Berpiztuko al ditugu dinosauroak?

Josu Lopez-Gazpio

1993an Steven Spielbergen Jurassic Park filma iritsi zen eta horrekin batera dinosauroekiko interes handia sortu zen. Ideia polita eta erakargarria zen: ingeniaritza genetikoa erabiliz desagertutako espezieak berpiztea posible da eta teknologia hori erabiliz zoologiko moduko bat sortu dute irla galdu batean. Filmaren fikzioa alde batera utzita, bertan aipatzen den kimera hori noizbait lortzea posible izango ote da? Zientziari dagokionez eta, oraingoz ditugun ezagutzekin, egin al daiteke filmak proposatzen duena?

1. irudia: Zientzia-fikziozko filmei esker dinosauroekiko interesa piztu zuen. (Argazkia: AzDude – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Egun badakigu Jurassic Park filmak zientzia hauspotu duela eta, nolabait, modan jarri zuela antzinako DNAren ikerketa. Pelikulak dinosauroekiko interesa handitu zuen eta horrek alor horretan ikerketa gehiago egitera eraman zuen. Zenbait kasutan kalterako ere bai, izan ere, itxaropen faltsuak eragin zituen zenbait kasutan. Litekeena da filmean proposatutakoa ezinezkoa izatea orain arte zientziaz dakiguna aldatzen ez den bitartean. Dinosauroei buruzko akatsak ere ugariak dira filmean –esaterako, Tyranosaurus rex-aren inguruko egokitasun falta nabaria da-, baina, ingeniaritza genetikoari dagozkion akatsak ere ez dira gutxi.

Emandako azalpenak

Jurassic Park filmaren hasiera aldera “Mr DNA” delako sekuentzian azaltzen dute zer teknologia erabiliz egin diren parkean ikus daitezkeen dinosauroak. Bide batez, esan behar da sekuentzia hori fikzioa sinesteko beharrezkoa diren akatsak alde batera utzita, zientzia-komunikazioaren lan aparta dela duela 25 urte gizarteak DNAri buruz zekiena kontuan hartzen bada. Azaltzen dutenez, fosilizatutako dinosauroen garaiko eltxoetatik dinosauroen DNA erauztea posible da. DNA hori erauzita eta falta diren hutsuneak igelen DNArekin betez, dinosauroen enbrioiak ostruken arrautzetan txertatzen dituzte eta, hortik, dinosauroak. Istorioa polita da, sinesgarria ere izan daitekeena, baina zientzia fikzioa besterik ez da.

Errealitatetik urrun

Lehenik eta behin, odola xurgatzen zuten intsektuetan dinosauroen DNA bere horretan gordeta egon daitekeela pentsatzea ez da zuzena -anbarrean fosilizatuta egonik ere-. Eltxo prehistorikoak aurkitu dira, bai, eta dinosauroen DNA dutenak ere bai, baina, eltxo horietan dagoen DNA hondatuta dago. Ez dauka izan zenaren arrastorik ere eta eltxoaren beraren DNA ere guztiz hondatuta dago. Neandertalgo gizakien eta mamuten DNA isolatzea lortu da, baina, dinosauroena zaharregia da. Aurkitu den DNArik antzinakoenak milioi bat urte inguru ditu. Dinosauroak duela 66 milioi urte desagertu ziren, beraz, salto handiegia dago, besterik gabe. Duela gutxi frogatu denez, dinosauroen garaiko zenbait zelula eta zelula-egitura mantendu daitezkeela ikusi da, baina ez genoma osoak.

2. irudia: Stegosaurus-aren hezurdura. (Argazkia: OpenClipart Vectors – domeinu publikoko irudia. Iturria: commons.wikimedia.org)

Dinosauroen DNA erauztea posible izango balitz ere, milioika zati txikitan puskatuta egongo litzateke. Zati horiek elkartzeko gidarik ez legoke eta ia ezinezkoa litzateke DNA zatiak berezko ordena jarraituz berriro elkartzea. Puzzle erraldoi bat osatzearen parekoa da piezarik falta den jakin gabe eta zer irudi lortu behar den jakin gabe. Jurassic Park filmean zientzialariek falta diren piezak osatzeko igelen DNA erabiltzen dute, baina, hori urruti samar dago zientziaren prozeduretatik. Hasteko, igel-dinosauro hibrido bat lortuko litzateke eta, gainera, enbrioiaren bideragarritasuna zalantzan jartzekoa da. Izan ere, dinosauroak hegaztietatik askoz gertuago daude ebolutiboki igeletatik baino eta, hortaz, ez du zentzu zientifiko gehiegirik filmean proposatzen denak.

Genomaren osaketari dagokionez, 2010ean genoma sintetikodun lehen zelula sortu zuten, Mycoplasma mycoides-en laborategiko bertsioa, baina milioi bat base besterik ez dituen genoma bati dagokio. Dinosauro baten genoma eraikitzea lan izugarria litzateke horren aldean, gainera, ez legoke erreferentziarik eraiki behar den hori nolakoa den jakiteko. Kontuan izan behar da DNA katea prest izatea ez dela nahikoa desagertu den izaki bizidun bat berpizteko. DNA hasiera puntua da, bai, baina enbrioiaren garapenerako dinosauroen arrautza ere beharko litzateke. Oilo baten enbrioia ostruka baten arrautzan sartzen bada ez da txitarik jaiotzen -frogak egin dira-. Hortaz, are nekezagoa izango litzateke Velociraptor baten DNA ostruka baten arrautzan jarrita dinosauro bat jaiotzea.

Dinosauroek bizirik diraute

Egia esan, dinosauroak ez dira desagertu eta gure artean jarraitzen dute. Hegaztiek ez dute dinosauroetatik eboluzionatu. Hegaztiak ez daude dinosauroekin lotuta. Hegaztiak dinosauroak dira. Dinosauroak -hegaztiak barne-, lau desagertze masiboren ondorioa dira. Desagertze bakoitzaren ondoren espezie berriak agertu ziren eta guzti horren ondorioa dira egun ikus ditzakegun txoriak. Hortaz, dinosauroak ez dira desagertu: ingurune berrira moldatzeko eboluzionatu dute. Hori jakinik, hegaztietatik dinosauroak lortzeko modua ere proposatu da. Antza, atabismo genetikoak aktibatuz aspaldiko arbasoen ezaugarriak berreskuratu daitezke eta, horrela, posible litzateke hegaztien eboluzioan atzera egitea. Jack Horner irakasle eta paleontologo estatubatuarra alderantzizko eboluzioa eta adierazi zuenez, modu horretan posible izango da dinosauroen zenbait ezaugarri dituzten hegaztiak lortzea. Ez dira dinosauroak izango, baina, hor ere aurrerapausoak eman ahal izango dira.

Bien bitartean, zientzia-fikziozko filmetan bakarrik ikusi ahal izango ditugu dinosauroa- eta haiekin istorio zirraragarriak amestuko ditugu, baina, nekez ikusiko dugu noizbait dinosauro bat bizirik. Une honetan dugun jakintzaren arabera, ezinezkoa da. Agian desagertu diren espezieak berpiztu ahal izango dira –mamuta, esaterako-, baina, hori ere zalantzan jartzekoa da. Edozein kasutan amets edo kimera horiez gain, ikuspuntu etikotik ere aztertu beharko da desagertutako espezieak berpiztu daitezkeen edo ez. Ez dira gutxi horrek sor ditzakeen arazo etikoak, eta horiek argitu beharko ditugu, baina, oraingoz azkarregi goaz kontu etikoez aritzeko. Biologiari dagokionez, oraingoz ezinezkoa da dinosauroak berpiztea eta ez dago pisuzko arrazoi zientifikorik pentsatzeko noizbait egin ahal izango dela. Pelikulak ikusten jarraitu beharko dugu.

Erreferentzia bibliografikoak:

Kruger R.P., (2011). Jurassic Park Revisited. Cell, 153(2), 277-279. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2013.03.041

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #216 - Zientzia Kaiera

[…] Park filma ekarri du gogora Josu Lopez-Gazpiok. Istorio polita dela, sinesgarria ere izan daitekeena, baina zientzia fikzioa besterik ez dela […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>