Kimika, kimikoak, kimikariak, kimifobia eta euskara

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela urte batzuk, honako hau irakurri nuen plataforma ekologista baten pankarta batean: “Los químicos van a acabar con el planeta”.

Kimikaria naizenez, izugarrizko ikara hartu nuen, nik honela ulertu nuelako: “Kimikariek akabatuko dute lur-planeta”. Argitu behar dut sustoa ez nuela hartu “akabatu” eta “planeta” elkarrekin jartzean sortzen den mezu fatalistaren ondorioz. Ordez, sosegurik ezin nuen hartu pentsatzean geu kimikariok ginela horren errudun. Zorionez, handik gutxira konturatu nintzen mezua hauxe zela: “Produktu kimikoek akabatuko dute lur-planeta”. Orduan lasaitasun pixka bat hartu nuen. Mezuaren fatalismoa antzerakoa zen modu berrian irakurrita ere, baina gutxienez geu kimikariok ez ginen bekatari zuzenak…

Gero eta mezu kimifobiko gehiago ikusten ari gara gure gizartean. “Kimifobia” terminoa ez dago hiztegietan oraindik, baina pentsamolde baten ezaugarria da, adierazten duelako kimikarekin zerikusia duen guztiarekiko gorrotoa. Mezu dikotomikoa da: naturala dena ona da eta kimikoa (sintetikoa) dena, txarra. Oraingo honetan, baina, nire asmoa ez da zentzurik gabeko mezu kimifobikoei aurre egitea. Izan ere, pankartaren pasadizoan agerian geratzen diren hizkuntzen berezitasunak azpimarratu nahi nituen. Hots, ingelesez “chemical products” gabe, “chemicals” terminoa erabiltzen da askotan, eta, horrekin lotuta, batzuek itzulpen zuzena egiten dute gaztelaniara: chemicals=químicos.

kimifobia 1
1. irudia: “Chemicals” hitzaren esangura “produktu kimikoak” da. (Argazkia: junksscience.com)

Gaztelaniaz, “químico” hitza izen modura erabiltzen denean kimikaren profesionala aditzera eman nahi da, kimikaria, alegia. Beraz, zorionez, euskaraz halako nahasterik ezin da egin, atzizki egokiak dauzkagulako izena (kimikaria, químico, chemist) eta adjektiboa (kimikoa, químico, chemical) elkarrengandik bereizteko.

2. irudia: Iragarki kimifobiko baten adibidea non “químico” adjektiboa erabiltzen baita substantibo modura.
2. irudia: Iragarki kimifobiko baten adibidea non “químico” adjektiboa erabiltzen baita substantibo modura.

Hala ere, “kimiko” eta “químico” hitzak gero eta gehiago erabiltzen ari dira “produktu kimikoak” terminoaren ordez.

Gaztelaniaz, iragarki askotan daukat ikusita hori, eta gaineratu behar da nahaste hori mezu kimifobikoei atxikita ikus daitekeela beti. Beraz, mezu kimifobikoak plazaratzen dituztenek kimika askorik ez dakitela pentsa dezakegu. Hori egia da hainbatetan, baina ez beti. Hau da okerrena: mezu horiek industria kimikotik bertatik sortzen dira gehienetan, haien produktuei gehiegizko baloreak eman nahi dizkietelako. Merkatu-balore horiek ezagunak dira: osasunerako produktu “naturalak” edota ingurumenerako produktu “berdeak”. Zoritxarrez, borondate oneko lagun asko dabiltza zabaltzen mezu horiek. Seguruenik, halakoak izango ziren ikusi nuen pankartaren atzean zeudenak. Alabaina, gogo onekoa izatea izan eta kimika ezagutzea ez da gauza bera.


Egileaz: Gotzone Barandika UPV/EHUko Kimika Ez-Organikoko irakaslea da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude