1947an Londresko Royal Society-ko kide izendatu zuten eta 1958an, Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiakoa. 1977tik aurrera, erretiroa hartu zuen eta ikerketa-lana utzi bazuen ere, asko bidaiatu eta anitz konferentziatan esku hartu zuen. Dorothy Crowfootek taxutu zuena magiatik oso hurbil dagoela pentsa dezakete gehienek. Bere lana egiteko baina ez zuen trikimailurik erabili, hark zientzia egin zuen.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.