Asteon zientzia begi-bistan #19

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan 19

Ez omen ditugu txikitako oroitzapenak gordetzen. Zergatik? Neurona berriak beharrezkoak dira oroitzapen berriak izateko eta hauek, neurona berriak, lehendik eratuta ditugun sareetan txertatzen dira ditugun egitura neuronalak berregokituz. Berregokitze horrek ahanztura eragiten du, oroitzapen zaharren ahaztura. Unai Break kontatzen ditu Argia aldizkarian: Haurtzaroa ahaztearen zergatia.

Alacanten dagoen Salt aztarnategian neandertalen gorotz hondarrak aurkitu dituzte La Laguna Unibertsitateko ikertzaileek. Aurkikuntza hau da, orain arte, ezagutzen den gorotz fosilizatu zaharrena. Gorotzaren azterketa egin ondoren neandertalen dieta ezagutu ahal izan da. Dirudienez, orain dela 50.000 urteko gizakiek haragia jaten zuten batez ere, baina baita ere barazkiak. Ana Galarragak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Neandertalen gorotza, haien dieta ezagutzeko giltza.

Ba al dakizue tenperatura garai eta tenperatura apalen menpe hazitako txiten mokoen tamainak desberdinak direla? Zelako tenperatura, halako tamaina: hegaztien mokoen tamaina desberdina da hazten diren lekuko tenperaturaren arabera eta Juan Ignacio Pérezek aurkezten digu Zientzia Kaiera blogean: Moko handiagoa ala txikiagoa tenperaturaren menpe.

Neuronen xehetasunez gain Unai Break beste gai bat ere jorratu du asteon, berriztagarrien energia metatzeko sistemez aritu daArgian eta BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroaren lana dakarkigu kazetariak. BTEK Zero Hytechpark proiektuan parte hartzen du. Honek, energia gordetzeko bektore gisa hidrogenoak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ditu.

Higgs bosoia desintegratzean fermioiak sortzen direla frogatu du nazioarteko ikerketa talde batek, Higgs bosoia existitzen dela frogatu eta bi urte beranduago. Ana Galarraga dibulgatzaileak Nature Physics aldizkarian argitaratutako artikulu bati erreparatzen dio eta gaia jorratzen du Elhuyar aldizkarian. Bertan dioenez, ikertzaileen froga honek bat egiten du eredu estandarren teoriak aurreikusten duenarekin.

Azken 30 urteotan, ekuatoretik poloetarantz 5.3 km lerratzen ari da urtero tropikoetako zikloien intentsitatea. Tenperatura-igoera dela eta, zikloi diren urakan eta tifoiak lerratzen ari dira eta tropikoak zabaltzen doaz. Antonio Cantó dibulgatzaileak ematen digu honen berri Zientzia Kaieran: Tropikoen hedapena, eta bidegabekerien hedapena.

Jon Ander Galarraga ikertzaileak konpostajea lantzen du. Hori dela eta, asteon konpostagailu bat jartzeko gomendioak ematen dizkigu Konpostazank! blogean: Konpostagailuaren kokapena.

Eta asteko errepasoari amaiera emateko, teknologian jarriko dugu arreta. Berria egunkarian Edu Lartzaguren kazetariak Iurgi Arginzoniz ingeniaria elkarrizketatu du. Bera Madrilgo Fon enpresaren egitasmo burua da eta aplikazioak eta softwarea lantzen dute, batez ere Internetera begira. Teknologiei buruzko ikuspuntua plazaratzen digu ingeniariak: Teknologia berriak loteria tranpatiak dira. Eta, teknologia eta Internet aipatuz gero, nola ez, Google etorriko zaigu burura. Ainhitze RuizekGooglek sortutako azken Android L sistema eragilea, Android One sakelako telefono merkeen egitasmoa eta Android Wear, eramangarriak diren gailuetarako sistemak hurbiltzen dizkiguHazkunde geldiezina artikuluan.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>