Txarrera doa ibaien egoera, inoiz ikusi ez den abiaduran

Juanma Gallego

Ibai handien egoeraren azterketa zabala egin du Jim Best geologoak, haren esperientzia propioan eta beste zientzialariek bildutako datuetan oinarrituta. Espero zitekeen moduan, egin duen diagnosia kezka eragiteko modukoa da.

2.700 miloi lagun inguru bizi dira ibai handien arroetan. Datu hori kontuan izanda, erraza da irudikatzea ibai horiekiko gizateriak duen dependentzia; halere, gutxitan erreparatzen diogu horien egoerari. Hortaz, ezinbestekoa da ibai horien inguruko diagnosia egitea. Horixe da Jim Best geologoak egin duena: ibai handien egoeraren erradiografia osatu du zientzialariak Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean.

Atera dituen ondorioak publiko zabalari modu errazagoan helarazteko, ikerketa horri buruzko dibulgazio artikulu batean laburbildu ditu emaitzak. “Ibai hauek giza zibilizazio handiek aurrera egin dezaten ahalbidetu duten arteria handiak dira, eta gaur egun milaka milioi pertsonen bizitza ahalbidetzen dute”. Zientzia artikuluan ere eskura daitezke nahiko argigarriak diren datuak, modu errazean azalduta, eta baita horien inguruko interpretazioa ere. “Gaur egun, aldaketa antropogenikoak munduko ibai handienei aldaketak eta mehatxuak eragin dizkie, orain arte gizakiak ikusita ez zuen abiadura batean, gainera. Etorkizun hurbilean, geomorfologiaren, ekologiaren eta gizartearen ikuspuntutik, ibai handi askok aldaketei aurre ekin beharko diete, eta aldaketa horiek haien funtzionamendua goitik-behera alda lezakete”.

1. irudia: Tirabira askoren abiapuntua da Nilo ibaia, bertako urak partekatu behar dituzten estatuen artean. Irudian, Aswango presa, Egipton. (Argazkia: Juanma Gallego)

Bestek egin duena berrikusketa artikulua izan da, aurretik beste hainbat egileek landutako ikerketetan oinarrituta. Inozoa litzateke artikulu bat erabilitako bibliografiaren arabera epaitzea, baina zalantzarik ez dago berrikusketa artikulu batean datu “kuantitatibo” hori nahiko esanguratsua dela ondorioen kalitatea neurtzerakoan. Kasu honetan, egileak 263 erreferentzia izan ditu esku artean.

Bildutako ezagutza hori, hein handi batean, teknologiari esker eraiki izan da. Izan ere, azken urteotan asko hobetu dira ibaiak ikertzeko teknikak: tresna akustiko eta elektromagnetikoak erabilita (tartean, Doppler edota LIDAR bidezko neurketak), badago aukera ibaien estruktura goitik-behera eta doitasun handiarekin ikertzeko, eta baita ibaien hondoak, ur-lasterrak, arrainak edota suspentsioan doazen sedimentuen ibilbidea jarraitzeko ere. Tresna horiei, gainera, satelite bidezko neurketak gehitu zaizkie, hala nola NASAren edo Planet Labs enpresaren cubesat konstelazioak. Hemendik gutxira, gainera, satelite bidezko neurketak are gehiago hobetuko dira, 2020. urterako aurreikusita baitago SWOT izeneko misioa. Satelite horrek doitasun handiz neurtuko ditu munduko ur sistemetako azalerak.

“Horrelako urruneko detekzioari esker, aukera egongo da monitorizatzeko uraren deskarga bai urruneko eremuetan zein politikoki edo ekonomikoki datu horiek sentikorrak diren kasuetan”. Datuok eragile guztien esku egotea hoberako izango delakoan dago Best, horrela, haren ustez, estatu desberdinen arteko konfiantza handituko delako. Nilo ibaiaren arroa jarri du adibidetzat. Tirabira geopolitikoen abiapuntu klasikoa da Nilo ibaia, bertako uren kontrola gora behera, baina ez da, inolaz ere, liskarrak pizten dituen ibai bakarra: Anatolia edota Kaxmir bezalako eskualdeetan uraren banaketak ia-ia casus belli baten kategoria irabazita dauka.

Ondorioen katalogoa

Gizakiak eragindako hainbat faktore analizatu ditu Bestek. Lehenik eta behin, azken bi hamarkadetan presa erraldoien gorakada izan dela azaldu du geologoak. 2000-2015 tartean, energia hidroelektrikoaren ekoizpena %55 handitu da. Horrek suposatzen du energia osoaren %16, eta energia berriztagarrien %70. Baina elektrizitatea sortzeko erabiltzeaz gain, presa horiek bestelako funtzioak dituzte: soroen ureztapena, uholdeen gaineko kontrola edo txorrotako ura metatzeko biltegiratzea. Alabaina, abantaila horiek beste alde txarrak dauzkate ere, hala nola ekosistemen zatiketa, ziklo hidrologikoaren aldaketa edota sedimentuen gaineko eragina.

Klima-aldaketari dagokionean, eraginak ez dira batere sinpleak, eta prezipitazio aldaketak baino harago joango dira: ondorioz, arro bakoitzaren arabera desberdinak izango dira eragin horiek. Klimari loturiko proiekzio guztietan bezala, hemen ere ziurgabetasun ugari agertzen dira. Batez ere, beroketa globalak uholdeen zikloari eragingo diola uste dute ikertzaileek, eta argi daukate ere glaziarrek rol garrantzitsua jokatuko dutela ur emarietan.

Ibai hauetan kezka gehien sortzen duen kutsadura batez ere nutrienteei loturikoa da (nekazaritzatik datozen nitrogenoa eta fosforoa, gehienbat), eta baita ur zikinetatik datozen patogenoen kutsadura.

Zuzenki giza jarduerari loturik doaz jorratutako hurrengo eraginak: ur erazteak eta ur desbideraketak. Kasu honetan bereziki beharrezkoa da planifikazio egokia, herrialde batean izandako esku hartzeak zuzenean eragin larriak izan ditzakeelako beste herrialde batean. Indian egindako horrelako esku hartzeak Bangladeshen eragindako lehorteak jarri ditu Bestek adibidetzat.

2. irudia: Munduko 32 ibairik handienak aztertu ditu Jim Bestek, bibliografia oparo batean oinarrituta. Ibai horien magalean hartzen du aterpe munduko hiru biztanletik batek. (Irudia: Nature Geoscience)

Eragin mugatuagoa badu ere, kanpoko espezieen sarrera aipatu du kontuan hartu beharreko arazoen artean. Ezagunak dira zebra muskuilua edo Karpa arrunta bezalako espezieek sortutako arazoak, baina ez dira bakarrak. Gainera, klima-aldaketa dela eta, kanpoko espeziaren kontzeptua bera ere berrikusi beharko da, horrek ere aldaketak bultzatuko dituelako habitatetan. Azkenik, ibaien zatitzea eta sedimentuen erauztea jorratu ditu ikerketa artikuluan.

Best ez da geratu analisi hutsean, eta irtenbideak proposatu ditu. Aterabide horietan eragile guztiek parte hartu behar dutela dio: ibaietako biztanleak, zientzialariak, industriaren eta sektore energetikoaren ordezkariak, gobernuak edota gobernuz kanpoko erakundeak.

Dena dela, zientzialaria izanda, ezagutza handitzearen aldeko aldarria egin du konponbideak bilatzeko. Egileak dio, ozeanoetako hondoetara edo eguzki sistemako planetetara esplorazioa egiten den modu berean, ibaien esplorazioan sakondu beharra dagoela, are gehiago kontuan izanda giza populazioaren zati handi bat eta Lurreko bioaniztasunaren zati handi bat horiei lotuta daudela. “Orain da momentua ezagutza hori eskuratzeko abaguneari probetxua ateratzeko, eskura ditugun teknika berriak erabilita”.

Gezurra dirudien arren, ikertzaileak dio oraindik ere hutsune ugari daudela ibai handien ezagutzan. Adibidez, artean oso gainetik ezagutzen da ibai hauek dakartzaten sedimentuen kopurua, eta horietan dauden animalien eta landareen katalogoa osatzeko dago. Bertatik zenbat nutriente eta poluitzaile igarotzen diren ere argitzeke dago. Datuen falta horrek zaildu egiten du diagnosia burutzea. “Datu horiek guztiak ezinbestekoak dira etorkizunean kudeaketa jasangarria egin ahal izateko”, aitortu du geologoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Best Jim, (2019). Jim Best. Anthropogenic stresses on the world’s big rivers. Nature Geoscience, 12, 7–21. DOI: https://doi.org/10.1038/s41561-018-0262-x

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>