Zientziaren dibulgazioa euskaraz. Lekuz kanpo gaude? (I)

Josu Lopez-Gazpio

Azaroaren 26an #txiotesia2 lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egin zen Donostian. Epaimahaikideek zuzen erabakita, ez nuen saririk irabazi, baina, aukera izan nuen ordea beste 45 ikertzaile euskaldunen tesiei buruzko txioak irakurtzeko. Iaz txioka aritu ziren 86 ikertzaileen aldean, aurten lortutako parte hartzea txikiagoa izan da. Hala ere, Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak ekitaldian esan zuen bezala, kalitateak ez du behera egin.
Lehiaketak lortu duen irismenak gogoeta egitera eraman nau; izan ere, 2014. urtea benetan oparoa izan da euskara bidezko zientzia-dibulgazioari dagokionez. Horrek etorkizunari ilusioz begiratzeko itxaropena eman behar digu. Euskaldunok kultura zientifikoa gizarteratzeko masa kritiko garrantzitsua eta egokia dugu, zalantzarik gabe.

Zer eman du 2014. urteak?

Aurten, aukera izan dugu mugimendu handia sortu duen lurrikara berri baten jaiotza gertutik ikusi ahal izateko: sarean egindako kultura zientifikoaren jaialdiarena, hain zuzen ere. Jon Mattin Matxain EHUko irakaslea izan da ekimenaren sustatzaile nagusienetakoa eta, Zientzia Kaieraren aterkiaren babesean, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra kultura zientifikoaren 1. jaialdia egin zen; hura izan zen sarean kultura zientifikoa hedatzeko euskaraz egindako lehen ekimena. #KZJaia traola erabiliz 73 parte-hartzailek 120 ekarpen jendarteratu zituzten eta, 70 egunean #KZJaia euskal joera (trending topic) txiokatuenen artean egon zen, UMAPen arabera. Horrelako ekimen bat proposatzen zen lehen aldia izanik, ukaezina da irismen itzela izan zuela.

1. irudia: 1. jaialdian jasotako ekarpenak. (Argazkia: zientziakaiera.com)

1. irudia: 1. jaialdian jasotako ekarpenak. (Argazkia: zientziakaiera.eus)

Apirilaren 28tik ekainaren 20ra 2. jaialdia ospatu zen, eta kasu horretan zientzia.net webgunea izan zen anfitrioia. 35 parte-hartzaileri esker, 54 ekarpen egin ziren 54 egunean eta, #KZJaia2 traola 24 egunean euskaldunon artean gehien txiokatutako gaien artean egon zen. Nik ere nire ekarpentxoa egin nuen jaialdian, baina, Koldo Garcia Etxebarria genetista eta dibulgatzailea izan zen aktiboena, 10 ekarpen egin baitzituen. Ildo horretatik, laster izango dugu 3. jaialdiari buruzko informazioaren berri, izan ere, Koldo Garcia berak kudeatzen duen Edonola.net blogak hartuko baitu jaialdiaren lekukoa, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra.

2. irudia: 2. jaialdiaren eragina: #KZJaia2 traolak izan zituen txioak. (Argazkia: zientzia.net)

2. irudia: 2. jaialdiaren eragina: #KZJaia2 traolak izan zituen txioak. (Argazkia: zientzia.net)

Bestalde, aipatzekoa da maiatzaren 8an Donostiako Carlos Santamaria Zentroan egindako “Kultura Zientifikoa sustatzeko I ikasle topaketa”. Topaketa EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Ikaskidetza Sareak antolatu zuten eta, bertan, zientziaren diziplinetan zeharreko ikuspegia agerian jarri zen, beti ere euskaraz eta, kasu horretan, ikasleen ikuspuntutik. Topaketan entzundako eta ikusitako ekarpenak benetan interesgarriak izan ziren, eta alor guztietako kultura zientifikoa dibulgatu zen. Giza eta gizarte zientziak, zientzia juridikoak, esperimentalak, teknikoak eta abar izan ziren hizpide. Kasu horretan ere ekimenaren ikusgarritasuna nabarmena izan zen, eta, UMAPen datuen arabera, eguneko lehen joera izan zen topaketaren berri emateko proposatutako #KZientifikoa traola.

3. irudia: Kultura zientifikoa sustatzeko I. ikasle topaketa. (Argazkia: Ikaskidetza Sarea)

3. irudia: Kultura zientifikoa sustatzeko I. ikasle topaketa. (Argazkia: Ikaskidetza Sarea)

Euskarazko zientziaren hedapenaz hitz egitean saihestezina daElhuyar aldizkariari aipamenik egitea. Bide batez, esan behar da 2014. urteak aldizkariari kolpe mingarria ekarri diola Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzat eman dituen diru-laguntzen gutxitzearen ondorioz. Hain zuzen ere, 2013. urtean baino 17.620 euro gutxiago jasoko ditu aldizkariak eta 0 euroko laguntza izango du Elhuyar webguneak. Hala jakinarazi du Berriak (haiek ere kolpe latza jaso dutelarik). Edonola ere, euskarazko zientzia-dibulgazio aldizkari garrantzitsuenak urte osoan zehar kultura zientifikoa zabaltzearen aldeko apustua egiten du. Aipagarriak dira, esaterako, urtero banatzen dituen CAF-Elhuyar sariak. Bergarako Errekalde jauregian banatutako azken edizioko sarietan, blog honen kolaboratzaile finak diren Gorka Azkune eta Amaia Portugalizan ziren sarituetako batzuk. Bide batez, aditzera eman behar da idazle orok (ikertzaile, kazetari zein artista izan) oraindik aukera duela 2014ko CAF-Elhuyar sarietan parte hartzeko. Horretaz gainera, Elhuyar aldizkarian hainbat dibulgazio-artikulu argitaratu dira urtean zehar “Gai librean” atalean eta, bertan ere zeu izan zaitezke idazle.

4. irudia: Azken CAF-Elhuyar sariketako irabazleak. (Argazkia: Elhuyar)

4. irudia: Azken CAF-Elhuyar sariketako irabazleak. (Argazkia: Elhuyar)

Azaldutako jarduera eta ekimen guztiek irismen handia dute zientzia gizarteratzeko lanean. Hortaz, euskaraz dibulgatzeko gogoa eta nahia dutenek erraz aurkituko dituzte horretarako txokoak. Zientzia Kaiera ere toki bikaina da noski, idazteko zein eguneroko zientzia dosia hartzeko. Beste asko ere aipa litezke, esaterako, Edonola.net, Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe edo unibertsitatea.net webgunea. Jakina, horiek ez dira dauden guztiak, eta beraz, barka diezadatela aipatu ez ditudan jardueren sustatzaileek eta zientzia dibulgatzen duten beste eragileek ere.

Azken gogoeta modura, esan behar dut espero dudala2015. urtea amaitzear dagoena bezain oparoa izatea. Edo gehiago. Eta sarean mugimendu handiagoa sortzea. Hori lortzeko masa kritikoa badugu, eta helmugara iristeko bidea egiten ari gara. Ez dugu ahaztu behar zientzia euskaraz dibulgatzeak balio erantsia duela: zientzia hedatuz gizartea jantziagoa egiten da eta, gainera, prozesu horretan euskarak zeresan handia duela frogatzen da. Beraz, lekuz kanpo ote gaude kultura zientifikoa euskaraz dibulgatzen (saiatzen) garenak? Argi dago ezetz, eta bide horretan jarraitu behar dugu, eta jarraituko dugu, 2015. urtean.

Hurrengo kapituluan, erantzun zailagoa duen galdera bati eutsiko diot, hain zuzen ere, zein da euskararen funtzioa zientzia akademikoan?

———————————-

Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea da eta EHUko Kimika Aplikatua saileko ikertzailea da.

———————————-

5 iruzkin

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #40 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] Zientzia euskaraz dibulgatzeak balio erantsia duela diosku Josu Lopez-Gazpio ikertzaileak Zientzia Kaieran. Honen ustez, dibulgazioaren bidez, zientzia hedatu egiten da gizartea jantziagoa bat lortuz.  2014. urtean euskarazko zientzia-dibulgazioak eman duena errepasatzen du: ekimenak, hainbat eragileen lana, hau da, kultura zientifikoa zabaltzearen aldeko apustua egiten dutenena. Urte emankorra izan zen 2014. urtea, ea 2015a iazkoa bezain oparoa bilatzen den: Zientziaren dibulgazioa euskaraz. Lekuz kanpo gaude? (I) […]

josujosu

Zientziaren (eta teknologiaren) dibulgazioa aipatzean, EHUn saihestezina izan beharko zen EKAIA aldizkaria ere gogoaraztea, bide horretan urte luzeak bere ekarpenak eman dituelako (eta horrela jarraitzea espero dugulako). Agian hurrengoan ….

Josu L-GJosu L-G

Arrazoi duzu, eta oso presente dut Ekaia aldizkariak azken 26 urteotan egin dituen ekarpenak eta ahaleginak. Egia da Ekaian dibulgazioak baduela bere tokia, baina, orokorrean, aldizkariaren edukiak teknikoak eta espezifikoak dira. Nik neuk Ekaian artikulu bat argitaratu dut eta bigarrena bidean da. Nire ustez argitalpen prozesuari, adituen ebaluazioari eta abarri dagokionez Ekaiaren helburua ez dela Elhuyar bezalakoa izatea. Horregatik, artikulu honen bigarren zatirako gorde dut Ekaiak egindako lana (gor)aipatzea eta ezagutzera ematea.

josujosu

Eskerrik asko nire iruzkina kontutan hartzeagatik. Denon artean egindako lanarekin euskaraz sortutako dibulgazioa bere bidea egiten ari da.

Zientzia jalgi hadi plazara (7): Kontakizun berria eraikitzen | Edonola

[…] zait euskal zientziagintzak, oztopo guztien gainetik, loraldi bat bizi duela. Elhuyaren eta UEUren lan aitzindariak bere uzta izaten ari dela eta Kultura Zientifikoko Katedra […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>