Itziar Angulo: “Ikertzea ilunpetan dagoen etxe batean sartzea bezalakoa da”

Ana Galarraga/Elhuyar Zientzia

Itziar Angulo Pita Seinalearen Tratamendua eta Irrati-komunikazioak taldeko ikertzailea da, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Hala ere, aitortu digu inoiz ez zuela erabaki ikertzaile izatea: “Behin, taldeko nire irakasle batek esan zidan, ikertzen hasi nintzenean, epe baten ondoren uzteko asmoarekin hasi nintzela, baina, azkenean, nola jakin gabe ere, geratu egin nintzela. Bada, arrazoia zuen; hala izan zen. Izan ere, gure arloan ez da ohikoa ikertzaile izatea; horrenbestez, ikasketak egiten ari nintzenean, aukera hori ez zitzaidan bururatu ere egin”.
Itziar Angulo Pita UPV/EHUko ikertzailea.

Itziar Angulo Pita UPV/EHUko ikertzailea. (Argazkia: UPV/EHU)

Karrera-amaierako proiektua egiteko garaia iritsi zitzaionean, ordea, ikerketa-talde batean egitea erabaki zuen. “Une hartan taldean tesia egiten ari zen neska baten lanarekin erlazionatuta zegoen nire proiektua; beraz, niri ere ikerketa egitea egokitu zitzaidan, eta gustatu egin zitzaidan. Proiektua bukatu nuenean, taldean geratzea eskaini zidaten, eta orduan masterra egiteko aukera ere sortu zitzaidan… Konturatu nintzenerako, bi urte neramatzan ikerketa-taldean, eta masterra eta tesiaren erdia eginak nituen. Hortaz, bideak eraman ninduen ikertzaile izatera”.

Angulorentzat, ez zen arraroa izan ikerketa-taldean sartu zenean, tesia egiten ari zena ere neska izatea. “Beste ingeniaritza batzuen aldean, adibidez, ingeniaritza industrialarekin alderatuta, telekomunikazio-ingeniaritzan parekidetasun handiagoa dago”. Alde horretatik, beraz, ez zaio aipagarria iruditzen ingeniaritza ikastea aukeratu izana. “Gainera, aspalditik nuen argi, institutuan nenbilenetik, oso gustuko bainituen komunikazio-sistemak, eta, bereziki, irrati-komunikazioa”.

Ikerketaren gazi-gozoak

Ikertzea gustuko badu ere, ez du ezkutatzen batzuetan gogorra dela. “Batez ere, gauzak oker ateratzen direnean. Une horiek etsigarriak dira”, aitortu du. Bere egiten du behin liburu batean irakurri zuen konparazioa: “Ikertzea ilunpetan dagoen etxe batean sartzea bezalakoa da. Egunak, hilabeteak, igarotzen dituzu paretak jotzen, altzariekin kolpeak hartzen, dena non dagoen ikasi eta argiaren etengailua aurkitu arte. Orduan argia pizten duzu, eta ohartzen zara non egon zaren ordura arte.”

Bestalde, oso nekagarria egiten zaio burokrazia, eta, maila pertsonalean, lanpostuaren ezegonkortasuna eta segurtasun-falta dira okerrenak. “Kriminala da”, dio, atsekabetuta.

Hala eta guztiz ere, ez da damutzen egin duen ibilbideagatik. “Niretzat ikertzea zeharo kitzikagarria da. Erronka berriei aurre egin behar diezu etengabe, eta irudipena duzu, txikia bada ere, zure aletxoa jartzen ari zarela, ekarpenen bat egiten ari zarela, ezagutzan aurreratzeko. Gainera, proiektu batzuetan, enpresekin lana egiteko aukera izan dut, eta asko asetzen nau ikusteak nik garatutakoak aplikazio zuzena duela”.

Etorkizunera begira, ez du baztertzen enpresan egitea lan, ezta irakasle izatea ere. Baina, oraingoz, ikertzen jarraitu nahi du, eta hemen. “Epe ertainera, ikertzen jarraitu nahiko nuke, baina ez dut onartzen ikertzen jarraitzeko atzerrira joatea beste aukerarik ez dagoela. Uste dut hemen geratzeko ahaleginak egin behar ditugula; hemen formatu gara, eta, nire ustez, akatsa da hemen sortutako jakintza kanpora eramatea eta han ematea fruitua”.

Fitxa biografikoa:

Itziar Angulo Pita (Getxo, 1984). Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Seinalearen Tratamendua eta Irrati-komunikazioak taldean egin zuen karrera-amaierako proiektua, eta Informazioaren Teknologiak eta Sare Mugikorren Komunikazioak masterra egin ondoren, doktore-tesia aurkeztu zuen EHUn. Gaur egun, ikerketa-talde berean ari da lanean, telekomunikazio-zerbitzuen arloan, telekontagailuetan eta sare adimendunetan, eta irrati-zerbitzu berrietan.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>