Irakaskuntza laborategian, eguzki-kremak aztertzen

Argitalpenak · Dibulgazioa

Ikerkuntza eta irakaskuntza dira unibertsitateen bi oinarrizko funtzioak; lehenari esker ezagutza berriak lortzen dira, eta bigarrena ezinbestekoa da ezagutzak zabaltzeko. Zentzu horretan, erronka handia da unibertsitateko irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren arteko loturak bilatzea eta sendotzea.

Helburu horrekin, Kimikako Graduko ikasleei proposatu zitzaien Kimika Analitikoko ikerkuntza laborategian garatutako metodoetako bat aplikatzea, ikertzaileak balira bezala lan egin zezaten. Izan ere, kimikako ikasleen kasuan, sarritan oso era sinplifikatuan ikusten dituzte kimikaren aplikazio praktikoak, esaterako, kimika analitiko instrumentalaren erabilpena. EKAIAn argitaratutako artikuluan, proiektuaren oinarri teorikoak eta metodologikoak deskribatzen dira, eta irakasgaiaren gaitasunak eta ikasleek lortutako ikasketa-emaitzak aztertzen dira.

cremas solares
1. irudia: Bentzofenona lurringintzan eta perfumerian erabiltzen den zetona aromatikoa da. Eguzki-kremetan erabiltzen dira izpi ultramoreak (UV) iragazteko.

Kimikako ikasleek garatutako proiektuaren helburua bentzofenona-4 (BZ4) ultramore-iragazkia kuantifikatzeko balio duen metodo merke eta erraza garatzea zen eta, ondoren, eguzki-krema baten BZ4ren kontzentrazioa determinatzea.

Eguzki-kremen konposizioan zenbait konposatu kimiko daude, ultramore-iragazki izenekoak, eta erradiazio ultramorea azalera iristea saihesten dutenak. Konposatu kimiko horiek organikoak edo ez-organikoak izan daitezke; organikoak gai dira UV erradiazioa xurgatzeko eta ez-organikoak UV erradiazioa islatzeko. Konposatu organikoen artean, bentzofenonak dira UV-iragazki ugarienetakoak eta, bentzofenonen artean bentzofenona-3 (BZ3) eta bentzofenona-4 (BZ4) deribatuak dira erabilienak. BZ-4 (azido 5-bentzoil-4-hidroxi-2-metoxi-bentzenosulfonikoa) erradiazioa irazten laguntzen duen zetona aromatikoa da; alegia, erradiazioa xurgatu eta bero modura igortzen du; horretxegatik erabiltzen da UV-iragazki moduan eguzki-kremetan. Bestalde, Europar Batasunak 1223/2009 araudian ezartzen ditu kosmetikoei buruzko mugak eta arauak eta BZ4ren kasuan, %5 da kosmetikoetan izan dezakeen kontzentrazio maximoa.

Eguzki-kremaren BZ4 kontzentrazioa determinatzeko, ikasleek kromatografia elektrozinetiko mizelarra (MEKC) erabili zuten, alegia, elektromigrazio teknika mota bat. MEKC teknikari esker, aztertu nahi diren konposatuen banaketa lortzen da silize urtuzko kapilar batean zehar. Kapilarraren amaieran ultramore detektagailua dago eta bertan konposatuek seinale kuantifikagarria ematen dute. MEKC bidezko banaketak honako hiru efektu hauei esker lortzen dira:

1) Elektroosmosia (fluxu elektroosmotikoa): kapilarraren ezaugarriei esker agertzen da eta konposatu guztiei eragiten die.

2) Elektroforesia: partikula kargadunek eremu elektriko baten menpean duten mugimendua da eta, partikularen kargaren eta tamainaren arabera gertatzen da.

3) Konposatu-mizela elkarrekintzak: kapilarrean mizelak osatzen dituen surfaktantea gehitzen da eta, zenbait konposatuk, mizela horiekin elkarrekintzak dituzte.

Metodo analitikoa balioztatu eta kalibratu ondoren, ikasleek teknika instrumental horren bidez eguzki-krema bat analizatu zuten, EAEko saltoki-gune batean erositakoa. 2. irudian ikus daiteke analisian lortutako elektroferogrametako bat, alegia, ekipoaren detektagailuan jasotako seinalea.

2. irudia: Produktu kosmetikoari dagokion elektroferograma, 250 nm-an erregistratua. Identifikatu gabeko konposatu bat (1) eta BZ4 (2) aurkitu dira. (Irudia: Uxua Huizi eta Eider Otegi)
2. irudia: Produktu kosmetikoari dagokion elektroferograma, 250 nm-an erregistratua. Identifikatu gabeko konposatu bat (1) eta BZ4 (2) aurkitu dira. (Irudia: Uxua Huizi eta Eider Otegi)

Ikasle talde guztiek laborategian egindako analisien emaitzak, berriz, 3. irudian jasota daude.

3. irudia: Ikasle talde guztien emaitzak taula baten adierazita. (Batez bestekoa ± desbideraketa estandarra).
3. irudia: Ikasle talde guztien emaitzak taula baten adierazita. (Batez bestekoa ± desbideraketa estandarra).

Ikasleek lortutako ondorioei dagokienez, laginak Europako Araudiak ezarritakoa betetzen zuela frogatu zuten, BZ4 kontzentrazioa %5 (w/w) baino txikiagoa baitzen. Irakaskuntza-ondorioei dagokienez, ikasleek lortutako ikasketa-emaitzak aztertuta, proposatutako esperientzia positiboa eta aberasgarria izan da. Ikasleek ikasketa-emaitza sistemikoak (helburuak formulatu, hipotesi zientifikoak proposatu, ezagutza analizatu…), instrumentalak (informazio-iturria bilatu, idatzizko komunikazioa landu, ezagutza teorikoak praktikan jarri, emaitza esperimentalak interpretatu…) eta pertsonen artekoak (taldean lan egin, argudio zientifikoak aurkeztu…) eskuratu dituzte. Proiektuari buruzko xehetasun guztiak Irakaskuntzak eta ikerkuntzak bat egiten dutenean: bentzofenona-4 ultramore-iragazkiaren kuantifikazioa artikuluan deskribatuta daude. Dena den, aipatu behar da, aurrerantzean ikasleen iritziak, iruzkinak eta kritikak jasotzeko tresnak prestatzea ere onuragarria izango da irakaskuntza-proiektua hobetzeko.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Artikuluaren izena: Irakaskuntzak eta ikerkuntzak bat egiten dutenean: bentzofenona-4 ultramore-iragazkiaren kuantifikazioan
  • Laburpena: Kimikako ikasleek sarritan oso era sinplifikatuan ikusten dute kimika analitikoa. Artikulu honetan graduko ikasleei zuzendutako ikerkuntza proiektu sinple bat proposatzen da, ikasleak ikerkuntza metodoekin ohitu daitezen. Zehazki, kromatografia elektrozinetiko mizelarrean oinarritzen den bentzofenona-4 ultramore-iragazkia determinatzeko metodo erraz eta merke baten garapena deskribatzen da. Erradiazio ultramorea xurgatzeko, islatzeko edo sakabanatzeko duten gaitasunari esker, ultramore-iragazkiek azala babesten dute erradiazioaren kalteetatik. Ultramore-iragazkiak eguzkitarako produktu kosmetiko askoren formulazioetan erabiltzen dira osagai aktibo moduan. Proiektua amaitutakoan ikasleek eskuratu behar dituzten ikasketa-emaitzak ere deskribatzen dira.
  • Egileak: Uxua Huizi, Estibaliz Otegi eta Josu-Lopez Gazpio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 345-360

Egileez: Uxua Huizi (@UxuaHuizi) eta Estibaliz Otegi UPV/EHUko Kimika Zientzien Fakultateko, Kimika Graduko ikasleak dira eta, Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Aplikatua saileko irakaslea.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia aldizkaria 27. alea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.