Asteon zientzia begi-bistan #236

Uxue Razkin

Astronomia

2019 urtea ondo hasteko, badugu astronomia arloko albiste garrantzitsu bat: NASAren New horizons zundak Ultima Thuleri egindako lehenengo argazkia bidali duela irakur daiteke Elhuyar aldizkarian. Horri esker, haren tamaina eta formaren informazioa jaso dugu: 35 km luze eta 15 km zabal da. Horretaz gain, bidali diren beste argazkiei esker ikusi dute objektu bakar bat dela. Elur-panpin baten itxura du, gainera Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez. Ultima Thule ikertzeak eguzki-sistemaren sorrera argitzea du helburu.

Chang’e 4 zunda Ilargiratzea lortu du CNSA Txinako Espazio Administrazio Nazionalak, gizakiak gertutik sekula aztertu gabeko eremu batera gainera, Berriaren arabera. Aitken arroa gunean dago, Von Karman kraterrean, hain zuzen. Espazio zunda han dagoela, irrati frekuentzia baxuak, Ilargiaren lurrazala eta erliebea, eta haren konposaketa eta egitura ikertuko ditu. Horrez gain, neutroien eta atomo neutroen erradiazioa neurtuko du.

Albiste honek eman du zeresana adituen artean, jakina. Javier Armentia astrofisikari eta Iruñeko Planetarioaren zuzendariak dio Txinaren espazio programaren garapena “oso adimentsua” dela. Bestalde, Jose Felix Rojas astrofisikari eta EHUko Planeten Zientzien taldeko kidearen arabera, Txinak egindako balentria ez da “propaganda” kontua: “Espazioan dagoena komertzialki ustiatzeko aukerak ikusten ari gara dagoeneko”. Berrian landutako informazioan irakur daiteke.

Ekologia

Urte berrian murgildu gara guztiz baina iazko gai garrantzitsu bat ekarri dugu gurekin: mikroplastikoak. Josu Lopez Gazpiok azaldu zigun moduan, itsas-uretara iristen diren mikroplastikoak bertako organismoetan pilatzen dira eta guk bizidun horiek jaten baditugu, gure organismora gehitzen ditugu mikroplastiko horiek. Philipp Schwabl eta bere lankideen hipotesia izan zen pentsatzea mikroplastiko horiek gizakion gorotzetan aurkitu ahal izango zirela baina lagin hori oso eskasa zen emaitzak adierazgarriak izateko (zortzi boluntario aztertu zituzten bakarrik). Beraz, gorotzetan mikroplastikoak detektatu direla esatea eta hori arriskutsua izatea ez da gauza bera. Lopez Gazpiok gogoratzen digun moduan, neurrigabeko kezka horiek saihestea da, hain zuzen ere, zientzia dibulgatzaileon funtziorik garrantzitsuenetako bat.

Ibai handien egoeraren azterketa zabala egin du Jim Best geologoak eta ikerketak kezka eragin du, Juanma Gallegoren artikuluan irakur daitekeenez. Zenbait esparrutako ondorioak azaldu ditu geologoak publikatu duen artikulu batean. Klima-aldaketa, kutsadura, ur erazteak eta ur desbideraketak dira aipatzen diren arazoak, besteak beste. Halaber, kanpoko espezieen sarrera aipatu du Bestek kontuan hartu beharreko arazoen artean. Ezagunak dira zebra muskuilua edo Karpa arrunta bezalako espezieek sortutako arazoak, baina ez dira bakarrak. Artikuluan ere irtenbideak proposatu ditu. Jaso dituen datu horiek guztiak “ezinbestekoak dira etorkizunean kudeaketa jasangarria egin ahal izateko”, aitortu du geologoak.

Osasuna

Fundación Española del Corazón (FEC) elkarteak dioenez, miokardio-infartuaren sintomak eta euren pertzepzioa ezberdina da gaitza pairatzen duen pertsonaren sexuaren arabera. Emakumeen kasuan okerragoa da eta gizonak baino %6 gehiago hiltzen dira gaixotasun kardiobaskularren ondorioz. Gizonek dituzten sintomak izan ditzakete emakumeek baina horietaz gain, ezohikoak direnak ere paira ditzakete, hala nola bizkarreko mina, sabelaren goialdean mina, ezohiko nekea etab. Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Geologia

Isostasiaren oinarri fisikoa Arkimedesen printzipioan dago eta kontzeptua XIX. mendearen erdialdean sortu zen, César Toméren artikuluaren arabera. Isostasiaren inguruko teoriak zabaltzen hasi ziren George Airy eta John Pratt ikerlariei esker, besteak beste. Izena Clarence Duttonek eman zion eta lehenetarikoa izan zen Lurraren barneko dinamikan zituen ondorioei erreparatzen. Halere, XX. mendeko 60ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen, plaken tektonikaren garapenarekin, isostasiak planteatzen zituen arazoak konpontzeko gai zen teoria bat aurkitzeko.

Emakumeak Zientzian

Naima El Bani Altuna bilbotarrak Geologia ikasi zuen UPV/EHUn. Ondoren, Paleozeanografia masterra egin zuen Bordeleko Unibertsitatean. Hori bukatuta, Kanadara joan zen Artikoko foraminiferoak ikertzera eta handik, Norvegiara joan zen, non bere tesia egiten ari den orain. Unibertsitatea.net-ek egindako elkarrizketan geologoak azaltzen du txikitatik bazekiela zientzia ikasi nahi zuela. Horretaz gain, bere ikerketaren muina azaldu du: “Foraminiferoak oskoldun protista txiki batzuk dira. Uretan “flotatzen” bizi badira, foraminifero plantoniko deritzegu, eta itsas-hondoan bizi badira berriz, foraminifero bentoniko”.

Biologia

Azken urteetan, askotan ikertu dira lipidoak eta honekin batera, biomolekula hauen gaineko ezagumendua asko hazi da, Ekaia aldizkariko artikuluak dioenaren arabera. Hemen laburtzen den lanean zehazki matrizez lagundutako laser desortzio-ionizazio hegaldi denbora masa-espektrometria erabili da lipidoak identifikatzeko lagin biologikoetan. Lipidoak aztertzea lan konplexua da, espezie anitz daudelako zelularen ziklo metaboliko bakoitzean, eta kimikoki desberdinak izan arren euren masak oso antzekoak direlako.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>