Millarca Valenzuela Picón: «Meteorito bat aztertuz egin nintzen geologo»

Ikertzen dut

4 min

Millarca Valenzuela Picón: «Meteorito bat aztertuz egin nintzen geologo»

Millarca Valenzuela Picón Txileko Universidad Católica del Norteko Zientzia Geologikoen Saileko irakasle elkartua da. Geologian titulatu zen (2004) Txileko unibertsitatean eta zientzietan doktorea da, geologiako aipamena (2011), unibertsitate horretan bertan.

Ikerketaren ardatz planetaren osaera izaten du eta meteoritoak aztertzen ditu horretarako; batez ere, Atacamako basamortukoak, Txile, bederatziehun ale baino gehiago aurkitu baitira basamortu horretan.

11819 asteroideari Millarca izena jarri zioten eta Txileko emakumezko geologo baten izena erabili zuten lehenengo aldia izan zen; meteoritoen arloan bere ikasketek egindako ekarpenen omenez jarri zioten izen hori. 2008an L’Oréal-UNESCO “For Women in Science” beka irabazi zuen, CONICYT erakundearen babesarekin.

Millarca Valenzuela Picón
Irudia: Millarca Valenzuela Picón ikertzailea. (Argazkia: Millarca Valenzuela Picónek emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa arlo nagusia meteoritika da. Zerikusia duten beste arlo batzuk ere aztertzen ditut, hala nola inpaktuzko kraterrak eta horietako materialak, astrobiologiako gaiak ere bai, meteoritoak erabiliz. Gainera, geoondareko eta geoetikako gaietan parte hartzen dut eta lankidetzan aritzen naiz.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Antofagastan jaio nintzen, Txileko astronomiaren eta geologiaren hiriburuan, eskualde horretan Atacamako basamortuak sekulako baldintzak eragiten baititu. Zientziara egin nuen lehenengo gerturaketa astronomiaren bidez izan zen eta hiriburura joatea erabaki nuen astronomo gisa prestatzera. Egonaldi hartan, lehenengo urteetan baterako plana dago zientzia fisikoetan eta matematikoetan eta geologiaren berri izan nuen; azkenean, bide hura hartu nuen, baina beti ikuspegi planetariotik. Meteorito bat aztertuz egin nintzen geologo eta zeruaren eta Lurraren arteko zubi direla jakin nuen, gure Eguzki Sistemako planeten jatorria deszifratzeko arrokarik garrantzitsuenak dira eta biziaren jatorria ulertzeko giltzarriak ere bai. Hala egin nituen doktore izateko ikasketak, Atacamako basamortuan aurkitutako meteoritoak aztertuz, eta urte horietan jakin genuen toki honetan zerbait aparta gertatzen dela: meteoritoak hiru milioi urtez gorde daitezke! Munduko beste basamortu batzuetan askoz lehenago bihurtzen dira erregolito (milaka urtean, ez milioika urtean). Beraz, ikerketa lerro berri honetan zientzialari espezialista gehiago prestatzea erabaki nuen nire herrialdean.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Bide zientifikoa indar handiz sentitu izan dut haurtzarotik, beharbada ama erizaina nuelako eta gizakion osasunaren arloan ikerketaren bidez lortutako aurrerapenez asko hitz egiten zidalako. Amak aipatu zizkidan Louis Pasteur, Florence Nightingale eta munduan hilkortasun tasak behera egiteko lanean aritu ziren beste hainbat. Aitak ere eragina izan zuen, liburu garrantzitsuak aurkeztu baitzizkidan, zientziaren historiari buruzko kontzientzia esnatzeko balio izan zidaten liburu haiek, batez ere astronomiari buruzkoa. Colin Wilsonen Buscadores de Estrellas liburuak txunditu egin ninduen, izan ere, behaketa sakonaren bidez eta jaio ziren garaien eraginik gabe, zientzialari hauetako askok ezagutzak finkatzen joan ziren denboran eta sinesmenak hankaz gora jarri zituzten. Nerabezaroan Ines Gurutzekoak inspiratu ninduen, jakin-minez beteriko buru zientifikoa zuen eta moja joatea erabaki zuen XVII. mendeko Mexikon emakumeentzat eginda egoten zen bideari jarraitu ordez.

Meteoritikan geroago etorri ziren nire erreferenteak, doktore ikasketak egiten ari nintzela, nazioarteko hitzaldietara joan eta emakume harrigarriak ezagutu nituenetan, baita Hegoaldeko Amerikan ere, meteoritikaren aitzindariak beren herrialdeetan, hala nola, Dra. Rosa Scorzelli Brasilen eta Argentinan, oso eskuzabalak beren ezagutzarekin eta esperientziarekin. Arlo zientifikoan elkarrekin jarduteko zortea izateaz gain, pertsonalean ere jardun naiz, nazioarteko batzarretan landara egiten ziren irteeretan eta gero Txilera gonbidatu ere bai, Txileko meteoritoen ikasleei mintegiak ematera.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Ekarpenak egiten jarraitu nahi nuke, Lurrak kanpotik jasotzen duen materialen fluxua ulertzeko, Atacamako basamortuko meteoritoek eskaintzen diguten denboraren leihotik (gaur egunetik duela 4 milioi urte ingurura arte). Horretarako gaur egun garrantzitsuena espoliaziotik babestea da, herrialde desberdinetatik bildumagile taldeak etortzen baitira basamortura eta eraman egiten dituzte, babesteko legerik ez dagoelako. Ia 20 urte daramatzagu eta babesteko 4 lege proposamen egin ditugu, baina oraindik ez da ezer zehaztu.

Nire funtsezko egitekoa izan da nire herrialdean ez dagoen ikerketa ildo honen oinarriak sortzea. Nire energiaren zati handi bat Txileko meteoritoetan adituak trebatzea izan da, lehenengo Txileko Elkarte Geologikoaren bidez, non Meteoritoen eta Zientzia Planetarioen Taldea sortu nuen, eta ondoren unibertsitatetik, hainbat erakundetako graduondoko ikasleekin ikertuz zenbait alderi (metamorfismo termalaren prozesuak kondrita karbonotsuan, eguzkiaren nebulosako eraketa baldintzak kondrita arrunt eta karbonotsuetan urtuta eta beira eran txertatutako formazioetan, mikroorganismo bidezko kolonizazioa basamortuko meteoritoetan, etab.).

Garatzen dugun zientzia oinarrizkoena da: bertara joan meteoritoen bila eta sistematikoki egin, lurraz kanpoko materialen horien fluxua nola eratuta dagoen aztertzeko. Horretarako “basamortua miatu” behar izaten dugu hiru eta hamar pertsona arteko bilaketa-taldeetan, eremu jakin bat hartu eta gure begiek ikus dezaketen guztia jasotzen dugu, hau da, gramo gutxi batzuekin hasi eta kilo bat baino gehiagoko arroketara arteko guztia. Gero meteorito horiek sailkatu egiten ditugu eta sailkapen mineralogikoa egiten dugu (ezaugarri fisikoak, kimikoak eta lurrean daramaten adina), eta ondoren komunitate osoaren esku jartzen dugu informazio hori, azterketa espezifikoak egin ahal izateko gaiaren inguruan dauden ikerketa-lerro ugarietan.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Gai bat ikaragarri gustatu eta ikertzaile bihurtu nahi baduzu, gogoa izan bidea ez dela beti erraza izaten, eta grinaz gain diziplina, ekimena, antolakuntza eta norbere buruaren kontzientzia ere behar direla, prozesuan zehar zeure burua zaintzeko; hori nahiko lagungarria izaten da gizatalde batekin lanean ari zarenean. Inoiz ez dituzu albo batera utzi behar gainerako pasioak, poza eta osasuna ematen dizutenak.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko irailaren 12an: Millarca Valenzuela Picón: «Me convertí en geóloga estudiando un meteorito».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.