Duela 45.000 urte Siberian bizitako gizonezko baten genoma sekuentziatu dute Eboluzioaren Antropologiarako Max Planck Institutuan. Bere DNAn neandertalen arrastoak topatu dituzte, eta emaitzek iradokitzen dute norbanako hau bizi baino 7.000-13.000 urte lehenago gertatu zela gurutzaketa beste espeziearekin.
‘Ust-Ishim-eko gizona’ da jarri dioten izena, mendebaldeko Siberiako herri horretan aurkitu baitzituzten bere arrastoak. Zehazki, ia osorik topatu zuten bere izterrezur bat, eta haren gainean egindako lehen azterketek egiaztatu zuten duela 45.000 urte bizitako gizon bati zegokiola. “Hezurraren morfologiak iradokitzen du gizaki moderno goiztiar bat dela; hau da, lotura du gaur egun bizi diren pertsonen arbaso zuzenak diren populazioekin”, azaldu du Bence Violak, pieza aztertu duen antropologoetako batek.
Orain bere DNA sakon ikertu dute Eboluzioaren Antropologiarako Max Planck Institutuan, Svante Pääbo ikertzailearen zuzendaritzapean. Hori horrela, inoiz sekuentziatu den gizaki moderno baten genoma zaharrena bihurtu da izterrezur horren jabe zen pertsona horrena. Hala azaldu dute Nature aldizkarian argitaratu berri duten artikuluan.
Garaia eta kokapena kontuan hartuta, zenbait milaka urte lehenago Afrika utzi eta Eurasian bidea egiten hasia zen giza populazioko kidea zen Ust-Ishim-eko gizona. Berez, genomaren sekuentziazioan lortutako emaitzek erakusten dute gizaki moderno goiztiar hark antzekotasun genetiko handiagoa duela gaur egun Afrikatik kanpo bizi diren pertsonekin afrikarrekin baino. Era berean, ikertzaileek ikusi dute lotura bertsua duela Asia ekialdeko biztanleriarekin zein Harri Aroan Europan bizi izan zirenekin.
Hain zuzen, azken datu horrek iradokitzen duenez, sakabanatu egin ziren eta Eurasiatik mendebalderanzko eta ekialderanzko bide bana hartu zuten bi talde nagusien bereizketa gertutik bizi izan zuten genoma horren jabeak eta bere kideek. Pääbo ikerketa buruaren arabera, “mendebaldeko eta ekialdeko eurasiarrek nork bere bidea hartu baino lehen, edo ia aldi berean, banatu zen agian Ust-Ishim-eko gizonaren populazio taldea”.
Izan ere, gizaki moderno goiztiar hau ez da gure arbaso zuzena, gure arbaso zuzenekin harremana izan zuen eta azkenerako desagertu egin zen talde bateko partaidea baizik. Hala, Jean-Jacques Hublin paleoantropologoak eta ikerketa honetako partaideak adierazi bezala, “litekeena da Europa eta erdialdeko Asiako migratzaile goiztiar izan zen populazio bateko parte izatea, gaur egungo biztanleriarengan ondorengorik uzterik izan ez duen populazio batekoa”.
‘Ust-Ishim-eko gizona’ Neandertalen arrastoa
Ikerketek diote Neandertalgo gizakia duela 130.000-28.000 urte bizi izan zela Europan eta Ekialde Hurbilean. Gizaki modernoa baino lehenagokokoa den hominido espezie horren azken belaunaldietako batzuk, beraz, Ust-Ishim-eko gizonaren taldekideen garai eta toki bertsuetan bizi izan ziren. Hori horrela, neandertalen eta Siberiako gizaki moderno goiztiar hauen artean harreman genetikorik ba ote dagoen ere ikertu dute Max Planck Institutuan.
Genomaren emaitzek erakutsi dutenez, Ust-Ishim-eko gizonaren DNAren %2a dator Neandertalgo gizakiarengandik. Neandertalen proportzio horixe bera dugu gure genoman gaur egungo europarrok eta ekialdeko asiarrok. Baina badago desberdintasun nagusi bat: gizaki garaikidearekin ez bezala, kasu honetan ez da denboran oso atzera egin behar neandertalen eta gizaki moderno goiztiar horien arteko gurutzaketa unea kokatzeko.
Izan ere, aztertutako genoman identifikatu dituzten neandertal DNA zatiak gaur egungo edozein europarrengan aurkitu daitezkeenak baino nabarmen luzeagoak dira. Horrek esan nahi du gurutzaketa izan zenetik Ust-Ishim-eko gizona jaio zen arte, milaka urte gutxi batzuk besterik ez zirela igaro, denbora gehiago pasa izan balitz DNA zati horiek txikiagoak izango baitziren.
Janet Kelso ikerketa honetako beste partaide batek adierazi bezala, “gure estimazioen arabera, Ust-Ishim-eko gizonaren arbasoak norbanako hau jaio baino 7.000-13.000 urte lehenago nahastu ziren neandertalekin. Duela 50.000-60.000 urte beraz, eta garai horrek bat egiten du gizaki modernoak Afrika eta Ekialde Hurbiletik kanporako hedapen nagusia egin zuen unearekin”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Fu, Q., Li, H., Moorjani, P. et al. (2014). Genome sequence of a 45,000-year-old modern human from western Siberia. Nature, 514, 445-449. DOI:10.1038/nature13810
Egileaz:
Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] arloan egin diren nazioarteko beste ikerketa askotan bezala, Carles Lalueza Fox eta Svante Paabo genetistek parte hartu dute azken lan honetan […]