Berpizteko fruituak ematen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Antzinako Egiptoko hileta lorategi bat aurkitu dute lehenengo aldiz, Tebasko hilobi baten sarreran. Datil arrastoak eta tamariz baten sustraiak eta adarra ere topatu dituzte bertan. Landareek sinbologia handia zuten orduko hileta erritualetan, eta berpizkundearekin edo ugalkortasunarekin lotzen zituzten haziak landatzen zituztela dirudi.

Antzinako egiptoarrek hileta sinbolo gisa baliatzen zituzten landareak, ezin hobeki irudikatzen zutelako heriotzaren eta berpizkundearen ideia. Horregatik, lorategi edo ortu txiki bat landatzen zuten hilobien sarreran. Ikonografiari esker dakigu hori, marrazkiak utzi zizkigutelako, baina orain arte inork ez zuen benetako hileta lorategirik topatu. Bada, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) egin du aurkikuntza, gaur egungo Luxor hirian, Nilo ibaiaren ertzean. Aurrenekoz topatu dituzte antzinako marrazki horiekin bat egiten duen hileta lorategi baten arrastoak, duela lau mila urtekoak.

CSICek zuzentzen duen Djehuty proiektuaren barruan gertatu da. Ikerketa honetan, Tebas zenaren (Egiptoko Inperio Ertainaren eta Inperio Berriaren hiriburua; gaur egun, Luxor dago hor) nekropoliaren zati bat dute aztergai, eta indusketen hamaseigarren kanpaina egin dute aurten. Hain zuzen, urtarrilean eta otsailean egin duten kanpaina horretan topatu dute hileta lorategia. Dra Abu el-Naga muinoan aurkitu dute zehazki, Inperio Ertaineko hilobi baten atari irekian. Egiptoko XII. dinastiari dagokiola iritzi diote ikertzaileek, eta k.a. 2.000 urtekoa izango litzateke gutxi gorabehera.

1. irudia: Aurkitutako lorategiaren arrastoak, batetik, eta hura berreraikitzen duen marrazkia, bestetik, karratu bakoitzean landare bat duela. (Argazkia: ©CSIC Comunicacion)

“Bagenekien antzinako egiptoarrek ortu bat jartzen zutela hilobien sarreran, ikusi dugulako nola irudikatzen zituzten haien hiletak eta hilobietarako sarbideak, baina orain arte inork ez zuen fisikoki halakorik aurkitu. Lehenbizikoz, ikonografiak iradokitzen zuena berretsi du arkeologiak”, azaldu du Jose Manuel Galan CSICeko ikerketa taldearen buruak.

Egiptoarrek hilobien hormetan marrazten zuten, eta nolako hileta nahi zuten irudikatzen zuten marrazkiotan. Horri esker dakite ikertzaileek hileta lorategiak maite zituztela: laukizuzen formako ortu txiki bat, metro erdiko garaierakoa, eta karratutan bereizia. Marrazki horiexen irudiko da aurkitu duten lorategia. Izan ere, hiru metro luze eta bi metro zabal da, eta 30 zentimetroko aldea duten karratutan banatuta dago, zazpi karratuko lerroak eta bost karratuko zutabeak osatuz. Gainera, gainontzekoak baino garaiagoak diren bi karratu ditu, itxuraz, bertan zuhaixka bat zegoelako landatuta.

Datilak eta bestelako fruituak zituen katilu bat ere aurkitu dute lorategiaren ertz batean; ziurrenik, eskaintza erritual gisa baliatu zituzten. Hori gutxi ez, eta oraindik zutik zirauen tamariz baten sustraiak eta enborra (30 zentimetro luze) ere berreskuratu dituzte. Tamariza aukeratu izana ez da ausazkoa, zuhaitz honek hiletei lotutako konnotazioak baitzituen antzinako egiptoarrentzat. Haien sinesmenen arabera, hildakoaren arima hilobitik ateratzen zenean, tamarizaren adar batean pausatzen zen, eskaintzen esperoan.

2. irudia: Hilobi baten ondoan aurkitutako marrazki honetan lorategi bat dago irudikaturik. (Argazkia: ©CSIC Comunicacion)

Erlijio horretan askotariko landareek zuten sinbologiaren bat, heriotza edo berpizkundearekin zerikusia zuena. Esaterako, palmondoa edo sikomoroa hildakoaren berpizteko ahalmenari lotzen zaizkio. Letxugak, aldiz, ugalkortasuna irudikatzen du, eta beraz, bizitzara bueltatzea. Alberjinia eta tipularen gisakoek ere bazuten bere sinbologia, eta hiletatan eskaintza moduan erabiltzen ziren. Landare horiek eta beste zenbaitek beteko zituzten topatu duten lorategiko karratuetako bakoitza. “Itxaron egin beharko dugu ikusteko ea zer landare identifikatzea lortzen dugun, bertan bildu ditugun haziak aztertuta”, adierazi du Galanek.

Lorategiaz gain, beste makina bat aurkikuntza ere egin dituzte paraje horietan, proiektu honen barruan. Esaterako, ortu horren ondoan adobezko kapera bat ere topatu dute, k.a. 1.800 urte ingurukoa. Nekropoli batean ikertuz, hileta erritualei buruz ez ezik, gauza gehiagori buruz ere asko ikas daitekeela gaineratu du Galanek: “Haien eguneroko bizimoduaz, gizarteaz eta inguruneaz xehetasun gehiago argitzen laguntzen digu. Antzinako egiptoarrek berek zituzten usteei jarraiki, bizitza ezagutzeko biderik onena da nekropolia”.

Aurkikuntzaren berri ematen duen bideoa, (gaztelaniaz).


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.