“Vamos a comprar mentiras” liburuaren erreseina

Argitalpenak · Dibulgazioa

José Manuel López Nicolas Murtziako irakasleak idatzi du “Vamos a comprar mentiras. Alimentos y cosméticos desmontados por la ciencia” liburua. Egilea Scientia zientzia-blogaren arduraduna ere bada, eta bide batez esan beharrekoa da hainbat sari jaso dituela blogak. Blogean idazten dituen artikuluen antzera, nabari da ikerketa-lantzat har litekeen liburu honetan ere dokumentazio eta bibliografia lan izugarria egin duela. Horri esker, liburuan hainbat elikagairen eta kosmetikoren ezaugarriei buruzko zientzia-argudioak ematen dizkigu, eta ez iritzi hutsalak (horra kontu garrantzitsua).

Liburua irakurri ondoren, ziurtatzen dizut beste era batera ikusiko dituzula supermerkatuko apalategietan dauden elikagaiak, kosmetikoak eta haien etiketak.

1. irudia:
1. irudia: Irakurtzen dituzue erosten ditugun elikagai, kosmetiko eta bestelako produktuen etiketak ala publizitatearen eraginez erosten dituzue?

Liburuaren hasieran, guztiok ezagutu beharko genukeen erakunde bat aurkezten digu egileak: EFSA Elikadura Arloko Segurtasunaren Europako Agintarien Taldea. EFSAren aldizkari ofizialean argitaratzen da elikagaien eta elikagaien osagaiei buruzko informazioa, irizpide zientifikoei jarraituz. Liburuan sarritan aipatzen dira EFSAren txostenak, eta bertara jo beharko luke egiazko informazio bila dabilen edonork.

Hurrengo bost kapituluetan López Nicolasek elikagai funtzionalak ditu aztergai, eta hori dela eta, goraipatzekoa da elikagai guztien izen-abizenak erakusten ematen dituela jakitera. L. casei ona al da immunitate-sistemarentzat? Osasungarria ote da kaltzio eduki handia duen esnea edatea? Eraginkorrak al dira kolesterola gutxitzen duten produktuak? Galdera hauek eta beste hainbat erantzuten ditu “Vamos a comprar mentiras” liburuan. Era berean zorrotz aztertzen dira edari energetikoek dituzten arriskuak eta publizitatean erabiltzen den sasi-zientzia.

Zazpigarren atalean, egileak zehatz aztertzen ditu hainbat fundazio eta erakunde, elikagaien ustezko ezaugarri osasungarriak babesten dituztenak. Hurrengoan, aldiz, nanoteknologiak elikaduran izango duen garrantziaz aritzen da, alde onen eta txarren berri emanez.

Bigarren atalaren bukaerara iritsi orduko, bistakoa da liburuaren izenburuaren zergatia, baina kontsumitzaile zaren aldetik, zure haserrea kosmetikoei eskainitako sei kapituluetan iritsiko da puntu gorenera. Adibide zehatzak eta zientzia-datu ugaritan oinarrituta, hainbat mito desegin egiten dituela ikusiko duzu: krema antioxidatzaileak, argaltzeko produktuak, DNA edo zelula amak dituzten kremak, eta abar. Liburuan aipatzen diren produktuak noizbait erosi badituzu, ispiluan zure aurpegia begiratu eta ea zer ikusten duzun. Ikusi hau gosegarri modura: azalaren funtzioak egoki mantentzeko, laranja bat jatea eraginkorragoa da 30 euro balio dituen nutrikosmetiko bat baino.

2. irudia: Vamos a comprar mentiras liburuak kontsumitzaileei lagundu nahi die, osasunari eta ekonomiari eragiten dieten erabakiak hartzeko orduan irizpideak izaten.

Iruzurrak detektatu ahal izateko, kapitulu didaktiko bat idatzi du López Nicolasek eta EFSAren webgunean informazioa nola bilatu azaltzen du. Irakasle izanik, gainera, etxerako lanak ere agintzen dizkigu ikasitakoa praktikan jar dezagun. Egileak proposamenak ere egiten ditu publizitatean dagoen lizunkeria amai dadin. Araudia du jomuga, eta haren ahuleziak kontatzen dizkigu (Scientia blogean ere izan genuen izartxoaren estrategiaren berri). Argi ohartarazten gaitu kosmetikoez arduratu beharko litzatekeen EFSAren pareko erakunde baten beharraz ere. Edonola ere, egoera honek erantzule asko dituela argi du eta azken kapituluan zerrendatzen ditu (eta zientzialariok eta kontsumitzaileok ere errietaren zati bat jasotzen dugu bertan).

Aspalditik sartzen nintzen Scientia blogean a eta liburua noiz aterako zain nengoen. Liburu osoan zehar mantenduko ote zen blogak duen freskotasuna eta zientzia komunikatzeko erraztasuna? Alderdi horretatik, López Nicolasek ez du huts egin liburuan, eta bere estilo zorrotz eta entretenigarrian aztertzen ditu hainbat elikagai eta kosmetiko. Ez da lan erraza, baina, erabiltzen dituen argudio guztiak zientzian oinarrituta daude. Hortaz, liburua gomendagarria izateaz gainera, ezinbestez irakurri beharrekoa da iruzurgileen atzaparretatik at egongo bagara. “Vamos a comprar mentiras” liburuaren atzeko azalean irakur dezakegu egilearen helburua ez dela zer erosi behar dugun esatea.

Egia da. Oinarri zientifikoa duten produktuen kasuan (bai, baten bat badago) argi eta garbi aitortzen du horrela dela. Zenbait produktuk (gutxi batzuk, zoritxarrez) zientzia dute oinarri eta, kasu horietan, egileak argi eta garbi aitortzen du zientzia behar den bezala erabili dutela.

Liburu honek agerian jartzen du zientzia-dibulgazioaren garrantzia, hau da jarrera kritikoa izatearen garrantzia. Kontsumitzaile garen neurrian, gure osasunari eta ekonomiari eragiten diete hartzen ditugun erabakiak. Ederki ohartuko zara publizitatea arrisku handiko oihana dela. Kontuz izartxoekin; izan ere, erabaki egokiak hartzeko informazio osoa ezagutu behar da. Marketinak txanponaren aurpegi bat erakusten dizu; eta liburu honek, bestea.

Argitalpenaren fitxa

  • Izenburua: Vamos a comprar mentiras. Alimentos y cosméticos desmontados por la ciencia.
  • Egilea: José Manuel López Nicolás
  • Argitaletxea: Cálamo
  • ISBNa: 978-84-96932-95-1
  • Orrialdeak: 368
  • Prezioa: 21,90 €

Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Aplikatua saileko irakaslea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.