Ba al dago osasungarria den alkohol kontsumorik?

Josu Lopez Gazpio

Ez. Besterik gabe, ez. Ez dago gomendagarria edo osasungarria den alkohol kontsumorik. Gehiegizko alkohol kontsumoa hainbat minbizi mota eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskuarekin lotua dagoela gauza jakina da, baina, neurrizko alkohol kontsumoak ere hainbat gaixotasun pairatzeko probabilitatea handitzen du. Esaterako, hestegorriko minbizia izateko probabilitatea bikoiztu egiten da astean 100 g alkohol baino gutxiago kontsumituta ere -neurrizko alkohol kontsumotzat har daitekeen kantitatea-. Azken kalkuluen arabera, astean 6 baso ardo edanez gero, alkoholarekin lotutako gaixotasunen batez hiltzeko probabilitatea %1ekoa da.

1. irudia: Ikerketen arabera, neurrizko alkohol kontsumoa osasungarria dela pentsatzeko mitoa baztertu egin behar da. (Argazkia: PhotoMIX-Company – Creative Commos lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Erresuma Batuko alkohol kontsumorako gomendioak berriki aldatu dituzte orain arteko alkohol kantitate onargarria murrizteko. 2016tik hona, astean 14 alkohol unitate baino gehiago ez edatea gomendatzen dute osasun agintariek. Gainera, ez du balio 14 unitateak egun berean edatea. Gutxi gorabehera, 14 unitate ardo botila eta erdi da, edo sei garagardo. Nolanahi ere, argi utzi behar da horrek ez duela esan nahi 14 unitate horiek edatea gomendatzen dela, baizik eta ez dela hori baino gehiago kontsumitu behar. Ez dago gomendagarria edo osasungarria den alkohol kontsumorik, alegia, neurrizko alkohol kontsumoak ere osasun arazoak ekartzen ditu. Baieztapen horren aldeko argudio zientifikoak asko dira, baina, aipatzekoa da duela gutxi argitaratutako ikerketa baten emaitzak: alkohola neurriz edaten duten 600.000 kontsumitzaile aztertu dituzte eta, frogatu dutenez, talde horrek heriotza goiztiarra izateko probabilitate altuagoa zuen. Neurrizko alkohol kontsumoa astean 100 g alkohol kontsumitzea dela finkatu zuten. Hori, gutxi gorabehera, astean bost baso ardo edatea izango litzateke. Kalkuluen zergatia ulertzea erraza da: ardo baten alkohol-graduazioa «%11 vol» bada, horrek adierazten du 100 mL-tan 11 g alkohol puru daudela -alkohol hori etanola da, kimikaren zuzentasunaz hitz egiten badugu-. Organismoan zenbat etanol gramo sartzen ari garen jakiteko, formula hauxe erabili behar dugu: etanol gramoak = edandako mL-ak ´ edariaren graduazioa ´ 0,008. Esaterako, 11º-ko ardoaren 175 mL-tan 15,4 g etanol daude.

Tira, bada, aipatutako ikerketan astean horrelako 6-7 baso ardo edaten zituzten 599,912 kontsumitzaile aztertu zituzten -19 herrialde desberdinetakoak-, eta astean 100 g etanol baino gehiago kontsumitzen zutenen artean heriotza mota guztien hazkuntza gertatzen zela ikusi zuten. Erreferentzia bat emate aldera, astean 200-350 g arteko kontsumoak 2 edo 3 ardo botila bizitza urte batez edo biz murrizten du.

2. irudia: Ikerketen arabera, neurrizko alkohol kontsumoa osasungarria dela pentsatzeko mitoa baztertu egin behar da. (Argazkia: wasi1370 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketak alkohol kontsumoa murrizteko gomendioak berresten ditu eta, hortik, 14 alkohol unitate baino gehiago ez edateko gomendioa -alkohol unitate bat 8 g dira, alegia, zurito bat-. Deigarria da, bestalde, Erresuma Batuko azken gomendioetan ez dela bereizten gizonezkoen eta emakumezkoen kontsumoa; izan ere, aurreko gomendioetan gizonezkoentzat egunean 3-4 unitateko muga ezarri zen eta emakumezkoentzat 2-3 unitate. Edozein kasutan, horrek ez du esan nahi, sarritan hedabideetan entzuten den moduan, alkohol kantitate hori edatea gomendatzen dela edo onuragarria dela. Egia da neurrizko alkohol kontsumoak bihotzekoak jotzeko arriskua murrizten duela, baina, beste arazo kardiobaskularrak izateko arriskua asko handitzen du eta, guztia kontuan hartuta, alkohol kontsumoak onura baino kalte gehiago ekartzen ditu. Sarritan, ordea, alkohol kontsumoaren abantaila txiki horiek bakarrik hartzen dira -bihotzekoen arriskua murrizteko gaitasuna edo antioxidatzaileen presentzia bakarrik aipatuz-, eta horrek kontsumitzaileak nahasten ditu. Argi izan behar da, hortaz, edari alkoholdunak osotasunean aztertuta ez dagoela balizko onuren aldeko argudiorik.

Ikerketak okertzen direnean

Sarri askotan, interes ekonomikoek bultzatuta plazaratzen dira garagardoaren edo ardoaren ezaugarri miragarriak azaleratzen dituzten ustezko ikerketen emaitzak. Deigarria da, bidez batez, mota horretako zenbat albiste argitaratzen diren -zergatik ez dira aipatzen, esaterako, kalabazina jatea osasungarria dela dioten albisteak?-. Zentzu horretan, albiste sentsazionalistak alde batera utzi behar dira eta beti begi klinikoz aztertu behar da emandako informazioa. Gomendioen artean, garrantzitsua da albisteak aipatutako ikerketaren zehaztasunak ematea eta iturri primarioaren esteka jartzea. Informazioaren iturri primario, alegia, ikerketa bera, zein den ezkutatzen bada, gaizki pentsatu behar da. Beste zenbait kasutan, ikerketak animaliak erabiliz egin dira bakarrik, baina, ez da frogatu gizakiongan ere gauza bera egia denik. Ikerketa elikagai osoarekin egin den ere aztertu behar da; izan ere, hainbat kasutan edari alkoholdunaren nutriente jakin batzuk bakarrik aztertzen dira -modu isolatuan onuragarriak izan daitezkeenak-, eta ez da elikagaia bere osotasunean aztertzen -esan bezala, edari alkoholdunen kasuan balantze globala negatiboa da-. Ikerketen okertzearen adibide argia dugu Garagardoa eta Osasuna Informazio Zentroak zabaltzen dituen ikerketak, esaterako.

3. irudia: Beste edozein edari alkoholdun bezala, garagardoa edatea ez da osasungarria. (Argazkia: carolineandrade – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Artikulu honek esan nahi al du edari alkoholdunak kontsumitu ezin direnik? Ez, noski. Edari alkoholdunak askatasunez kontsumi daitezke, baina, informazio zuzena izatea garrantzitsua da. Zentzu horretan, norberak erabakiko du alkohola edo bestelako drogak kontsumitu nahi dituen ala ez. Kasu gehienetan gertatzen den bezala, hori bai, erabaki zuzenagoak hartzeko informazio osoa izan behar dugu eta, horregatik, jakin behar da edari alkoholdunek ez diotela osasunari onurarik ekarriko. Gehiegizko kontsumoak kalte handiak ekarriko ditu, baina, neurrizko kontsumoak ere gaixotasun arazoak eragiten ditu eta, beraz, ez dago neurrizko izena izan dezakeen alkohol kontsumorik.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #206 - Zientzia Kaiera

[…] al dago osasungarria den alkohol kontsumorik? Josu Lopez-Gazpiok argi du: Ez. Ez dago gomendagarria edo osasungarria den alkohol kontsumorik. Gehiegizko alkohol kontsumoa […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>