Usteak erdia ustel (I): antioxidatzaileen kalteak eta dilisten bromuroa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Homeopatiak funtzionatzen du. Produktu ekologikoek ez dituzte pestizidak. Txertoek autismoa eragiten dute. GIBak ez du HIESa eragiten. Antioxidatzaileak onak dira. Nekazaritza tradizionalak ekologikoak baino gehiago kutsatzen du. Elikagai organikoak tradizionalak baino osasungarriagoak dira. Minbizi mota guztien diagnostiko goiztiarrak bizitzak salbatzen ditu. Urak memoria dauka.

Gezurrak eta gezurrak. Mitoak. Errealitatean inongo oinarririk ez duten usteak. Modu batera edo bestera deitu, baina, horrelakoxeak dira aurreko paragrafoan egindako baieztapen guztiak. Bat bera ere ez da zuzena eta, tamalez, horietako asko oso zabalduta daude. Mitoak edo uste okerrak oso ohikoak dira eta zenbait kasutan, arriskutsuak ere izan daitezke. Izatez, egia da zenbaitetan mitoen atzean badela zentzuzko arrazoirik -agian, noizbait egia zela pentsatu izan zen edo frogak aurkitu ziren arte egiatzat har zitekeen, batek daki-, baina, oro har, zientziak aurrera egin ahala, usteak besterik ez zirela frogatu da. Hala ere, mito horiek desagerraraztea zaila izaten da, batzuk guztiz errotuta geratzen direlako gizartearen pentsamenduan. Beste zenbait uste okerrek ez dute kalterik eragiten eta bitxikeriak besterik ez dira, baina, horiek ere ondo azaltzea beharrezkoa da.

1. irudia: Artikulu honen lehen paragrafoko baieztapenek eta unikornio honek oinarri zientifiko bera dute. (Argazkia: cocoparisienne – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Nolanahi ere, beldurrari, interes ekonomikoei eta sasi-zientziari esker bizirik dirauten mitoen aurka egitea edo, hobeto esanda, uste horiek zergatik diren okerrak azaltzea zientzialarien erantzukizuna da -baina, ez zientzialariena bakarrik-. Zenbait kasutan lan neketsua da, baina, egin beharrekoa da. Zientzialariek uste okerrak ez zabaltzearen ardura haien gain hartu behar dute eta, hortaz, uste okerrak zabaltzen hasten direnean azalpenak eman behar dituzte, edonola eta edonon, errealitatean eta zientzian oinarririk ez duten usteei aurre egiteko.

Elikaduran antioxidatzaileak hartzea ona al da?

XX. mendearen erdi aldera Denham Harman kimikariak lehen aldiz proposatu zuen erradikal askeak gizakion zahartze prozesuen –ageing delakoaren- erantzuleak izan zitezkeela. Erradikal askeak gizakion metabolismoaren ondorioz sortutako bigarren mailako produktuak dira eta, zioenez, zahartzea eragiten duten kalte zelularrak eragiteko gai dira. Erradikal askeen teoriari jarraituz, zientzialariek ikerketak egin zituzten eta hasiera batean pentsatu zenez, antioxidatzaileak gai dira erradikal askeak neutralizatzeko. Hortaz, antioxidatzaileak kontsumituz zahartze prozesua gelditu -edo, gutxienez moteldu- daiteke.

1990eko hamarkadatik aurrera, antioxidatzaileen kontsumoa moda kontua izan da, baina, zientziak aurrerapausoak eman dituen neurrian jakin denez, erradikal aske eta antioxidatzaileen teoria ez da zuzena. 2000. urtean lehen aldiz frogatu zen erradikal aske kopuru handiagoa ekoizteko genetikoki eraldatutako arratoiak ez direla arruntak baino azkarrago zahartzen. Esperimentu horren ondoren, antioxidatzaileen onurak zalantzan jartzen zituzten beste hainbat ikerketen emaitzak argitaratu ziren. Hala ere, antioxidatzaileen kontsumoa onuragarria dela pentsatzea oso errotuta dago -2020rako antioxidatzaileen merkatuak 3,1 bilioi dolar fakturatuko dituela espero da, bide batez-.

Egun, zahartze prozesuak aztertzen dituzten zientzialariak frogatu dute erradikal askeek kalte zelularrak eragiten dituztela. Hori zuzena da, bai, baina, hori gorputzaren estres arruntaren ondorioa da eta ez dago argi antioxidatzaileak gai ote diren erradikal aske horiek neutralizatuz zahartzea moteltzeko. Alabaina, zenbait erradikal askek onurak ekartzen dituztela frogatu da eta antioxidatzaile gehiegi hartzea ere kaltegarria izan daiteke.

2. irudia: Zahartzea prozesu arrunt eta naturala da, denboraren poderioz gertatzen dena eta nekez saihestu daitekeena. Ez behintzat antioxidatzaileak kontsumituta. (Argazkia: annca – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Bromuroa botatzen al zuten soldaduskako dilistetan?

Bromuroarena, mito unibertsala. Guztiok entzun dugu noizbait soldaduskan, seminarioetan, eskolako jangelan edo nerabe asko zegoen tokian bromuroa botatzen zela janarian haiek lasaitzeko asmoz-edo. Normalean, gainera, mitoak dio dilistetan jartzen zela bromuroa. Hormonak edo libidoa kontrolatzeko gehitzen omen zen, nolabait, sexu-grina murrizteko, baina, benetan eraginkorra da bromuroa? Bada, mito unibertsala den arren, mito bat besterik ez da. Bitxia da, gainera, uste horrek forma desberdinak hartzen dituela herrialdeen arabera. Bigarren Mundu Gerran esaten zen armada britaniarrean potasio bromuroa botatzen zutela tean. Frantzian, aldiz, soldaduen ardoan botatzen zuten; Polonian, kafean; Alemanian: ioduroa kafean; Errusian, edarietan. Estatu Batuetako armadan, soldaduskan saltpeter delakoa -potasio nitratoa- botatzen zutela esaten zen.

Mitoan bromuroa aipatzearen arrazoia izan daiteke potasio bromuroa substantzia lasaigarria dela. Oro har, potasio, sodio, litio, kaltzio, estrontzio eta amonio bromuroak medikuntzan asko erabili ziren, eta ziurrenik hortik dator mitoa. Medikuntzan sifilisaren tratamenduan erabiltzen hasi ziren potasio bromuroa, baina ez zen eraginkorra. XIX. mendearen bukaera aldea ikusi zuten efektu lasaigarria zuela eta epilepsiaren sintomen aurka erabiltzen hasi ziren. Bromuroak XIX. eta XX. mendeetan erabili ziren lasaigarri moduan: epilepsiaren sintomak arintzeko, baina baita beste gaixotasun arinagoen kasuan. Gramo heren bat eta bi gramo arteko dosia ematen zen, egunean hainbat aldiz. Buruko mina eta alkoholaren ajearen aurkako sendagaiak bazeuden bromoan oinarrituta “Bromo-seltzer” delakoa, esaterako, 1975ean merkatutik atera zena toxikoa zelako. Hain zuzen ere, bromuroak nahiko toxikoak dira ¾buruko minak, indarra galtzea¾, eta beste osagaiekin ordezkatu ziren medikuntzan -adibidez, fenobarbitala edo bentzodiazepinak-. Esandakotik dator ziurrenik bromuroaren mitoa. Gainera, adituen arabera soldaduek aitzakia hori jartzen zuten sexuan kale eginez gero. Jeff Schogol adituaren arabera, mitoaren jatorria izan daiteke soldaduen libidoa jaitsi egiten dela entrenamendu militarren ondorioz, estres handiko eta neke izugarria eragiten duten egoerak izaten dira ¾baliteke, beraz, soldaduek bromuroa aitzakia moduan erabili izana¾. Beraz, potasio bromuroak baregarri edo lasaigarri efektua badu, baina ez da sexu-grina edo libidoa murrizteko substantzia espezifikoa. Beraz, soldaduak edo gazteak lokartzeko sistema izango zen, izatekotan. Edozein kasutan, arriskutsua izango zen substantzia horiek janarian gehitzea.


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

4 iruzkinak

  • Oso ondo dago mitoak apurtzea, baina ez dezagun beste mito bat sortu. Antioxidatzaileak bizitzarako beharrezkoak dira. Gakoa dosian dago.

    • Eskerrik asko oharragatik Jon. Ziur asko antioxidatzaileen gaiak beste artikulu bat beharko du ondo azaltzeko, baina esan duzun bezala, horixe da hemen azaldu nahi dena: antioxidatzaileek onurak zein kalteak ekar ditzaketela eta erradikal askeek ere onurak zein kalteak ekar ditzaketela, alegia, antioxidatzaile gehiago kontsumitzeak ez duela zertan osasungarria izan behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.