Asteon zientzia begi-bistan #31

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Ion Markel - @ionmarkel

Argazkia: Ion Markel – @ionmarkel

Asteari hasiera eman genion ikasketa gainbegiratua zer zen ezagutuz. Gorka Azkune informatikariak eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak hainbatetan azaldu digu makinek ikasteko gai direla eta, Amazon bezalako dendek badakitela zer iradoki euren atarira hurbiltzen garenean. Magia badirudi ere, guzti honek azalpena du, makinari adibideak ematen zaizkio adibide horietatik eredu bat ikas dezan. Baina zer du oinarrian prozesu horrek? Erregresio lineala. Zientzia Kaiera blogean: Ikasketa gainbegiratua (I).

Teknologiak aurrera egiten du eta aplikazio berriak hainbat alorretan ikus ditzakegu. Elhuyar aldizkarian Nagore Rementeriak erakusten digu, esaterako, benetako besoen antza handia dituzten beso artifizialak. Medikuntzan teknologiak gaitu dituen beso hauek, adibidez, ukimen naturalaren antzeko sentsazioak dituztela esan daiteke: Beso artifizialak, haragizkotik gertuago.

IK4-IKERLAN zentro teknologikoak Arrowhead proiektu europarrean parte hartzen du. Proiektu honen xedea da egunero erabiltzen diren objektuak Internet bidez elkarrekin konektatzea, enpresek eta kontsumitzaileek energia ahalik eta hoberen erabil dezaten eta baita ere, zerbitzu berriak abian jarri ahal izateko. Egoitz Gagok kontatzen digu Guk Komunikazioaren gunean: Energia aurreztea gauzen Internetari esker.

Neandertalgo gizakiaren sasoian komunikatzeko Internetik ez zegoen, bai, hori bistakoa da. Baina zerbait esan nahian, ondorengoei adierazteko eurak ere hor egon direla ere, adierazpen grafikoak utzi zizkiguten. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean, ustez neandertalek Gibraltarko Gorhameko kobazuloan utzitako markei buruz hitz egiten digu. Neandertal artea izan daitezkeen seinaleak etorkizunekoentzat.

Amaia Portugal kazetariak ere duela 45.000 urte dituen aztarna bati erreparatzen dio. Siberian bizi zen gizon baten izterrezur bat aurkitu zuten ikertzaileek eta orain horri esker, gizonaren genoma sekuentziatu ahal izan dute. Emaitzen arabera, ‘Ust-Ishim-eko gizona’ izenarekin bataiatu duten gizaki honen DNAren %2a dator Neandertalgo gizakiarengandik: Gizaki modernoenetan zaharrena.

Ana Galarragak Munduko Osasun Erakundeak egin duen iragarpen bati buruz hitz egiten digu Elhuyar aldizkarian. Izan ere, duela gutxi ebolaren aurkako txertoa 2015erako prest izango dela jakinarazi du. Egun, bi txerto ari dira probatzen pertsona osasuntsuetan eta laster Afrika mendebaldean proba zabalak egiteko moduan egongo direla uste du Osasun Erakundeak.

Eider Cartonek aldiz, Cincinnatiko Haur Ospitaleko Zentro Medikoan giza zelula amekin sortu duten urdail-ereduaren berri ematen digu. Eredua urdaileko gaitzak ikertzeko baliagarria izango da. Elhuyar aldizkarian: Giza zelula amekin sortutako urdail txiki bat. Eta, Egoitz Etxebestek oso gauza interesgarria dakarkigu bertan, ba al dakizue geneak zein ordutan espresatzen diren argitu dutela? Ba bai, Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaileek bost urtez ikertu dute saguen genomaren espresioaren ordutegia eta emaitzen arabera, egunsentia eta ilunabarra baino lehen espresatzen dira gehien geneak, baina gorputzeko organoaren arabera erritmoa desberdina da: Geneen ordutegia.

Eta errepaso honi bukaera emateko Argia aldizkarian Joxerra Aizpuruak dakarkigun gaiarekin esango dizuegu agur. Onddoak biltzen bazoazte gogoratu Lilleko Pasteur Institutuko zuzendari nagusiak esandakoa: onddoetan oinarritutako arma biologiko asko daudela eta hauek gerretan erabiliak izan direla eta erabiltzen direla ere. Onddoak elikagai… eta arma.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>