Dorotea Barnes (1904-2003): Ulisesen bidaia hasi zuen kimikari nafarra

Uxune Martinez

“Semeak ezkon daitezela, baina nire alabek ikas dezatela”
Francisco Barnes Salinas (1877-1947), II. Errepublikako Hezkuntza ministroa.

Francisco Barnes sevillarra institutuko Historiako katedraduna zen. Lau alaba izan zituen Dorotea Gonzalez madrildarrarekin: Dorotea, Adela, Petra eta Angela. Ideia liberalak zituen Barnes-Gonzalez bikoteak ikasteko grina piztu zien alabei. Laurak hartu zuten unibertsitateko bidea eta bakoitza jakintza-alor baten murgildu zen.

Zaharrenak, Doroteak, kimika ikasi zuen eta haren analisi kimikoetara aplikatutako espektroskopia lana aitzindaria izan zen. Horrez gain, XX. mendeko hasieran zistinari (gernuan eta maskurian sortu ohi diren harrietan azaltzen den aminoazidoa) buruzko nazioarteko aditua zen. Gerra zibilak eta, 1996. urtean aitortu zuen bezala, senarrak ikerketa albo batera uztera behartu zuten 1904. urtean Iruñean jaio zen kimikaria.

1. irudia: Dorotea Barnes 1932. urtean Austrian Friedrich Kohlrausch irakaslearen laborategian lanean.

1. irudia: Dorotea Barnes 1932. urtean Austrian Friedrich Kohlrausch irakaslearen laborategian lanean.

Dorotea Barnes Gonzalez 1904ko abenduaren 21ean jaio zen Iruñean. Aita irakaslea zuen Barnes-Gonzalez familian hezkuntza hizpide zen eta baita ere aukera-berdintasuna. Horren ondorioz alabak unibertsitatera joan eta ikasketak burutzea helburu izan zuen Barnes-Gonzalez bikoteak. Nafarroatik Avilako institutu batera bidali zuten aita lanera eta familia bertara joan zen 1918. urtera arte. Doroteak bertako institutu batean ikasi zuen Batxilergoa eta bukatu ondoren, 1923. urtean, Madrilera joan zen familiaren ondora. Hogei urte zituenean kimika ikasten hasi zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean eta 1931. urtean kimikan doktoratu zen ikasketa bukaerako aparteko saria jasoz.

Ikasten zuen bitartean Espainiako Fisika eta Kimikako Elkartean parte-hartu zuen eta emakumeen unibertsitate-ikasketak bultzatzeko Madrilen Maria de Maeztuk zuzentzen zuen Emakumeen Erresidentziako Foster laborategiko ikastaroetako ikaslea izan zen.

2. irudia: Emakumeen Erresidentzian zegoen Foster laborategia.

2. irudia: Emakumeen Erresidentziako Foster laborategian ikasleak praktiketan. (Argazkia: Nazioarteko Institutuaren Artxiboa. Eulalia Lapresta legatua.)

Ikasle haren dohainak arin antzeman zituen Mary Louise Foster biokimikariak eta laborategiko sortzaileak, eta honi esker Doroteak 1929. urtean atzerrian egonaldia bat egiteko aukera izan zuen. Lehenengo AEBetara joateko diru-laguntza eman zioten eta Massachusettseko Smith Collegen egon zen analisi espektralen teknikak ezagutu eta hauen aplikazioak ikertzeko. Bertan, Gladys Anslow fisikariak gidatuta lortu zuen zientzietan graduondokoa (Master Degree of Science) 1930. urtean Zistinaren ezaugarri kimikoak eta honen absortzio-espektroa ikerketa-lana burutzeagatik. Ondoren, zistina oinarri hartuta garatu zuen doktorego-tesia. Ikertzaileak egindako lana erreferentziazkoa bihurtu zen eta analisi kimikora aplikatutako espektroskopian eta zistinari buruzko gaietan aditua bilakatu zen Dorotea Barnes.

Ikertzaile trebea eta ekintzailea zen Dorotea eta Smith Collegen egon ondoren, emakumeak onartzeko hamaika eragozpen zituen Yaleko Unibertsitatean ikertzeko diru-laguntza bat eskuratu zuen haren lan eta ibilbide distiratsuari esker. Yalen bakterio patogenoetan dauden azido nukleikoen azterketa konparatiboa gauzatu zuen eta behin bukatuta etxera bueltatu zen. 1932tik 1934ra bitartean Miguel Catalán kimikariaren ikerketa-taldeko kidea bihurtu zen Fisika eta Kimikako Institutu Nazionaleko Espektroskopia sailean. Ikerketa-taldean zegoela, Raman espektroskopiaren teknika berriak ezagutzeko K.W. Fritz Kohlrausch fisikari austriarraren laborategian hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Catalánek eskatuta. Substantzia kimikoen molekulak ezagutzeko teknika berriak ikasi zituen eta berak inplementatu zituen estatuan 1932. urtean. Izan ere, Dorotea Barnes da Raman espektroskopiari buruz Espainian idatzi zen lehen artikulu zientifikoaren egilea.

Ikerkuntza albo batera utzi gabe, 1933. urtean Madrilgo Lopez de Vega Institutuko Fisika eta Kimika katedra lortu zuen eta irakasle lanetan hasi zen bertan. Urte berean Madrilen izan zen Kimika Huts eta Aplikatuko IX. Nazioarteko Kongresuan hitzaldia eman zuen egindako ikerketa-lanen berri emateko. Erakutsitako emaitzek nazioarteko zientzialarien begirunea, oniritzia eta zorion-hitzak irabazi zituzten eta Dorotea Barnes Kimika Puru eta Aplikatuko Nazioarteko Batasuneko (IUPAC) Kimika Biologikoko eta Aplikatuko idazkari izendatu zuten.

Politikarekin zerikusia ez zuen arren aitak erbesteratzeko eskatu zion, II. Errepublikako ministroa izan zen aitaren eginkizun politikoarengatik zigortu ez zezaten. Carcasonan erbesteratu zen senarra eta alabarekin eta 1940. urtean Espainiara itzuli zen. Hantxe bukatu zen Dorotea Barnesen ibilbide zientifikoa.

Doroteak ikerketa-lan garrantzitsua egin zuen XX. mendeko bigarren hamarkadan eta emakumeek ere ikertzeko gaitasuna zutela erakutsi zuen. Raman espektroskopian aditua zen emakume honek substantzia kimikoen informazio molekularra eskura dezaken teknika ekarri zuen estatura; medikutzan, farmakologian, industrian eta beste hainbat arlotan aplikazioa duen teknika.

Manuel Cossio pedagogo errioxarra Barnes familiaren laguna izateaz gain, Dorotearen lagun mina, adiskidea eta aholkularia izan zen. AEBetan ikertzen zegoenean Cossiok honako aholkua eman zion ikertzaile gazteari eskutitz batean: “Ez zaitez isolatu, ez aldendu jendearengandik, irten kalera, paseatu, hitz egin zure lankideekin, ezagutu beste paraje batzuk, bidaiatu. Izan ere, Ulises jakituna izan zen munduan zehar ibili zelako”.

Ulisesen antzera batetik besterako bidea abiatu zuen kimikari nafarrak bidaia laburra egin zuen zientzian. 92 urte zituenean elkarrizketa baten aitortu zuenez, senarrak urrundu zuen bide hartatik. Dorotea Barnes Gonzalez 2003. urtean zendu zen Malagan.

Iturriak:

  • Alcalá Cortijo, Paloma; Corrales Rodrigáñez, Capi (2014): “La saga de las Barnés: Dorotea (1904-2003), Adela (1908), Petra (1910-1992) y Ángela (1912)“. Mujeresconciencia.com, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, Bilbo, 2014-IX-29.
  • Auñamendi Entziklopedia: Dorotea Barnés González.
  • González Ibañez, Carlos; Santamaría García, Antonio: Física y química en la colina de los chopos. 75 años de investigación en el edificio Rockefeller del CSIC (1932-2007), CSIC, 2009, Madril.
  • Magallón Pórtoles, Carmen (2005): “Pioneras españolas en las ciencias experimentales”. 100coas@Uned, 8. alea, 127-135.
  • Magallón Pórtoles, Carmen (2004): “Científicas en las Sección de Rayos X del Rockefeller” in Francisco González de Posada et. al. (arg.) Actas del III Simposio “Ciencias y Técnica en España de 1898 a 1945: Cabrera, Cajal, Torres Quevedo (2001)”. Amigos de la Cultura Científica, Madril, 43-52.
  • Magallón Pórtoles, Carmen (1998): Pioneras españolas en las ciencias. Las mujeres del Instituto Nacional de Física y Química. CSIC, Madril.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>