Kakan dauden mikroplastikoen harira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela gutxi hedabide honetan bertan mikroplastikoei buruz aritu nintzen, eta bertan mikroplastikoak zer diren azaldu nuen, eta azken urteotan haiekiko dagoen kezka handitu egin dela azpimarratu nuen. Orain arte ezaguna zen, besteak beste, arropa garbigailuetan garbitzearen ondorioz sortzen zirela hainbat mikroplastiko. Mikroplastiko horiek itsasoan bukatzen dute eta, hortik, ur-ekosistemetan bizi diren animalietara igarotzen dira.

Horretaz gainera, argitaratutako ekarpenaren mamia zera zen: kutsatutako animalia horiek jaten ditugunez, espero zitekeen moduan, gure gorotzetan mikroplastikoak identifikatu dira. Esandakoak, ordea, eta Zientziaren zuzentasunari zor, zenbait azalpen gehigarri eta zuzenketa eskatzen ditu.

Irudia: Plastikoen ohiko kutsaduraz gainera, mikroplastikoena ere interes handiko gaia bilakatu da azken urteotan. (Argazkia: bilyjan – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Azaldu bezala, mikroplastikoak plastiko zati oso txikiak mikroskopikoak edo ia dira eta, uste denez, arrisku potentzial handia dute. Mikroplastiko horiek plastiko-zaborretik, etxeko hondakin-uretatik eta antzeko iturrietatik datoz, besteak beste. Azken urteotan kutsadura iturri modura fokua jarri da mikroplastikoetan, baina, baliteke foku hori gehiegizkoa izatea, oraingoz dakigunaren arabera behintzat. Mikroplastikoen ezin asmatuzko bideek erakutsi dutenez, antza, itsas-uretara iristen diren mikroplastikoak bertako organismoetan pilatzen dira. Guk bizidun horiek jaten baditugu, geure organismora gehitzen ditugu mikroplastiko horiek.

Hari horri tiraka, Philipp Schwabl eta bere lankideen hipotesia izan zen pentsatzea mikroplastiko horiek gizakion gorotzetan aurkitu ahal izango zirela eta ikerketa martxan jarri zuten. Azaldu nuenez, «ikertzaileek zortzi herrialdetako boluntarioen gorozkiak aztertu dituzte, besteak beste, Italiakoak, Japoniakoak, Errusiakoak eta Erresuma Batukoak». Egia da zortzi herrialdetako boluntarioak hartu zituztela, bai, baina ikerketaren funtsera bagoaz, ikertzaileek azaltzen dute zortzi boluntario bakarrik aztertu zituztela. Zalantzarik gabe, Zientziaren zuzentasunaren irizpideei jarraituz lagin hori oso eskasa da emaitzak adierazgarriak izateko. Alabaina, argitaratutako zenbait albistek zioten mundu guztian zehar aurkitu direla mikroplastikoak gizakion kakatan. Hain zuzen ere kakan ere badaude ekarpenaren erreferentzietan aipatzen den iturrietako batek horixe dio. Egiari zor, munduan zehar -edo, hobeto esanda, munduko zortzi lekutan- aurkitu dira mikroplastikoak giza gorotzetan, baina, albistearen titulua nahasgarria da eta neurrigabeko alarma sor dezake. Hori ez zen argi geratzen nire ekarpenean, beraz, ikerketaren muina zehaztasun handiagoz azaltzea ezinbestekoa zen. Neurrigabeko kezka horiek saihestea da, hain zuzen ere, zientzia dibulgatzaileon funtziorik garrantzitsuenetako bat. Zalantzarik gabe, zortzi gizabanakori analisiak egitea ez da nahikoa mundu guztian hori bera gertatzen dela baieztatzeko.

Beste alde batetik, gorotzetan mikroplastikoak detektatu direla esatea eta hori arriskutsua izatea ez da gauza bera. Zentzu horretan, ikerketaren emaitzen harira argitaratutako albisteek ideia hori iradokitzen zuten, hein handi batean. Azkenik, egindako ikerketaren lagin kopuru murritzak eta argitaratutako frogek ez dute ziurtatzen zein den mikroplastikoen jatorria. Baliteke organoetara iristen diren mikroplastikoek elikaduran jatorria izatea, baina, baliteke beste iturri batzuetatik etortzea. Argi utzi behar da azken hori ez dutela ikertu Schwabl eta bere lankidek. Horrek ez du esan nahi horrela ez denik, alegia, baliteke gorotzetara iritsi diren mikroplastikoen jatorria kutsatutako itsas-uretan dauden animalietan egotea, baina, hori ez da frogatu zientziaren metodoak erabiliz, momentuz. Azaldutako hiru arrazoien ondorioz, ikerketaren ondorioak tentu handiz hartu behar dira eta, momentuz, ezin dira ondorioak orokortu.

Schwabl eta bere lankideen lana biltzar zientifiko batean aurkeztu zen lehen aldiz, United European Gastroenterology Week delakoan. Oro har biltzar batean aurkezten diren lanek ez dute zientzian ezinbestekoa den peer review prozesua igaro behar, baina, kasu honetan, UEG berak duen United European Gastroenterology Journal aldizkarian ere argitaratu zen. Aldizkari horrek zientzia-aldizkariek bete behar dituzten ohiko baldintzak betetzen ditu eta, horren eredu, Journal Citation Reports zerrendan sartuta dago -aldizkarien kalitatearen adierazleetako bat izaten dena-. Hortaz, albisteetan irakurri daitekeena zehaztuz, esan behar da Schwablen ekarpenak berrikusketa prozesua pasa zuela -biltzarrera aurkeztutako ekarpenen %70ak pasa zuen berrikusketaren iragazkia-. Horrexegatik, ikerketa bera zuzena da, baina, haren ondorioak ezin dira orokortu laginaren tamaina eskasa ikusita.

Guzti hori argituta, «momentuz lehen ikerketa da esparru interesgarri bezain higuingarri honetan, baina, ikertzaileek ikerketa sakon gehiagoren beharra dagoela plazaratu dute» esaldia ez da nahikoa ikerketaren emaitzen behin-behinekotasuna azpimarratzeko. Horrexegatik, azalpen gehigarriak eta zuzenketak egin behar dira, zientzialariok batzuetan egin ohi dugun moduan. Xehetasun horiek ematea beharrezkoa zen; izan ere, dibulgatzaileok izan behar dugu geure lana zuzentzen eta hitz lausoak azaltzen lehenak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Schwabl Philipp, Liebmann Bettina, Köppel Sebastian, Königshofer Philipp, Bucsics Theresa, Trauner Michael, Reiberger Thomas, (2018). Assessment of microplastic concentrations in human stool – preliminary results of a prospective study. United European Gastroenterology Journal 2018; 6 (Supplement 1).

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.