Villejuifeko Ospitaleak inoiz esan ez zuena

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azken urteotan bada elikagaien segurtasunarekiko kezka handia, eta baita ustez osasungarriagoak diren dietak jarraitzeko moda. Gehiegizko kezka honi probetxua atera nahian, sasi-zientzian eta zurrumurruetan oinarritutako dietak eta elikagai miragarriak nonahi aurki daitezke. Elikagaien publizitateak ere sarritan erabiltzen ditu gezurtxoak, informazio nahasgarria edo, zuzenean, iruzurrak haien produktuak saltzeko.

Ziur nago entzuten diren zurrumurru guztietatik, hau zuk ere entzun duzula noizbait: E identifikazio-kodea duten elikagaien osagaiak kaltegarriak dira osasunarentzat.

1. irudia: Limoiak azido zitrikoa du, E 330 identifikazio-kodea duena. (Argazkia: Buntysmum/Pixabay.com)

Duela 15 bat urte-edo entzun nuen lehen aldiz E markadun osagaiak kaltegarriak zirela. Ez hori bakarrik, askok minbizia eragin zezaketela ere esaten zen. E-dun osagai horiek elikagaien etiketan agertzen ziren eta, ziotenez, E kodearekin adierazitako zenbat eta osagai gehiago, produktu hori are toxikoagoa zen. Zenbait urtetan zehar pentsatu nuen hori horrela zela, baina, orain badakit E markak sailkapen kodeak besterik ez direla, konposatu hori aztertua izan dela adierazteko eta haren identifikazioa eta erabilpen arauak errazteko. Izatez, E markak ez du adierazten konposatua ona edo txarra den, ezta naturala edo artifiziala den ere. Identifikazio-kode bat besterik ez da —hain zuzen, E hizkiak Europa adierazten du—. Kodeek adierazten dute osagai hori koloratzailea, kontserbagarria, antioxidatzailea, erregulatzailea, eta abar den eta modu horretan errazagoa da haien sailkapena eta erregulazioa. Nondik dator, bada, E zenbakidun osagaiak minbizia eragiten dutela pentsatzeko uste oker hori?

Villejuifeko panfletoa

1976ko udaberrian, elikagaietan zeuden zenbait osagai arriskutsu zerrendatzen zituzten esku-orriak zabaltzen hasi ziren Frantzian. Esku-orrian E zenbakiak sailkatzen ziren, batzuk minbizi sortzaileak eta beste batzuk toxikoak zirela esanez. Panfletoa idazmakinaz idatzita zegoen, nahiko modu traketsean, eta osagai horiek erabiltzen zituzten konpainiak ere aipatzen ziren: Coca Cola eta Schweppes tartean ziren, besteak beste. Bertan zioten konpainia horien produktuetan minbizi sortzaileak ziren osagaiak zeudela, naiz eta osagaiok Frantzian onartuta egon. Panfletoaren lehen bertsioetan, zerrenda hori Pariseko ospitale batetik zetorrela besterik ez zen argitzen. Esku-orrian, osagai eta konpainia horiei boikota egitera deitzen zen.

2. irudia: Esku-orriaren bertsio honetan agertu zen Villejuifeko ospitalearen aipamena eta E marka duten osagaien sailkapena. Ikus daitekeenez, toxikoena azido zitrikoa, E 330, dela dio panfletoak (Argazkia: Wikiwand.com)

Pixkanaka, panfletoaren beste bertsio batzuk ere zabaltzen hasi ziren. Guztietan toxikotasunaren araberako ustezko sailkapen bera egiten zen, baina, Parisko ospitale hori Villejuifeko ospitalea zela aipatzen zen —minbiziaren ikerkuntzan ospea zuen ospitalea—. Villejuifeko ospitaleak behin eta berriz errepikatu zuen ez zuela zerikusirik E markadun osagaien sailkapen horrekin eta, era berean, toxikologoak eta ikertzaileak azkar konturatu ziren zerrenda hura iruzur hutsa zela. Konposatu horiek ez zuten osasunarentzat inongo arriskurik eta araudi guztiak betetzen zituzten. Esate baterako, E 330 konposaturik toxikoena zela esaten zen Villejuifeko zerrenda hartan, baina, E 330 limoietan dagoen azido zitrikoa besterik ez da.

Adituak hasieratik panfletoaren aurka egon baziren ere, oso azkar zabaldu zen eta 10 urte baino gehiagotan egon zen panfletoa esku batetik bestera mugitzen. 1996ko ikerketa baten arabera, Frantziako kontsumitzaileen erdiek zurrumurrua entzun zuten noizbait. Ziotenez, Villejuifeko panfletoarena garai hartako zurrumurrurik zabalduenetakoa izan zen eta Frantziatik abiada bizian zabaldu zen Britainia Handira, Alemaniara, Italiara eta Europako beste hainbat herrialdetara —eta hortik Ekialde Hurbilera eta Afrikara—. Antza, Villejuifeko zerrendako jatorria freskagarri konpainia batekin gertatutako lan arazoak izan ziren eta konpainia kaltetzeko asmotan hasi ziren zabaltzen osagaien ustezko toxikotasun hori, baina, egiari zor, inoiz ez da argitu dokumentua nork edo nortzuk idatzi zuten.

Gezurren hanka luzeak

Villejuifeko zerrenda zabaltzearen erantzuleetako bat zurrumurru haren aurka egindako ahalegin eskasak izan ziren. Tartean sartuta zeuden konpainiek hasiera batean ez zuten erantzunik eman, eta kontsumitzaileen elkarteen, Frantziako Osasun Ministerioaren eta adituen mezuak eskasak izan ziren. Hain zuzen ere, horretan datza zientzia-komunikazioaren beste zereginetako bat: zurrumurru, gezur edo zientziaren aurka doazen ekintzak gizarteari azaltzea, bide eta neurri posible guztiak erabiliz.

Alarma faltsuen arriskua ez da desagertu eta, are gehiago, orain zurrumurruek bide askoz hobe eta azkarragoak dituzte zabaltzeko. Adibide bat jartzearren, duela urte bete inguru Dalsy sendagaiaren kasuak alarma handia eragin zuen inongo zentzurik gabeko informazio batetik abiatuta. Kasu hartan E 110 koloratzailea izan zen erruduna, Zientzia Kaieran azaldu nuen moduan. Kalkulu sinpleen bitartez ikus zitekeenez, albo ondorioak pairatzeko egunean 3 botila edan behar ziren, hortaz, sendagaiaren erabilpen arruntean ez zegoen inongo osasun arriskurik. Zurrumurruek, ordea, hanka luzeak izaten dituzte eta, pentsa, Villejuifeko ospitalearen kasuan bezala, 40 urte baino gehiago pasa diren arren oraindik entzun behar izaten dela E markadun gehigarriek minbizia eragiten dutela.

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.