Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, eta nekazaritzarena omen da errua

Juanma Gallego

XX. mendean Itsaso Baltikoko oxigeno mailak azken 1.500 urtetako txikienak izan dira, ikerketa baten arabera. Arrazoien artean, nekazaritzaren jardueran eta hirietako ur zikinetan sortzen diren nutrienteak aipatu dituzte zientzialariek.

Eremu hilak, eutrofizazio eremuak edo itsaspeko basamortuak. Termino horiek guztiak erabiltzen dira fenomeno bera deskribatzeko. Ekosistema baten barruan nutriente gehiegi sartzen direnean sortzen da eutrofizazioa. Ozeanoen kasuan, normalean ekosistemetara nitrogeno eta fosforo gehiegi isurtzen direnean biderkatzen dira arazoak. Elementu horiek batez ere nekazaritzan erabilitako ongarrietatik datoz, eta, logikoa denez, kostaldeetatik gertu egon ohi dira.

1. irudia: Suediaren eta Finlandiaren artean kokatuta dagoen Uhartediaren itsasoan egin dute ikerketa, Itsaso Baltikoan. (Argazkia: Kari Mattila /The Archipelago Research Institute)

Mundu osoan izaten den arazoa da, baina tokian tokiko ikerketak oso baliagarriak dira arazoaren funtsaren ideiaren bat izateko. Itsaso Baltikoan egindako azken ikerketa batek ondo erakusten du hori. Gainera, itsaso honetan bereziki larria da arazoa, arrazoi asko direla eta: Ipar itsasoarekin lotuta egon arren, bertako urek denbora asko behar dute berritzeko. Bestalde, iparraldeko ohiko klima du, eta, horregatik, oso lurrunketa gutxi dago bertan. Modu berean, ibai askok isurtzen dute bertan haien emaria. Horrek guztiak eragiten du ere bertako ura gazikara izatea. Inguruetan, industria eta nekazaritza garatua dituzten herrialdeak ditu: hortaz, itsasoratzen diren urekin batera hain gardenak ez diren isuriak doaz ere.

Ondorioz, ingurumen zientziak lantzen dituzten ikertzaileek arreta berezia jarrita dute itsaso horretan. Orain, zientzialari talde batek ondorioztatu du itsaso honek azken 1.500 urteetako oxigeno mailarik baxuena duela, eta egoera hori giza jarduerari leporatu diote.

Finlandiako eta Alemaniako ikertzaileek parte hartu dute Biogeosciences aldizkarian argitaratutako ikerketa artikuluan. Bertan aipatu dutenez, aurretik egindako beste hainbat ikerketek erakutsi dute Baltikoak iraganean hipoxiarako joera izan duela, baina atzera begirako datu-serie luzeak faltan zirela erantsi dute. Ondorioz, hor zentratu dute ikerketa.

Egin duten berreraikipenaren arabera, aurkitu dute mende askotan zehar klimaren aldakortasunak modulatu duela itsas hondoan gertatzen den materiaren deposizioa, baina azken urteetan gertatutakoak “aurrekaririk ez duela” nabarmendu dute.

Suedia eta Finlandiaren artean dagoen Uhartediaren itsasoaren hondoko bi lagin hartu dituzte, bakoitza lau metrokoa luzeran. Halakoetan egin ohi den moduan, lagin horietan bildutako sedimentuak aztertu dituzte, iraganean “atzera joateko”. Arreta berezia jarri dute fosiletan, antzinako bizidunen arrastoak garai bakoitzeko ekosistema nolakoa zen jakiteko indikatzaile bikainak direlako.

2. irudia: azken 1.500 urteak berreraiki dituzte, itsas hondoko laginen bitartez. Irudian, azken mendeko sedimentuak biltzen dituen lagin bat. (Argazkia: Sami Jokinen)

Sedimentuak aztertzeari ekin diotenean, duela ehun urteko geruzan ikusi dute aldaketarik argiena. Garai horri dagokion estratuan bibalbioen eta anelidoen zantzuak aurkitu dituzte. Ez dituzte topatu, ordea, gorago dauden sedimentuetan. Orain arte uste zen batez ere 1950eko hamarkadan hasi zela oxigeno mailaren jaitsiera, Bigarren Mundu Gerraren ondoren abiatu zen garapen ekonomikoarekin batera; baina datu berriek mende erdi atzeratu dute fenomenoa. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, horrek erakusten du ekosistemak uste baino are sentikorragoak direla.

Kaltetutakoa ez da eremu txikia. Ozeano Baltikoan dagoen eremu hilak 70.000 kilometro koadro inguru hartzen ditu (hiru Euskal Herri eta erdi sartuko lirateke halako azalera batean). Halere, ez da eremu finkoa, urtaroaren arabera aldatzen baita.

Ekologiaren alorrean gertatzen diren kontu gehienetan bezala, oraingoan ere hainbat organismo eta prozesu lotzen dituen kate batean oinarritzen da fenomeno hau. Itsasoaren goiko aldeetan nutriente gehiegi daudenez, algak asko ugaritzen dira, eta horiek hiltzen direnean itsasoan hondoratzen dira. Algek goian izandako banketea behean errepikatzen da orain, baina kasu honetan bakterioak dira algen hilotzak jaten dituztenak. Janaria deskonposatzeko, ordea, bakterioek oxigeno asko kontsumitzen dute, eta, modu horretan, oxigenorik gabeko eremua sortzen da.

Oxigenoaren urritzeak, gainera, bestelako kate-erreakzioak eragin ditzake. Agian nabarmenena, zianobakterio toxikoen bat-bateko ugaltzea da. Zianobakterioek fotosintesia egiten duten bakterioak dira, eta, askotan, haien presentzia eutrofizazioaren seinaletzat jotzen da. Oxigenoa kontsumitzen ez duten bakterio hauek sortzen dituzten toxinek ingurua “pozoitzen” dute, eta bertako landareak eta animaliak akabatzen dituzte. Gurpil zoroa martxan da berriro. Kasu honetan, beste behin ere, oxigenoa baliatzen duten bakterioen onerako da hau.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jokinen, S. A. et al. (2018). A 1500-year multiproxy record of coastal hypoxia from the northern Baltic Sea indicates unprecedented deoxygenation over the 20th century. Biogeosciences, 15, 3975-4001. DOI: https://doi.org/10.5194/bg-15-3975-2018.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>