Raissa Calza, agertokietan dantza egitetik Antzinako Erromako eskulturak ikertzera igaro zen arkeologoa
Irudiz, argazkiz eta selfiez inguratuta bizi garen garai hauetan, zaila egiten zaigu gure arbasoen (aspaldikoak edo gertuxeagokoak izan axola izan gabe) lekuan jartzea; izan ere, oso gutxitan erretratatzen zituzten (inoiz erretratatzen bazituzten). Hala gertatzen zenean, erretratu haiek balio handiko objektutzat hartzen ziren, eta, mende batzuk geroago, haien azterketak pertsona haiek bizi izan ziren mundua ulertzen lagundu du. Arkeologiaren barruan, antzinako erretratuak aztertzen dira, xehetasun bakoitzetik ahalik eta informazio gehien ateratzeko: keinuak, adierazpenak, begiradak, apaingarriak edota irudikatutako pertsonaiaren atzealdeak. Azterketa hori ikuspegi zientifikotik egiteko, ezagutza teknikoaren eta sentsibilitate artistikoaren arteko oreka delikatua behar da.
Raissa Calza arkeologo errusiarrak ondo ezagutzen zuen bi alderdi horien arteko batura. Izan ere, erromatar eskulturak eta Ostia Antica antzinako portuan aurkitutako erretratuak aztertzeari ekin aurretik, Europako hainbat herrialdetako eszenatokietan lan egin zuen dantzari eta aktore gisa. Adierazpen artistikoko beste forma bat zen hura (sentsibilitatea eta teknika beti elkartuta daude hor ere). Urte batzuk geroago, antzinako eskulturak argazkitan jasotzen eta aztertzen hasi zenean, keinuekiko eta formekiko arreta hark adierazpenerako beste esparru bat aurkitu zuen arkeologiaren munduan.

Odesatik Europako agertokietara
Raissa Samojlovna Gourevitch 1894ko abenduaren 28an jaio zen Odesan, Itsaso Beltzaren ertzean dagoen Errusiar Inperioko portu hiri batean. Gaztaroa gorabehera politiko handiko garaian igaro zuen, eta gorabehera haien ondorioz, Errusiako Iraultza iritsi zen 1917an. Bere belaunaldiko beste pertsona askori gertatu zitzaien bezala, iraultzaren ondorengo gertakariek herrialdea utzi eta erbestean bizitza berria hastera behartu zuten.
Errusiatik kanpo igaro zituen lehen urte haietan, Raissa Gourevitchek ikuskizunen munduarekin lotutako ibilbide profesionala garatu zuen. Dantzari eta aktore gisa lan egin zuen, eta Europako hainbat agertokitan aritu zen. Garai hartan, kontinenteko hainbat hiritako giro artistikoekin eta intelektualekin harremana izan zuen.
Aurreko mendeko 20ko hamarkadaren hasieran, Erromara joan zen bizitzera, eta hango kulturaren eta artearen inguruko zirkuluetan ibili zen. Testuinguru hartan ezagutu zuen Giorgio de Chirico margolaria, mugimendu metafisikoaren figura esanguratsua. Bien arteko harremana zela eta, Parisera joan zen bizitzera (garai hartan, gerren arteko Europako kulturgune nagusia zen).
Frantziako hiriburuan piztu zitzaion, hain zuzen ere, antzinako mundua ikertzearekiko interesa. Parisen, École du Louvre eskolan eta Sorbonan ikastaroak egin zituen, eta Charles Picard arkeologoaren eskolak jaso zituen. Inoiz ez zuen titulu akademiko ofizialik lortu, baina ikasketa haiek izan ziren bere bokazioaren hasiera. Gerora, bizitza osoa eman zuen horretan.
Arkeologiaren aurkikuntza
1930 inguruan, Raissa Calza Erromara itzuli zen, eta Ostia Anticako indusketetan laguntzen hasi zen. Erromako antzinako portua zen Ostia, eta garai hartan jarduera arkeologiko handiko aldia bizi zuen, indusketa eta dokumentazio lan ugari egiten ari baitziren. Han, Guido Calza arkeologoarekin (aztarnategiko ikerkuntza lanen zuzendaria zen) batera egin zuen lan. Hasieran, aurkikuntza arkeologikoen dokumentazio eta argazki lanetan parte hartu zuen. Funtsezko zeregina zen hura, piezak eta agertu ziren testuinguruak erregistratzeko.
Eskulturen, erliebeen eta arkitektura zatien artean egindako eguneroko lanak erromatar eskulturarekiko eta antzinako erretratuaren azterketarekiko interesa piztu zion. Denborarekin, arlo horretan espezializatu zen, eta Ostiako indusketetan aurkitutako eskultura irudikapenak ikertu zituen bereziki.
Erromatar munduko erretratuak
Raissa Calzak bere ibilbide profesionalaren zati handi bat aztarnategian aurkitutako erromatar erretratuak aztertzen eman zuen. Erretratu horietako asko hiriko bizitza politiko edo sozialarekin lotutako pertsonenak ziren, eta Erromatar Inperioaren historia eta kultura ulertzeko informazio iturri garrantzitsua ziren. Bere ikerketak ikonografia inperialaren azterketan eta indusketetan aurkitutako eskulturen sailkapenean oinarritu ziren bereziki. Gainera, material horiei buruzko hainbat liburukiren argitalpenean parte hartu zuen, Scavi di Ostia bildumaren barruan (bilduma funtsezkoa da aztarnategia ezagutzeko).

Lan horien bidez, Ostiako indusketetan aurkitutako erromatar eskulturen zati handi bat katalogatzen eta aztertzen lagundu zuen. Bere argitalpenek pieza horietako asko testuinguruan kokatzen eta erromatar erretratuaren azterketa zabalagoan txertatzen lagundu zuten. Guido Calzarekin zuen harreman profesionalak urte luzez iraun zuen, eta 1945ean ezkondu ziren. Arkeologoa hurrengo urtean hil zen, baina Raissa Calzak aztarnategiaren ikerketari lotuta jarraitu zuen bere ibilbide profesionalaren gainerako urteetan.
Hamarkada luzez, indusketetatik ateratako materialen ikertzen, katalogatzen eta aztertzen hartu zuen parte. Araututako titulu akademikorik ez zuen arren, bere autoritatea eztabaidaezina zen arlo horretan, eta Ostiako eskultura multzoari buruz zuen ezagutzak erreferente bihurtu zuen erromatar artea ikertzen zuten beste ikertzaileentzat.
Ondo zekien ezagutza horrek guztiak ez zuela ezertarako balioko gainerako komunitate zientifikoaren eskura jartzen ez bazen. Horregatik, ikertzaile lanaz gain, zeregin garrantzitsua izan zuen Ostiako museoan gordetako material arkeologikoa antolatzen eta dokumentatzen. Urte haietan egindako argazkiak eta erregistroak funtsezko tresna bihurtu ziren gerora piezak aztertzeko.
Ezohiko ibilbidea
Bere bizitzan zehar, Raissa Calzak erromatar munduko arteari eta eskulturari buruzko liburuak, artikulu zientifikoak eta gidak argitaratu zituen. Nazioarteko prestakuntzari eta esperientziari esker, hainbat hizkuntzatan lan egin ahal izan zuen (besteak beste, errusieraz, frantsesez, italieraz, ingelesez eta alemanez), eta hainbat herrialdetako ikertzaileekin lankidetzan aritu zen. Italiako arkeologiari egindako ekarpenaren aitortza gisa, 1967an Kulturaren eta Artearen Merituaren Urrezko Domina jaso zuen.
Raissa Calza Erroman hil zen 1979ko urtarrilaren 24an. Ostia Anticatik gertu lurperatu zuten, bere ibilbide profesionalaren zati handi bat eskaini zion lekuaren ondoan.
Iturriak:
- Tavi, Leila (2019). Raissa Calza: The Muse Of Giorgio De Chirico With A Passion For Ancient Rome, E-go Times, 2019ko abenduaren 22a.
- Shepherd, Elizabeth J. (2009). Da Ostia a Roma e oltre: Raissa Calza e la fotografia, AA.VV.-n, Lungo il Tevere. Da Roma a Ostia, un percorso per immagini, Acta Photographica. Rivista di fotografia, cultura e territorio, 113-122.
- Raisa Samujlovna Gurevič, Krol’, De Chirico, Calza, Russi in Italia.
- Raissa Calza, Wikipedia.
- Il Fondo Raissa Calza, Sistema Bibliotecario Di Ateneo.
- Olivanti, Paola (2021). Una vita in movimento, Bolletino di archeologia on line, Direziones Generale Archeologia, Belle Arti e Paesaggio XII, 2021eko martxoan.
- Miscellanea Raissa Calza, Ostia Antica Parco Archeologico.
- Fondo Raissa Calza, UNISI.
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko martxoaren 12an: “Raissa Calza, la arqueóloga que pasó de bailar en los escenarios a estudiar esculturas de la antigua Roma“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.