Amelia Frank, magnetismoa aztertzen zuen fisikaria
Amelia Frank magnetismoa ikertu zuen fisikaria izan zen, baina mekanika kuantikoaren ikuspegia erabiliz. 1963an Fisikako Nobel Saria irabazi zuen Eugene Wigner fisikari teorikoarekin ezkondu zen, eta John van Vleck fisikariarekin lan egin zuen, 1977an Fisikako Nobel Saria irabazi zuenarekin. Goiz hil zenez, fisika kuantikoaren arloan ibilbide profesional aparta izateko aukerarik gabe geratu zen.
Amelia Frank 1906ko martxoaren 4an jaio zen Marionen, Ohion (AEB). Haren gurasoek, Annie Raphaelsonek eta Louis Frankek, Lituaniakoak zirenek, txatartegia zuten.

Bere unibertsitateko ikasketak Goucher Collegen egin zuen; garai hartan emakumeentzako goi mailako zentro ospetsua zen. 1928an graduatu zen, eta graduondoko ikasketak Wisconsin-Madisongo Unibertsitatean egin zituen, eta 1930-1931 ikasturtean Fisikan Harrieta Remington Lairden bekaduna izan zen.
Magnetismoa ikertzen
Amelia Frankek mekanika kuantikoa ikertu zuen, zehatzago esanda, magnetismoa (osorik azaltzeko derrigorrez teoria kuantikoa erabili behar da), John van Vleck fisikariak gainbegiratuta (1977an Fisikako Nobel Saria lortu zuena). Bere ikerketan batez ere lur arraroen elementuak aztertu zituen; horien propietate magnetiko bitxiak ezin ziren garaiko teoria fisiko ezagunak erabiliz azaldu. Bere doktorego tesiak, Temperature Variation of the Magnetic Susceptibility, Gyromagnetic Ratio, and Heat Capacity in Sm+++ and Eu+++ izenekoak (Suszeptibilitate magnetikoaren tenperaturaren aldakuntza, ratio giromagnetikoa eta bero gaitasuna Sm +++ eta Eu +++-n), agerian jarri zuen zuzenketa kuantikoak behar zirela samario elementuaren portaera esperimentala azaldu ahal izateko.
Frankek doktoregoa eskuratu zuenetik (1935) berrogeita bi urte igaro zirenean, van Vleckek haren tesia aipatu zuen Nobel Saria jasotzeko emandako hitzaldian (“sistema magnetiko eta desordenatuen egitura elektronikoari buruz egindako ikerketa teorikoei” esker lortu zuen); horrek agerian uzten du van Vlecken ikasleak lortutako emaitzak oso garrantzitsuak izan zirela. Fisikariak lur arraroak luze eta zabal jorratu zituen une batean, honela aipatu zuen Frank:
Frank andreak eta biok beharrezko kalkuluak egin genituen.
Adierazi moduan, Frankek bere tesian erakutsi zuen zuzenketa mekano-kuantikoak behar zirela lortutako datu esperimentalak azaltzeko; bere doktore lanean jasotako grafikoetako bat van Vlecken Nobel hitzaldian agertu zen.

Amaiera goiztiarra
Titulua lortu ostean, Frankek Wisconsin-Madisongeko Unibertsitatean jarraitu zuen tutore gisa, eta van Vlackekin eremu kristalinoaren teoria ikertzen aritu zen.
1935ean, Depresio Handian, mekanografia eta sukaldaritzan lan egin behar izan zuen unibertsitateko lana osatzeko. Amelia Frankek bere ahizpa txikiaren gastuak ordaintzen ari zen eta bizirauteko dirua behar zuen; ahizpa ikasten ari zen. van Vleck unibertsitatean lanpostua bilatzen saiatu zen harentzat, baina ez zuen lortu.
1936ko urrian, Frankek azkenean uko egin zion unibertsitatean zuen kontratuari, ezkondu ahal izateko; urte horretako abenduan ezkondu zen, Eugene Wignerrekin. Ezkondu eta aste gutxi batzuetara, Amelia gaixotu eta hil egin zen, 1937ko abuztuaren 16an. Tamalez, haren etorkizun handiko lan ibilbidea zapuztu egin zen.
Iturriak:
- Jacobson, Peter; Wise, Beck (2025). Who was Amelia Frank? The life of a forgotten physicist, Mapping Ignorance, 2025eko abenduaren 31a
- Sturtz, Nicolás (2025). Una pionera, un Nobel y una vida truncada: la historia de Amelia Frank, la física olvidada de la cuántica, Infobae, 2025eko abenduko 29a
- J. H. Van Vleck, Quantum Mechanics, the key to understanding Magnetism, Nobel Lecture, 1977ko abenduaren 8a
- J. H. Van Vleck and A. Frank, The Effect of Second Order Zeeman Terms on Magnetic Susceptibilities in the Rare Earth and Iron Groups, Phys. Rev. 34 (1929) 1494-1496
- J. H. Van Vleck and A. Frank, The Effect of Second Order Zeeman Terms on Magnetic Susceptibilities: Errata, Phys. Rev. 34 (1929) 1625
- A. Frank, Temperature Variation of the Magnetic Susceptibility, Gyromagnetic Ratio, and Heat Capacity in Sm+++ and Eu+++, Phys. Rev. 39 (1932) 119-129
- A. Frank, The Effect of Crystalline Fields on the Magnetic Susceptibilities of Sm+++ and Eu+++, and the Heat Capacity of Sm+++, Phys. Rev. 48 (1935) 765-772
- Amelia Frank, Wikipedia
Egileaz:
Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 7an: Amelia Frank, la física que estudiaba el magnetismo.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.