Berrogeita hamar kontu

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Askotariko kontakizunak ekarri ditut hedabide honetara. Guztien asmoa zerbait berria, bitxia, ezezaguna, jakin beharrekoa, kontatzea izan da. Zenbaitetan ez da lan erraza intereseko gaiak aurkitzea. Zenbaitetan ez da lan erraza hitz ulergarriekin buruan dudan nahaspila modu ordenatuan kontatzea, baina, horretan nabil. Zientzia-gaiak dibulgatzea atsegin dut eta horretan jarraituko dut ahal dudan bitartean, zuen bertxioak eta iruzkinak eskertuz. Zientzia Kaieran berrogeita hamargarrena idazten dudan honetan, orain arte egin dudanaren bilduma berezia ekarriko dizuet.

1. irudia: Zikoina batekin hasi zen guztia. (Argazkia: blickpixel – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

2014an, duela bost urte eta 49 ekarpen, Zikoinaren Teoria kontatzeko idatzi nuen lehen aldiz Zientzia Kaieran. Estatistika modu okerrean edo maltzurrean erabiliz ia edozer froga zitekeela azaldu nahi nuen eta, horretarako, umeak zikoinek ekartzen dituztela frogatzeko teoria proposatu nuen. Horren atzean, jakina, zentzu kritikoaren garrantzia azpimarratu nahi izan nuen eta, zehazki, korrelazioaren eta kausalitatearen arteko desberdintasuna. Artikulu arraro bakarra ez da hori izan eta, ergelkeriaren azalpen zientifikoa ematen ere saiatu nintzen, Carlo Maria Cipollaren Allegro ma non troppo lana oinarri hartuta. Artikulu bitxia eta xelebrea izanik ere, idazten jarraitzen utzi zidaten. Koitaduak.

Umorea oinarri

Zikoinaren artikulua nire artikulu kutuna da, bai, baina, bigarren postuan Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea dago. Beste estilo batean, lan hori idazteko urtean zehar gertatzen diren heriotza kopurua aztertzeko zenbait ikerketa lan irakurri nituen eta haietan konturatu zirenez, Gabonetako oporren inguruan gertatzen ziren heriotza gehien. Ez nuen aukera galdu eta, Eguberrietako oporraldia hasi baino egun batzuk lehenago argitaratu nuen ekarpen hori, umore kutsua emanez. Umorea nire hainbat ekarpenen atzean sarritan aurkitzen da; izan ere, irakurtzen jarraitzeko gakoetako bat dela uste dut. Hala ere, umoreak ez du zorroztasun izpirik kendu behar. Artikuluan argi deskribatzen dira olentzerok ekarritako bihotzekoen arrazoiak zeintzuk diren eta zergatik hiltzen garen gehiago Gabonetako oporraldian. Artikulu horrek zientzia-kazetaritzako CAF-Elhuyar sariaren merezidun egin zidan eta benetan eskertzekoa izan zen nire dibulgazio-lanari emandako sari hura. Honekin lotuta, baina, kontrako ondorioekin, 2018ko Eguberrien aurretik suizidioen mitoa azaldu nuen. Hain zuzen ere, pentsatzen denaren aurka, Gabonetan urteko beste edozein garaitan baino suizidio gutxiago gertatzen dira.

Dena da kimika

Kimikari izanik, elikaduran eta elikagaien osagaietan interesa dut eta dibulgazio-gai nagusitzat daukat. Ziur aski eguneroko bizitzarekin lotura gehien duen zientzia-gaia da eta guztiok dugu jakin-mina jaten dugunari buruz. Gainera, kimika asko ikasi eta irakatsi daiteke egunero sukaldean ikusten ditugun produktuak aztertuz. Nolabait, modu horretan kimika gertuago dagoela sentitzen dugu; izan ere, jarritako adibideak ez dira urruneko laborategi batean sintetizatutako konposatuak, gaur bertan supermerkatuan erosi ditugun produktuak baizik.

Ildo horretatik, arrautzen kimika azaldu dizuet –I, II eta III-, barazkien nitrato eta nitritoak zer diren kontatu dut eta espinaken burdinaz ere aritu naiz. Espinaken kasuan, azaldu nuen elikagai asko daudela burdin gehiago dutenak, baina, espinakek burdin asko dutela pentsatzearen arrazoia akats tipografikoa bat izan zela pentsatu izan zen -akatsaren mitoaren jatorria ere zalantzan jarri dute zenbait ikertzailek-. Sukaldeko kimikarekin jarraituz, haragi gordinaren kolorea zergatik den gorria azaldu dut, eta baita animaliak hil ostean muskulutik haragira pasatzeko prozesua ere. Orain badakizu zainzuriak jan osteko pixaren usaina zergatik den hain berezia -azido asparagusikoa da erantzulea- eta badakizu gehiegi jaten baduzu obesitateak dastamen papilak desagerrarazi egin ditzakeela. Elikagaien etiketetan agertzen diren E marken inguruko gorabeherak aztertu nituen, azpimarratuz E markak ez direla arriskuaren seinaleak eta horrek Frantziako ospitale bateraino eraman gintuen. E markadun koloratzaileen sekretuak ere ez dira gutxi, esaterako, konturatu gabe zanpatutako intsektuak jaten dituzula jakin zenuen. Antioxidatzaileak kaltegarriak izan daitezke eta patata frijituek osagai minbizi-sortzaileak dituzte, baina, ez da larritzekoa. Espageti gordinak ezin ziren erdibitu -MITeko ikertzaileek erdibitzea lortzeko metodoa proposatu berri dute- eta, baliteke hemendik gutxira kafea ondo hartzeko algoritmo matematiko bat egotea zure smartphonean.

2. irudia: Edari energetikoak eta alkohola nahastea oso arriskutsua da eta ondorio larriak ekar ditzake. (Argazkia: SocialButterflyMMG – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Berri txarrak ere izan dira: ez dago osasungarria den alkohol kontsumorik eta, momentuz, ez dago modurik asko edatearen ajea guztiz desagerrarazteko. Horren trukean, errusiar mendian ibil zaitezke giltzurruneko harriak kanporatzeko. Dena ez da txarra izango. Hori bai, kontrakoa entzungo duzun arren kafeak eta txokolateak ez dizute lagunduko bizitza luzatzen. Gozamen hutsez hartu beharko duzu edo, bestela, kafeinarik gabe har dezakezu deskafeinatzearen kimikaz ere aritu gara-eta. Aitzitik, kafeina gehiegi hartzen baduzu eta, gainera, alkoholarekin batera, zure osasuna arrisku larrian jarriko duzu.

Eguneroko bizitzan topatzen dugun kimikarekin jarraituz, erosi berria den arropa zergatik garbitzen dudan kontatu nizuen; izan ere, azalpen zientifikoa du. Garbitzea, alabaina, ez da prozesu perfektua. Garbigailuetan gertatzen diren erreakzio kimikoak azaldu nizkizuen, eta baita garbigailuen bidez gaixotasunak kutsa daitezkeela ere. Horretaz gainera, garbigailuetan gertatzen diren kolpe eta mugimenduen ondorioz mikroplastikoak askatzen dira hondakin uretara eta, hortik, itsasoak kutsatzen amaitzen dute. Hortik itsasoko organismoetara pasatzen dira, guk jan egiten ditugu eta, azkenean, mikroplastikoek gure kakan amaitzen dute bidea.

Uste okerrak agerian

Askotan uste okerrak ditugu eta horiek azaleratzea ere lan polita da. Sasizientzien aurka egin izan dut, esaterako, homeopatiak ezkutatzen zituen datuez hitz egin dugu eta ondorioztatu dugu ez dagoela iturri fidagarririk edo kontrastaturik homeopatek hainbestetan errepikatzen dituzten mantren jatorria argitzeko. Datuak puztuz homeopatia fidagarria eta arrakastatsua dela sinestarazi nahi izan digute. Orain badakigu hainbat kasutan nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino kaltegarriagoa dela ingurumenarentzat, neurogenesia zalantzan jarri behar dela, alegia, uste zenaren aurka, balitekeela helduaroan hipokanpoko neuronak ez birsortzea. Mike aurkeztu nizuen eta ikusi genuen oilasko bat bururik gabe bizi daitekeela -garunaren zati handi bat gabe behintzat-, eta, agian noizbait posible izango dela gizakien arteko gorputz transplanteak egitea.

Ikertzaile nintzeneko lanen berri ere eman nizuen: kosmetikoetan dauden alergenoen analisi-teknikak berrikusi nituen eta, horien artean, nire doktore tesiko aztergaiak izan ziren musketen eta eguzki-kremen osagaien berri ere eman nizuen. Beste ildo desberdin batekin jarraituz, iritzi-artikulutzat har daitezkeen batzuk ere kaleratu ditut. Beti azpimarratu nahi izan dut zientzia dibulgatzearen garrantzia eta ikerketen emaitzak euskaraz zabaltzearen garrantzia. Horrekin lotuta, Arabako Campusean kafetapintxo topaketak egin ziren ikertzaile euskaldunen sarea osatzeko asmoz eta, bertan adostutako ondorioak eta egoeraren argazkia azaltzen ere parte hartu nuen. Ea gogoetaren abiapuntu hark jarraipena duen.

3. irudia: Pilula homeopatikoek ez dute printzipio aktiborik. (Argazkia: detcos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Bien bitartean, zientzialariek taula periodikoa osatzen jarraituko dute -bide batez, 2019 taula periodikoaren nazioarteko urtea da-. Animaliak drogatu egiten dira, baina, drogak erabilita ere ez ditugu dinosauroak berpiztuko, ziur aski. Ikusiko duguna zera izango da: supermerkatuetan nola saltzen dizkiguten iruzurrak. Saldu ondoren, gainera, ez dugu ondo jakingo zer erosi dugun eta alarma faltsuekin izutuko gaituzte, Dalsy sendagaiarekin gertatu zen bezala. Hedabideek eta agintariek zenbakiekin gobernatzen gaituzte, datuen erabilera askotan okerra izaten baita helburu bat edo bestea lortzeko. Hala ere, espero dezagun beste gerra batera ez iristea, eta arma kimikoak inoiz erabili behar ez izatea -alabaina, ba al dago kimikoa ez den armarik?-.

Zientzia bera kritikatzeko aukera ez da galdu behar; izan ere, askotan ikerketak ez dira ondo egiten eta zientzialariok akatsak egiten ditugu -nahita edo nahi gabe-. Nik ere kakan dauden mikroplastikoei buruz idatzi nuena zuzendu eta hobeto azaldu behar izan nuen. Zientzia askotan ez da bidezkoa eta, tamalez, oraindik ez da lortu gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna zientzian. Hala ere, nire belarriak luzatzen jarraituko duten bezala, hemen eta uzten didaten lekuetan ekarpenak egiten jarraituko dut. Idazten. Dibulgatzen.


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.