Zikoinaren Teoria baieztatzeko frogak

#KZJaia · Dibulgazioa

Josu Lopez-Gazpio

Zikoinaren teoria destakatua

Zientziaren testuinguruan, bi teoria nagusitu dira ume jaioberrien eraketa-prozesua azaltzeko: Zikoinaren Teoria (Theory of the Stork, ThoS) eta Sexu Bidezko Ugalketaren Teoria (Theory of Sexual Reproduction, ThoSR). Alde batetik, Zikoinaren Teoriaren alde esan behar da aspalditik jasoa dagoela bibliografia espezializatuan umeak zikoinek ekartzen dituztela. Teoria horren aldeko argudioak lehen mailako zientzia-kalitatea duten aldizkarietan aurki daitezke (Journal Citation Reports delakoan sailkatuak eta adituen ebaluazio-prozesua dutenak) [1][2]. Bestetik, Sexu Bidezko Ugalketaren Teoria nahiko hedatua dagoela esan behar da, populazioaren gehiengoa ThoSR teoriaren alde doktrinatua izan delako eskolan. Teoria horren aldeko argudioak Interneteko hainbat webgunetan aurki daitezke [3][4].

Hala ere, giza-umekien garapenak baditu ThoSR teoriak azal ezin ditzakeen hainbat ezaugarri, esaterako, umeen jatorria sexu bidezko ugalketaren ondorio zuzena dela dirudien arren aspalditik dokumentatuta daude sexu-harremanik gabeko ume-emateak [5]. Bestalde, bibliografiaren arabera, sexu-harremanen ondoren umeen eraketa-prozesua ez aktibatzea ere oso ohikoa da [6]. Arazo horien aurrean, Zikoinaren Teoria indarra hartzen ari den ideia da, kasu horiek guztiak azaltzeko gai delako.

Zikoinaren teoria: egungo egoeraren berrikuspena

Zikoinaren Teoriaren berrikuspen garrantzitsuena T. Höfer eta bere kolaboratzaileek argitaratu zuten 2004an. Ikerketa horretan, 1997-2001 urteetan ThoS-en alde aurkitutako froga berriak plazaratu zituzten eta, hori gutxi balitz, Zikoinaren Teoria lantzen duten webguneak identifikatu zituzten.

Egun ere, Interneten egindako bilaketek pisuzko argudioak ematen dituzte Zikoinaren Teoriaren alde. 2014ko apirilaren 30ean egindako analisian, “stork delivering baby” delakoa Google bilatzailean aztertuz 11.500 emaitza lortu ziren. Aldiz, “human delivering baby” bilatuz gero emaitza bakarra lortu zen. 2000-2014 urteetako bibliografia zientifikoa berraztertuta, era batera edo bestera Zikoinaren Teorian aipatzen diren gaiak jorratzen dituzten hainbat lan aurkitu dira, besteak beste, Give the Stork Some Orange Juice (S.H. Kelly, 2001), “Subsidizing the Stork” (P. Lefevbre, 2001), When will the Stork Arrive? Patterns of Birth Seasonality in Neotropical Primates (M.S. Di Bitetti eta C.H. Janson, 2000), The State and the Stork (J.F. May, 2013), eta Adecuacy Process and Prenatal Care According to the Criteria of Humanizing of Prenatal Care and Childbirth Program and Stork Network (K.G. Martinelli et al., 2014). Aipamen bibliografiko horietaz gain, zientzia-biltzar garrantzitsuetan Zikoinaren Teoriaren babesleak geroz eta ugariagoak direla azpimarratu behar da [7].zikoinaren teoria

Zikoinaren Teoria gutxienez hiru aldiz frogatu da metodo zientifikoa erabiliz. 1988an, Düsseldorfeko Unibertsitatean H. Siesek [2] Alemania hegoaldean jaioberri kopuruaren eta zikoina populazioaren artean korrelazio susmagarria zegoela ohartarazi zuen. Teoria berriaren izaera iraultzailea zela-eta, 2000. urtera arte ez zen beste aipamenik egin bibliografia zientifikoan. Baina, urte horretan, Birminghameko Unibertsitateko R. Matthewsek Europako 17 herrialdetan jaioberri kopuruaren eta zikoina kopuruaren artean erlazio lineala zegoela frogatu zuen [8]. Ikerketa horren ildotik, 2004an hiru diziplinatako zientzialariz osatutako Berlingo ikerketa talde garrantzitsu batek (T. Höferen gidaritzapean) bultzada izugarria eman zion Zikoinaren Teoriari [1]. Behe Saxonian eta Berlinen zikoina kopuruaren (zehazki ciconia ciconia espeziekoak) eta ume jaioberri kopuruaren arteko korrelazioa frogatzea eta azaltzea lortu zuten, metodo zientifikoaren prozedurak eta metodologiak erabiliz.

Froga berriak Espainiako kasua aztertuta

Testuinguru honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Aplikatua Sailean Espainiar Estatuko kasua aztertu da eta Zikoinaren Teoria baieztatzen duten froga berriak lortu dira. Lan esperimentalari dagokionez, datu-iturri fidagarriak bakarrik erabili dira: jaioberri kopuruari buruzko informazioa Espainiako Estatistika Institutu Nazionaletik [9] lortu da eta ciconia ciconia espeziaren errolda 2004an Espainiako Ornitologia Elkarteak argitaratutako lanetik eskuratu da [10]. Datuen tratamendu estatistikoa aplikatzeko, lurraldea lau eskualdetan banatu da: irlak (Kanariak eta Balear Uharteak), iparraldea (Galizia, Asturias, Kantabria, EAE, Nafarroa eta Errioxa), zona zentrala (Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Aragoi, Katalunia eta Madril) eta hegoaldea (Extremadura, Andaluzia, Murtzia eta Valentzia). Jaioberri kopuruaren (1. Irudia) eta zikoina bikote kopuruaren (2. Irudia) mapak alderatzerakoan, irudi benetan harrigarriak lortu dira.

1. Irudia: Jaiotza kopuruaren mapa.
1. Irudia: Jaiotza kopuruaren mapa.
2. Irudia: Zikoina bikote populazioaren mapa.
2. Irudia: Zikoina bikote populazioaren mapa.

Mapetan ikus daitekeen bezala, bi aldagaiek eredu bera jarraitzen dute lurralde osoan. %100eko bateragarritasuna ikusi ondoren, eredu estatistikoen bidez korrelazio linealak bilatu dira, begi-bistaz susma daitekeena analitikoki frogatzeko. Espainiako Estatuaren kasuan, 2004ko datuen tratamendu estatistikoaren ondoren zikoinen populazioaren (S) eta ume jaioberrien kopuruaren (B) artean korrelazio zuzena dagoela frogatu da ikerketa honetan (3. Irudia). Lortutako erlazioa lineala da (S = 0,1098B – 4.075,3) eta erregresio linealaren korrelazio koefizienteak (R2 = 0.99) erlazio hori oso handia dela adierazten du, bibliografian aipatzen diren emaitzekin bat etorriz.

3. Irudia: Jaioberri kopurua (B), zikoina bikote kopurua (S) eta bi aldagai horien arteko korrelazio lineala.
3. Irudia: Jaioberri kopurua (B), zikoina bikote kopurua (S) eta bi aldagai horien arteko korrelazio lineala.

Atal esperimentalaren bigarren zatian, jaioberri kopuruaren eta zikoina kopuruaren arteko korrelazioa urte jakin horretan bakarrik (2004) betetzen den frogatu nahi da. Horretarako, antzeko metodologia erabiliz Espainiako populazioaren (P) eta zikoina bikote populazioaren arteko eboluzio historikoa aztertu da (4. Irudia). 1984tik 2004ra gertatu den jaiotza kopuruaren eta zikoina kopuruaren eboluzio historikoak ere korrelazio lineala betetzen du (P = 159,63S + 4.107) eta eredu estatistikoaren korrelazio koefizienteak (R2 = 0.98) erlazio linealaren egokitasuna bermatzen du.

4. Irudia: Espainiako populazioa (P), zikoina bikote kopurua (S) eta bi aldagai horien arteko korrelazio lineala.
4. Irudia: Espainiako populazioa (P), zikoina bikote kopurua (S) eta bi aldagai horien arteko korrelazio lineala.

Ondorioa

Zikoinaren Teoriaren alde hiru froga aurkeztu dira ikerketa estatistiko honetan. Alde batetik, mapa koloreztatuetan ikusten diren patroien bateragarritasuna frogatu da; bestetik, jaioberri kopuruaren eta zikoina kopuruaren arteko korrelazioa frogatu da; eta azkenik, populazioaren eta zikoina kopuruaren artean ere korrelazio lineala dagoela frogatu da. Froga estatistiko guzti horiek ThoS teoria egiaztatzen dute eta, are gehiago, Sexu Bidezko Ugalketaren Teoriak justifika ezin ditzakeen gertakariak Zikoinaren Teoriak argitzen ditu. Lan honek erakusten duenez, Sexu Bidezko Ugalketaren Teoriaren gainbehera iristear egon daiteke, nahiz eta ikerketa sakonagoak behar diren Zikoinaren Teoria berresteko.

Benetako ondorioa eta lan honen helburua (disclaimer)

Lan honetan erabilitako erreferentzia bibliografiko, datu, mapa, irudi, grafiko eta froga estatistiko guztiak egiazkoak dira eta datu guztiak iturri fidagarri eta kontrastatuetatik lortu dira. Jakina, horiek manipulatuak izan dira hasieratik finkatutako teoriarekin bat etor zitezen. Lan honen benetako ondorioa estatistikaren erabilpen oker edo maltzurrak izan ditzakeen ondorio larriez ohartaraztea da. Zikoinaren Teoriaren zentzugabekeriak erraz erakusten du korrelazioa ez dela beti kausalitatearen ondorio. Bestalde, gogoratu arretaz eta zentzu kritikoz irakurri behar direla ustez zientifikoak diren ikerketa guztiak, horietako gehienetan azken paragrafo hau ez baita agertuko.

Bibliografia

[1] Thomas Höfer, Hildegard Przyrembel, Silvia Verleger. New Evidence for the Theory of the Stork, Paediatric and Perinatal Epidemiology, 18, 88-92, 2004.

[2] Helmut Sies. A New Parameter for Sex Education, Nature, 332, 495, 1988.

[3] http://en.wikipedia.org/wiki/Childbirth

[4] https://es.answers.yahoo.com/question/index?qid=20090920174413AA1VfOk

[5] Matthew. The Bible, BibleGateway (New International Version), 1, 18, 2011.

[6] Katrien Stouffs, Sara Seneca, Willy Lissens. Genetic Causes of Male Infertility, Annales d’Endocrinologie, in Press, 2014.

[7] Josu Lopez-Gazpio. Zikoinaren Teoria Egiaztatzen Duen Eredu Estatistikoaren Aldeko Frogak (oral communication), (33. minututik aurrera) Kultura Zientifikoa Sustatzeko I Ikasle Topaketa, 2014.

[8] Robert Matthews. Storks Deliver Babies (p=0.008), Teaching Statistics, 22(2), 36-38, 2000.

[9] http://www.ine.es/

[10] Blas Molina, Juan Carlos del Moral. La Cigüeña Blanca en España. VI Censo Internacional (2004). SEO/BirdLife, 2004.


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea da eta EHUko Kimika Aplikatua saileko ikertzailea da.


KZJaia2

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.