Itziar Irakulis, ingeniari geomatikoa: “Alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Itziar Irakulis Loitxate Etxanoko baserri batean jaio zen, eta beti egon da naturaz inguratuta. Hala, behatzeko, esperimentatzeko eta jakin-mina asetzeko aukerak izan ditu, eta etxekoek ere ikertzera bultzatu dute. Eskolan ere, zientzietako gaiak zituen gustukoen. Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zenean, berriz, zalantza handiak izan zituen, ia karrera guztiak gustatzen baitzitzaizkion.

“Oso zaila egin zitzaidan aukeratzea. Nire joera natura-zientziak ziren, baina marrazketa teknikoan, matematiketan eta fisikan ere ona nintzen, eta, beraz, ingeniaritzek ere erakartzen ninduten. Azkenean, Geomatika eta Topografia Ingeniaritzako Gradua aurkitu nuen. Natura-zientzien zati bat du (geologia, meteorologia, geomorfologia…), eta beste bat ingeniaritzakoa (matematika, fisika, marrazketa teknikoa…), baita espazioaren esplorazioarena ere (sateliteak eta abar). Ate pila bat zabaltzen zituela iruditu zitzaidan, eta hortik jotzea erabaki nuen”, gogoratu du Irakulisek.

itziar irakulis
Irudia: Itziar Irakulis Loitxate, ingeniari geomatiko eta topografikoa.

Erabaki ona izan zela onartu du: “Aukeratu dudan bide honen alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela, eta zientzian, oro har, hala izaten da. Orain Lurraren behaketan nabil, sateliteak erabiliz, eta sateliteen bidez ia dena ikus daitekeenez, arlo asko ikusteko eta haiei buruz ikasteko aukera ematen dit. Hori da ikerketan aritzearen alderik onena: gauza batean jartzen duzu arretan, baina beste asko ere ikasten dituzu aldi berean”.

Haren tesia sateliteen bidezko berotegi-gasen detekzioari buruzkoa da, batez ere, metanoarena, bereizmen handian. Irakulisen ustez, klima-larrialdiarekiko orain ardura handiagoa dago, hasi zenean baino. Orduan, lau talde baino ez zeuden mundu-mailan: Harvardeko talde bat, JPL (NASA), Environmental Defense Fund erakundea eta besteren bat. “Elkarlanean aritzen gara, baina, hain jende gutxi dabil honetan, dena dago egiteko. Berez, ikerketa ondo doa, baina, egia esan, ikusten ari garen isuriak ikaragarriak dira. Gehienak erregai fosilen erauzketan sortzen dira, eta harritzekoa da nola ez duten konpontzen, isuriak izugarri handiak baitira”.

Larrialdi klimatikoari aurre egiten

Irakulisen esanean, isuri horiek ez dira aintzat hartu orain arte, gutxietsi egin dira. “Oraindik lan asko dago egiteko. Duela gutxi argitaratu da nire lehen artikulua, Science Advance aldizkarian, eta AEBko Arro Permiarreko (Permian Basin) isuriei buruzkoa da. Arro horretan egiten AEBko petrolio- eta gas-erauzketa nagusiak, eta bereizmen handiko sateliteak erabili ditugu ikusteko nondik datozen isuriak, eta pila bat detektatu ditugu”.

Emaitza zientifikoak alde batera utzita, gustuko du ikerketa-mundua, nahiz eta garai bereziak egokitu zaizkion. Hain zuzen, iaz hasi zuen doktoretza, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta, handik gutxira, pandemia agertu zen. Beraz, oraindik ez du ikertzailearen bizimodu normala ezagutzerik izan, baina, lan handia duen arren eta lankideekin duen harremana urrunetik den, pozik dago. “Masterra egin aurretik, enpresa batean aritu nintzen lanean, kartografian, eta han geratzeko aukera izan nuen, baina askoz ere erakargarriagoa zait ikertzea. Gainera, larrialdi klimatikoari aurre egiteko zerbait egin dezakedala sentitzen dut, eta horrek asko asetzen nau”.

Bukatzeko, aipatu du bere taldea orekatuta dagoela generoaren aldetik, baina beste taldeetan gizonak nagusitzen direla, nabarmen. “Badirudi sateliteak gizonen kontua direla. Nire ustez, ordea, aberasgarriagoa izango litzateke emakume gehiago egongo balira; ikuspegia osatuagoa izango litzatekeela iruditzen zait”.

Fitxa biografikoa:

Itziar Irakulis Loitxate Amorebieta-Etxanon jaio zen 1996an. UPV/EHUn Geomatika eta Topografiaren Ingeniaritza gradua egin ondoren, Teledetekzio Masterra egin zuen Valentziako Unibertsitatean. 2020tik doktoretza egiten ari da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, LARS Lur eta Atmosferaren Teledetekzio taldearen barruan.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude