Berraurkikuntzaren zientzia

Mariajo Moreno

Zientzia ezinbestekoa da gizarteak aurrera egin dezan. Izan ere, “zientziaren aurrerapenak” esan ohi da behin eta berriz, baina batzuetan, aurrera egin ahal izateko, atzera egin behar da apur batean, aurkikuntza berriak ez baitira beti informazio berriek sortuak.

Urrunera joan gabe, Mendelek ez zuen jakin inoiz genetikaren aita izan zela. Berak 1886an argitaratu zuen lana, ez zen garai hartan inola ere aintzat hartu. Berak, ilarra eta zalke aldaera desberdinekin lan egin zuen, eta egungo genetikaren oinarri diren Mendelen Legeak aurkitu zituen, baina 1990era arte ez ziren funtsezko lege hauek kontuan hartu. Urte horretan berraurkitu zituzten legeok Hugo de Vries, Carl Corrensek eta Erich von Tschermakek, bakoitzak bere aldetik.

Duela denbora gutxiago, eta hemendik gertuago, berriki jakin da duela 2-20 milioi urte, Miozeno eta Pleistozeno artean, egun Espainiako hiriburua dagoen tokitik paseoan zebiltzala Europan inoiz egon diren dortoka handienak, egun Galapago uharteetan daudenak baino are handiagoak. Badugu beraz dortoka genero berri bat, Titanochelon izenekoa, Europan eta Mendebaldeko Asian bizi izan ziren dortoka handi guztiak barne hartzen dituena. Aldi berean, ikerketa honek zientzialariei aukera eman die genero berria osatzen duten espezie guztiak deskribatzeko eredua zehazteko: Titanochelon bolivari dortoka espainiarra da eredu hori.

Oro har, Titanochelon dortokek oskol baxua zuten, baina oso zabala. 1-2 metrokoa izango zen. Beren gorputz-atalek bazuten ezkata hezurtuek osatutako koraza bat.

Aurkikuntza hau ez da ordea indusketa berri baten ondorio izan, eta ez da fosil aurkitu berri bati esker gertatu. Natur Zientzien Museoaren taldeak egin du, XX. mendearen lehenengo hirurenean Madrilen topatutako material paleontologikoa aztertuz. Materiala, ahaztua geratu zen Gerra Zibila hasi zenean. Izan ere, Hernández-Pacheco eta Royo Gómez paleontologoek, 20. hamarkadan aipatua zuten madrildar dortoka hau.

Irudia: 1.: 1906.ean Vallecasen (Madril) aurkitutako Tnitanochelon bolivari dortoka erraldoia, Mauricio Antón paleoartistaren marrazkian. 2., 4., 7.: Eskeletoaren gerri eskapularraren orno eta hezur batzuk. 3.: Vallecaseko alearen oskolaren alde dortsalaren zati bat. 5.: Adán Pérez-García ikerlaria, ondoan Titanochelon ale bat duela. Cerro de los Batallones, 2014.eko Batallones izeneko 3. kanpainan (Torrejón de Velasco, Madril). 6.: Sabel aldeko oskola, Titanochelon generoaren ereduan (Alcalá de Henares, 1917an aurkitua).

Irudia: 1.: 1906.ean Vallecasen (Madril) aurkitutako Tnitanochelon bolivari dortoka erraldoia, Mauricio Antón paleoartistaren marrazkian.
2., 4., 7.: Eskeletoaren gerri eskapularraren orno eta hezur batzuk.
3.: Vallecaseko alearen oskolaren alde dortsalaren zati bat.
5.: Adán Pérez-García ikerlaria, ondoan Titanochelon ale bat duela. Cerro de los Batallones, 2014.eko Batallones izeneko 3. kanpainan (Torrejón de Velasco, Madril).
6.: Sabel aldeko oskola, Titanochelon generoaren ereduan (Alcalá de Henares, 1917an aurkitua).

Bitartean, Murtziako Unibertsitateko arkeologo talde batek erromatar tenplu baten hondarrak aurkitu dituzte Cerro de los Santos izeneko toki batean, Iberiar Kulturaren ikurra den aztarnategian (Albacete). Italiar plantakoa da tenplu hau, I. urtearen bukaera aldean eraikia.

Sebastián Ramallo zuzendari duen talde honek erdietsi du tenplu honen kokapena zehaztea, baina aurretik ezaguna zen, bai baitzuten bere marrazki bat XXI. mendean egindako indusketa batzuei esker. Uste zuten lurpetik atera eta berehala suntsituko zela.

Ramallok zuzeneko azterketa arkeologikoak egin ditu lurraren geruza desberdinak eta aztarnategiaren bilakaera aztertzeko. Horretaz gain, zonalde osoaren prospekzio sistematikoa egin dute, santutegiaren eta inguruko iberiar eta erromatar populazioen arteko harremana zehazteko.

Izan ere, arkeologoek oraindik ez dute dagokion zientzi artikulua argitaratu, baina diotenez, aurkitu dute iberiar kulturan gertatzen denaren kontrara urrun dagoela santutegi hau herri handi batetik.

Berriz ere, ez da aurkikuntza berria, berraurkikuntza baizik. Agerian jarri da beraz oso garrantzitsua dela zientzialariek etorkizunari zein iraganari begira lan egitea. Berez, baliteke datuak aurreko garai batean galdu izana, edo besterik gabe iraganeko garai horretan ulertezinak izana.

——————————————–

Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>