Gizaki modernoen sorlekua eta abiapuntua dantzan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela 300.000 urteko Homo sapiens espezieko arrastoak topatu dituzte Marokon. Aurkikuntzak 100.000 urte atzeratuko luke gure espeziearen jatorria.

Marokon dagoen Jebel Irhoud izeneko aztarnategia egin dute paleoantropologiaren mundua, beste behin ere, irauli duen aurkikuntza. Alemaniako Max Planck Institutuko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera, bertan topatu diren bost homininoren arrastoak Homo sapiens espeziekoak dira, eta duela 300.000 – 350.000 urte bitartekoak omen dira. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Proposamen berriak 100.000 urte baino gehiago atzeratu ditu gure espeziearen existentziaren lehen frogak, eta jatorri geografikoa ere lekuz aldatu du. Izan ere, orain arte, gizaki modernoaren lehen ordezkariak Etiopian bizi izan zirela uste izan da. Egindako datazioen arabera, aztarna horiek 200.000 urte zituzten. Orain arteko teoriaren arabera, Afrikako ekialdean eta hegoaldean zeuden Homo sapiensak. Proposamen berriaren arabera, Afrikatik atera baino lehen, kontinente osoan zehar barreiatu ziren gizaki modernoaren lehen arbaso horiek.

1. irudia: Aurkitutako fosilen eskanerretan oinarrituta, arkeologoek egin duten simulazioa. (Argazkia: Nature)

1960ko hamarkadan ezagutu ziren Jebel Irhoud aztarnategiko fosilak, baina Afrikan zeuden Neandertalgo gizakien aldaeratzat jo ziren. Inguruan aurkitu ziren harrizko tresnek ere Europan neandertalei lotuta dagoen mousteriar aldiko kulturaren parekoak zirela zehaztu zen orduan. Hau guztia zela eta, topatu zituztenean, arrasto horiek duela 40.000 urtekoak zirela kalkulatu zuten ikerlatzaileek. Halere, orain egindako analisi berriek kolokan jarri dituzte lehen emaitza horiek. Indusketa berriek, gainera, fosil eta harrizko tresna berriak azaleratu dituzte. Besteak beste, garezur baten zatia eta beheko baraila bat. Horien azterketan abiatuta, Jean-Jacques Hublin paleoantropologoak gidatutako taldeak dio fosil horiek gizaki modernoaren eboluzioaren lehen fase bati dagokiela.

Beste lantalde batek harrizko tresnen analisiaren emaitzak aurkeztu ditu, Nature aldizkariaren ale berean. Europakoekin baino, Afrikako industriekin lotu dituzte material horiek. Era berean, termolumineszentziaren teknika baliatu dute aztarnategian topatutako suharrien data zehazteko. Horren arabera proposatu dute 300.000 eta 350.000 urte arteko tartea. Kuartzoa duten harrien data zehazteko tresna aproposa da termolumineszentzia. Sinplifikatuz, mineral hori asko berotzen denean, kristaletako barne egitura aldatzen da. Gerora, eta urtez urte material horrek jasotzen duen erradiazio kopurua jakinda, zientzialariak gai dira jakiteko material hori noiz erre zen.

“Data ondo zehaztuta duten aro honetako aztarnategiak oso urriak dira Afrikan, baina guk zortea izan dugu, Jebel Irhoud aztarnategian topatu ditugun suharrizko tresna asko iraganean berotuak izan zirelako”, esan du geokronologian aditua den Daniel Richter ikertzaileak Max Planck Institutuak zabaldutako ohar batean. Horrez gain, aurretik eginda zegoen giza baraila baten inguruko datazio bat aldatu dute. Lehen 160.000 urte zituela uste bazen ere, orain emaitza horiek doitu eta berrikusi dituzte, aztarnategiko sedimentuen erradiazioarekin alderatuz. Kasu honetan, erresonantzia elektronikoaren ekorketaren metodoa erabili dute.

2. irudia: Jean-Jacques Hublin paleoantropologoa, Marokoko Jebel Irhoud aztarnategian.

Fosilen azterketatik abiatuta, ikertzaileek diote aurpegiak, barailak eta hortzek lotura dutela gizaki modernoekin, baina garunaren morfologia, berriz, primitiboagoa omen dela. Horren arabera diote gure espezieko lehen ordezkaritzat jo daitezkeela Marokon aurkitutako arrastoak.

Afrikako teknologia

Naturek argitaratutako beste artikulu batean, Londresko Historia Naturalaren Museoan ikertzen duten Chris Stringer eta Julia Galway-Witham antropologoek aurkikuntzaren egileek diotena babestu dute. Analisi morfologikoaz gain, genetikaren argudioa mahai gainean jarri dute ere: “orain arte egin diren bizidunen eta fosilen DNA azterketen arabera, gure leinua gertueneko ahaideengandik -Eurasiako neandertalak era Denisovako gizakiak alegia- duela 500.000 urte baino lehenago aldendu zen. Data hori, ezagutzen den lehen Homo sapiens baino askoz zaharragoa da”. Funtsean, beste paleoantropologo askok pentsatzen duten modu berean, erregistro fosilean galdutako fosil horiek agertu behar direla argudiatzen dute. Gizaki modernoen eboluzioari dagokionez, Atapuercako (Burgos) Hezurren Osina neandertalen eboluzioa zehazteko izan duen garrantziarekin alderatu dute Marokoko aztarnategia.

Hala ere, eta analisi genetikotan oinarrituta, beste zientzialari askok uste dute gaur egungo giza espeziaren aniztasuna duela 200.000 urte inguru hasi zela, eta, hortaz, bat datorrela orain arte gizaki modernoaren abiapuntutzat jotzen den hasierako datarekin.

Ohi bezala, eta ikerketa berriak heldu bitartean, hedabideetan zalantzak agertu dituzte paleoantropologiari zein genetikari lotutako hainbat adituk. Finean, aztarna bat espezie batekin edo bestearekin lotzeak interpretazio anitzerako bidea ematen duelako, eta gizakiaren historia ebolutiboa zehaztea buruhauste galanta izan ohi delako zientzialarientzat. Halere, sapiens izan ala ez, argi dirudien bakarra da zuhaitzen babespetik atera eta mundu berrietara egokitzeko gai izan ziren hominidoek abentura epikoa abiatu zutela, eta, gaur egun, Marteko hautsetan oinatzak marrazteko bidean daudela.

Erreferentzia bibliografikoak

Hublin et al. New fossils from Jebel Irhoud, Morocco, and the pan-African origin of Homo sapiens. Nature 546, 289–292. DOI: 10.1038/nature22336

Richter et al. The age of the hominin fossils from Jebel Irhoud, Morocco, and the origins of the Middle Stone Age. Nature 546, 293–296. DOI: 10.1038/nature22335


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.