Alarma faltsuen arriskuaz: Dalsy kasua

Josu Lopez-Gazpio

Irailaren 19an Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi zuen Dalsy sendagaiaren erabilera-orrian «ez direla aipatzen» botikak eragin ditzakeen albo ondorio batzuk. Era berean, Facuak AEMPS Botika eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari jakinarazi zion “Dalsy 20 mg/L” sendagaiaren E 110 izeneko koloratzaileak ondorio kaltegarriak ekar ditzakeela botika hartzen duten haurren arretan eta jardueran.
Hedabide askok Facuaren oharraren berri eman zutela, Dalsy erabiltzen duten pediatren eta gurasoen kezka eragin zuten. Goiz hartan sendagaia bizi-bizi ibili zen, hedabide askoren titulu sentsazionalistek lagunduta eta esate baterako, Dalsy joera nagusi —trending topic— izan zen twitterren. Dalsyren albo ondorioak ezkutatzeko konspirazioa ote dago? Seguru al daude gure haurrak? Justifikatua al zen Facuak eragindako alarma? Tira. Zientziak dauka erantzuna.
dalsy

1. irudia: Dalsy 3 hilabete eta 12 urte bitarteko haurrei ematen zaien ohiko medikamentua da. Min arinak leuntzeko eta sukarra jaisteko usu erabiltzen den antipiretikoa da.

Dalsy sendagaia sukarrari eta min arinei aurre egiteko errezetatzen da, eta ibuprofenoa du oinarri. Fitxa teknikoan irakur daiteke zenbait gehigarri dituela eta, horien artean, E 110 koloratzailea dagoela 0,1 mg/mL kontzentrazioan. E 110 koloratzaileak ilunabar-hori edo hori-laranja kolorea du —ingelesez, Sunset yellow delako kolorea— eta koloratzaile azoikoa da. E 110 egunero jaten ditugun elikagai askotan dago, esate baterako gozokiak, marmeladak, arrain prozesatuak, artozko aperitiboak, mostaza eta pastelgintzako produktuak bezalako elikagaietan.

Sendagaiaren erabilera-orrian jakinarazten da E 110 koloratzaileak alergia eta asma eragin ditzakeela, AEMPSen arauek dioten moduan —ikusi dokumentuaren 18. orrialdea—. Hala ere, esana den bezala, Facuaren arabera, haurren arretan eta jardueran ondorio kaltegarriak izan ditzakeela ere ohartarazi beharko litzateke. Hain zuzen ere, elikagaien gehigarriei buruzko 1223/2008 Europako Araudian azaltzen da koloratzaileak ondorio horiek eragin ditzakeela. Facuak hori hartzen du oinarri, Dalsyren erabilera-orrian arriskua adierazi egin behar dela eskatzeko —Bidenabar, zergatik Dalsy aipatu, eta ez koloratzaile hori duten beste hainbat sendagai?—.

Galdera hau egin liteke: Nola da posible Europako Araudiak toxikoa izan daitekeen substantzia bat onartzea elikagaien gehigarri moduan? Bada, dena —bai, den-dena— toxikoa izan daitekeelako. Horregatik definitzen da ADI Eguneko Ingesta Onargarria (Acceptable Daily Intake) delakoa egunero har daitekeen substantzia jakin baten kantitate modura. Kantitate horrek ez luke osasun-kalterik eragingo, bizitza osoan zehar egunero hartuta ere. EFSA Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintarien Taldearen berrikuspenen arabera, E 110 koloratzailearen ADIa 4 mg/kg/egun datxosten osoa, 2014koa, Interneten dago irakurgai—. Horrek esan nahi du, adibidez, 60 kg-ko lagun batek 240 mg E 110 koloratzaile jan ditzakeela egunero eta bizi guztian zehar, eta ez diola inolako osasun arazorik eragingo.

Azaldutako datuekin kalkulu azkar bat egiten badugu, ikusiko dugu 14 kg-ko haur batek Dalsy hartuta Eguneko Ingesta Onargarria gainditu dezan —harentzat 56 mg lirateke— egunean 560 mL baino gehiago hartu behar dituela. Alegia, koloratzailearen albo ondorioak nabaritzeko ia 3 botila Dalsy edan beharko lituzke egunero. Esan beharrik ez dago koloratzailearen albo ondorioak pairatu aurretik ibuprofeno gaindosia jasango duela. Sendagaiaren fitxa teknikoan irakur daitekeen posologian ere ohartarazten da 24 orduan, gehienez, 21 mL har ditzakeela haur horrek.

2. irudia:

2. irudia: Dosi gomendatuetan eta are handiagoetan ere, Dalsy-k daukan koloratzaile kopuruak ez ditu sortzen Facua kontsumitzaileen elkarteak aipatu izan dituen albo ondorioak.

Gauzak horrela, ez dauka inongo zentzurik erabilera-orrian koloratzailearen albo ondorio horiek adierazteak edo albo ondorioak ezkutatu direla iradokitzeak. Bestela, antzeko logikari eutsita, ur botilen etiketan adierazi beharko litzateke heriotza eragin daitekeela —ur gehiegi edaten baduzu hiponatremiaz hil zaitezke eta—. Antzeko kasu bat gertatu zen AEBetan: Coca Cola freskagarrian minbizi-eragilea izan zitekeen karamelu bat (E 150d) zegoela jakin zen. Eztabaidarik ez sortzeko, Coca Colak gehigarri horren ordez beste bat jarri zuen, baina, kalkuluak eginez, ikusten da minbizi arriskua izateko egunean 21.000 freskagarri lata edan beharko liratekeela. J. J. Iruinek bere blogean eman zuen kontu horren berri, eta, ederki esan zuenez, lehenago itoko zara Coca Cola tsunamian E 150d karameluak zerbait egin aurretik.

Dalsyren kasura itzuliz, koloratzailearen albo ondorioak adieraztea zentzugabea deneko ondoriora iristeko nahikoak izan dira Interneten eskuragarri dauden txosten ofizialak eta Bigarren Hezkuntza mailako kalkuluak egitea. Sarean zientzialari eta mediku asko azalpenak ematen saiatu dira —azpimarratzekoa da, esaterako, José Manuel López Nicolasen ekarpena Scientia blogean—. Hainbat hedabidek ere adituekin batera egiaztatu dute informazioa, albiste alarmistak eta sentsazionalistak ez argitaratzeko. Tamalez, guztiek ez dute hori egin eta alferrikako kezka eragin dute. Gainera —eta hau oso garrantzitsua da—, azpimarratu behar da Facuak aipatzen duen Europako Araudia elikagaiei zuzenduta dagoela, hau da, egunero eta normaltasunez har ditzakegun produktuei zuzenduta. Sendagaiak zeharo desberdinak dira eta une jakin batzuetan baizik ez ditugu hartzen, gaixorik gaudenean. Elikagaiei buruzko Europako Araudia ez da botikei aplikatzekoa.

Hortaz, zer dugu Dalsy dela eta? Bada, ezer ez. Facuak eta zenbait hedabidek sortu duten alarma zentzugabea eta neurrigabea izan da. Mostazak 50 mg/kg E 110 izan ditzake araudiaren arabera eta izokin prozesatuak 200 mg/kg —Dalsyk baino gehiago— eta guztia bere neurrian janda, ez da inongo osasun arazorik gertatzen. Egia da Facuak ez duela koloratzailearen beraren erabilpena zalantzan jartzen, baina Dalsyn ohartarazpen hori ez egotea ez da legez kanpokoa, araudia elikagaiei zuzenduta dagoelako. Hori dela eta, Facuaren oharra sentsazionalista eta alarmista da, sendagai baten albo ondorioak ezkutatu egin direlako susmoa zabaldu baitu. Hedabideei eskatu behar zaie plazaratzen duten informazioa adituekin egiaztatzea. Horrelako alarma faltsuek sendagaiekiko mesfidantza eragin dezakete eta botikak arriskutsuak direla pentsatzera iritsi gaitezke daiteke. Horrela arnasa ematen zaio sasimedikuntzari.

Post scriptum

Irailaren 23an AEMPSek ohar bat argitaratu zuen Dalsyren erabilera-orria, etiketa eta fitxa teknikoa egokiak direla esanez. Facuaren erantzuna ere sarean irakurgai dago.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–

3 iruzkin

Eman iritzia

idoia mujikaidoia mujika

era zoragarrian azalduta. STOP #quimifobia

Josu L-GJosu L-G

Eskerrik asko, Idoia!

Villejuifeko Ospitaleak inoiz esan ez zuena - Zientzia Kaiera

[…] zentzurik gabeko informazio batetik abiatuta. Kasu hartan E 110 koloratzailea izan zen erruduna, Zientzia Kaieran azaldu nuen moduan. Kalkulu sinpleen bitartez ikus zitekeenez, albo ondorioak pairatzeko egunean 3 botila edan […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>