2015a, argiaren inguruko ezagutza piztu dutenen omenez

Dibulgazioa

Abiatzear da Argiaren Nazioarteko Urtea. Besteak beste, Optikaren liburuak mila urte bete dituela ospatzeko balioko du, bai eta Ibn al-Haytham bere egileak zientziari egindako ekarpen handia goraipatzeko ere.

“Argiak bizitza ematen digu fotosintesiaren bitartez; denboran atzerantz begiratzeko aukera ematen digu, Big Bang kosmikorantz; eta lagundu egiten digu zentzumenen jabe diren Lurreko beste izakiekin komunikatzen. Gainera, espazioaren esploraziorako garatu diren optikaren eta fotonikaren alorreko teknologiek ekarpena egin dute eguneroko bizitzan, hortik abiatuta bestelako aplikazio baliotsuak sortu baitira”.

John Mather astrofisikariak hala deskribatu du argiak duen berebiziko garrantzia, eta ondo daki zertaz ari den, Big Bangaren teoria egituratzeko ezinbestekoa izan baitzen bere lana, eta 2006ko Nobel saria eman zioten horri esker. Bihar hasiko den 2015a Argiaren Nazioarteko Urtea izendatu du Unescok, eta horren harira egin ditu adierazpenok Matherrek. Ez dira motibo gutxi, bizitzaren ezinbesteko osagai honi 365 egun eskaintzeko.

Let there be a Year of Light (izan bedi urte bete argi) da Argiaren Nazioarteko Urtearen leloa, eta urtarrilaren 1arekin abiatuko bada ere, aurkezpen ofiziala hilaren 19 eta 20an egingo dute Parisen, Unescoren egoitzan. “Argian oinarritutako zientziak teknologian duen garrantziaz arreta erakarri nahi dugu. Gure helburua da gizarteei sustengua ematea energia eraginkortasunaren eta argi adimendunaren alorreko erronkak har ditzaten, eta hala garapen jasangarrira heltzeko bide berriak urra ditzaten”, azaldu du Irina Bokova Unescoko zuzendari nagusiak.

1. irudia: Argiaren Nazioarteko Urtearen logoa. (Argazkia: Unesco)
1. irudia: Argiaren Nazioarteko Urtearen logoa. (Argazkia: Unesco)

Edozein une izan liteke egokia argiaren urtea ospatzeko, baina 2015a aukeratu izana ez da ausazko kontua. Hain zuzen ere duela mila urte, argiaren zientzian mugarri izan den zazpi bolumeneko liburu sorta bat plazaratu zen: Kitab al-Manathir, edo Optikaren liburua, Ibn al-Haytham zientzialari arabiarrak idatzia. Lehen hiru aleetan begiaren fisiologiaz eta pertzepzioaren teoriaz dihardu, eta hurrengo lau aleetan, optika fisikoaz.

Ibn al-Haytham optika modernoaren, oftalmologiaren eta fisika esperimentalaren aita dela esan ohi da. Bai eta metodo zientifikoarena ere, eta aipaturiko liburu sorta da horren lekuko: esperimentuen deskribapen zorrotza egiten du bertan, baliatutako gailuak eta haren funtzionamendua zehaztuz, bai eta hartutako neurriak zein emaitzak ere. Bere teoriak garatzeko matematika (geometria) ereduak aplikatzen zituen, eta teoria horiek egiaztatzeko egiten zituen aipaturiko esperimentuak. Ez alferrik, benetako lehen zientzialaria izan zela ere esaten dute askok.

Basoran (gaur egungo Irak) jaio zen k.o. 965. urtean, eta Kairon (Egipto) hil, k.o. 1040.ean. Guztira 96 liburu idatzi zituela uste da, baina 55 besterik ez dituzte aurkitu. Denbora luzez bizi izan zen Egipton, eta bertan zela, hamar urte igaro behar izan zituen etxean preso; atxikitze horretan idatzitako lana da Optikaren liburua.

2. irudia: Argiaren Nazioarteko Urtea ospatzeko egindako zenbait posterren bilduma. (Argazkia: © Offenburg University)
2. irudia: Argiaren Nazioarteko Urtea ospatzeko egindako zenbait posterren bilduma. (Argazkia: © Offenburg University)

Ibn al-Haythamek garai hartan iraultzaileak ziren ekarpenak egin zituen; adibidez, argiaren jatorriari buruz. Orduan, batzuek uste zuten argi izpiak begietatik ateratzen zirela, eta beste batzuek zioten zerbait sartzen zela begietan, eta horrela irudikatzen zirela objektuak. Berak frogatu zuen argia ikusmen prozesuaren osagai ezinbestekoa eta independentea dela. Camera obscura (ganbera iluna) delakoa erabili zuen horretarako, erakutsiz zulo txiki bat aski dela irudi oso bat proiektatzeko. Duela mila urte bizi izan zen zientzialari honek oinarria jarri zuen, eta ondoren, beste askoren ekarpenari esker, ikasi dugu giza begiak nola antzematen duen argia. Nolabait, argazkilaritzaren aitzindaria izan zela ere esan daiteke.

Islamaren Urrezko Aroa deritzon garaian bizi izan zen Ibn al-Haytham, eta berak eta beste zientzialari arabiar askok orduan egindako ekarpen mordoa goraipatzeko ere baliatuko du Unescok Argiaren Nazioarteko Urtea.

Dena dela, Optikaren liburuaren agerpena izan arren argiarekin lotutako 2015eko urteurren borobilena, ez da bakarra. Beste gertakari edo aurkikuntza hauengatik ere hasiko gara bihar ospatzen Argiaren Nazioarteko Urtea:

1815: Augustin-Jean Fresnel. Argiaren uhinen teoria.

1865: James Clerk Maxwell. Uhin elektromagnetikoak.

1915: Albert Einstein. Erlatibitatearen teoria orokorra: argia espazioan eta denboran.

1965: Arno Penzias eta Robert Wilson. Mikrouhinen hondo kosmikoa.

1965: Charles Kao. Zuntz optikoa.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.