Asteon zientzia begi-bistan #40

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: CBS, The Big Bang Theory
Argazkia: CBS, The Big Bang Theory

Goroldioa apaingarri bezala erabiltzen da Gabonetan. Gizakiak erabili izan du landare hau aspalditik. Sasoi baten, adibidez, umeentzako pixoihalak egiteko erabiltzen zen, xurgatzaile aparta baita. Azken datuen arabera, 18.000-20.000 espezie inguru daude Lurrean; 1.000-1.100 Iberiar penintsulan eta 666 Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina, goroldioaren %10 dago galtzeko arriskuan. Berrian kontatzen digu Arkaitz Almortzak: Balio handiko landare txikia.

EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldean Nao robot humanoidearekin ari dira lanean, pertsona-robot elkarrekintza lantzen. Ez dira bakarrak, adibidez, robotika alorrean beste talde batzuk ikusmen artifiziala ikertzen dihardute. Irudi digitalen bidez, gailuak informazio esanguratsua atera beharko du, hala nola pertsonak identifikatu, aurpegi ezberdinak ezagutu eta ezaugarri emozionalak jasotzeko. Arkaitz Almortzak hurbiltzen digu gaia Berrian: Adimen artifizialaren gizartera.

Elena Cattaneo zientzialari italiarra aditua da zelula ametan. Bioteknologo hau, Europako ikertzaile ospetsuenetariko bat da, batez ere, Huntingtonen gaitzari buruzko aurkikuntzek direla eta. Arantxa Iraolak elkarrizketatu du Berrian haren ikerkuntzaz hitz egiteko. Cattaneoren ustez zelula amak aukera bikaina dira gure fisiologiaz, gure ehunez gehiago jakiteko. Baina poliki-poliki joan behar da, esperantza faltsurik eman gabe: Agian gehiegi goratu zen zelula amen inguruko itxaropena.

1880-1890 tartean elektrizitatearen merkatuko kontrolaren lehia bizi izan zen AEBn. George Westinghouse enpresaria eta ingeniaria korronte alternoaren aldekoa zen; Thomas Edison asmatzailea eta ingeniaria, korronte zuzenaren aldekoa, aldiz. Hori zela eta, Westinghouse eta Edison aurkari porrokatuak izan ziren. Lehia muturreko gaietara eraman zuten. Adibidez, sasoi hartan exekuzioak egiteko abian jarri zen aulki elektrikora. Gailuarentzako energia egokiena korronte alternoa zela azpimarratzen zuen beti Edisonek eta kontrakoa Westinghousek. Argian irakur dezakegu, Nagore Irazustabarrenaren eskutik: Edison, aulki elektrikoa eta konkurrentzia desleiala.

Elektrizitatetik argira. Unescok 2015a Argiaren Nazioarteko urtea izendatu du. Izendapen hau, besteak beste, Ibn al-Haytham zientzialariak Optikaren liburuak mila urte bete dituela ospatzeko balioko du, bai eta Ibn al-Haytham bere egileak zientziari egindako ekarpen handia goraipatzeko ere. Baina ez da arrazoi bakarra, bizitzaren ezinbesteko osagaia dugu argia, berebiziko garrantzia du eta hori dela eta, eskaintzen dizkio Unescok 365 egun: 2015a, argiaren inguruko ezagutza piztu dutenen omenez.

2105a hasi berria dugu. Lehen hilabetean gaude oraindik eta beste hamaika ditugu aurretik. Egutegiaren bidez denbora neurtzen dugu eta neurtzeko modu hau aspalditik datorkigu. Eskuartean dugun egutegia, egutegi gregoriarra edo gregorianoa da. 1582. urtean Gregorio XIII. aita santuak hau jarraitzeko agindua eman zien munduko herrialde katolikoei eta bere omenez darama izena. Baina egutegi honen sortzailea beste bat izan zen, Aloysius Lilius astronomo italiarra. Uxune Martinezek kontatzen digu Zientzia Kaieran: Aloysius Lilius astronomoa da gure egutegiko aita.

Zientzia euskaraz dibulgatzeak balio erantsia duela diosku Josu Lopez-Gazpio ikertzaileak Zientzia Kaieran. Dibulgazioaren bidez, zientzia hedatu egiten da gizartea jantziagoa bat lortuz. 2014. urtean euskarazko zientzia-dibulgazioak eman duena errepasatzen du Josuk: ekimenak, hainbat eragileen lana, hau da, kultura zientifikoa zabaltzearen aldeko apustua egiten dutenena. Urte emankorra izan zen 2014. urtea, ea 2015a iazkoa bezain oparoa bilakatzen den: Zientziaren dibulgazioa euskaraz. Lekuz kanpo gaude? (I)


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.