Zientzia, noren izenean?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientziaren munduan lehiakortasun izugarria dago. Publish or perish -argitaratu ala hil- deitu izan zaionaren diktaduran bizi da zientzia eta ikerketa-artikuluak argitaratzeko obsesio modukoa nabari da. Zenbait kasutan ikerketak zatikatzen dira ahalik eta artikulu gehien argitaratu ahal izateko. Azken horri salami publication deritzo: ahalik eta informazio-kantitate txikiena jartzen da artikulu bakoitzean, ikerketa berak hainbat argitalpen eman ditzan. Horiek kontu arrotzak izan daitezke zientzian ez dabiltzan irakurleentzako, baina, ikertzaileek -batez ere karrera akademikoa hasten ari direnek- ondo ezagutzen dituzte argitalpenen diktaduraren legeak.

1. irudia: Ikerketa-artikuluak sinatzea ezinbestekoa da ibilbide akademikoan aurrera jarraitzeko. (Argazkia: Free-Photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientzialari baten curriculumak ezer gutxi balio du ikerketa-artikuluak -zientziaren munduan paper deitzen direnak- sinatzen ez baditu. Are gehiago, zenbat eta paper gehiago sinatu, haren curriculuma beteagoa egongo da. Egia da beste hainbat ezaugarri ere kontuan hartzen direla, baina, pisu gehiena argitalpen zientifikoek daramate. Horren harira, duela gutxi J. Ioannidis, R. Klavans eta K. Boyack ikertzaileek zientzia-artikuluen egile hiperoparoak identifikatu dituzte Nature aldizkariarentzat. Izen hori jarri diete urte batean 72 artikulu baino gehiago argitaratzen dituzten egileei -bost egunez behin argitalpen bat litzateke hori-. Horietako egileak ez dira gutxi: 9.000 baino gehiago daude munduan.

Zientzia-artikuluen garrantzia

Zientzia-argitalpenen mundua oso arrotza izan daiteke gertutik ezagutzen ez dutenentzat. Argitalpenen garrantzia honetan datza: zientzialari batek ikerketa egin ostean, zientzia-komunitateari bere ikerketen emaitzak jakinarazi behar dizkio; izan ere, komunikatzen ez den zientzia egiten ez denaren parekoa da. Horretaraino guztizko adostasuna dago. Alabaina, egun, kalitate altuko aldizkarietan argitaratutako artikuluek garrantzi handia dute eta, hortaz, lehia sortzen da aldizkari horietan argitaratzeagatik. Aldizkari horietan argitaratzen ez denak pisu txikia du ikertzailearen curriculumean eta, hortaz, ibilbide akademikoan jarraitzeko aukerak murrizten zaizkio etengabe argitaratzen ez badu. Era berean, diru-laguntzak jasotzeko edota akreditazioak lortzeko ikertzaileak argitaratu dituen artikuluak zenbatu ohi dira: artikulu kopurua eta artikuluak argitaratu direneko aldizkarien kalitatea hartu ohi dira kontuan, nagusiki.

2. irudia: Egunotan ohikoa da ikerketa-talde handiek elkarlanean lan egitea eta, hortaz, sinatzaile asko izan ditzakete ikerketa-artikuluek. (Argazkia: rawpixel – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Esandakoaren ondorioz, ahalik eta artikulu gehien argitaratzea da ikertzaile askoren nahia -eta beharra, kasu askotan-. Ildo horretatik, Nature aldizkarian argitaratu berri den gutunean egile hiperoparoak aztertu dituzte, hots, 5 egunean behin ikerketa-artikulu bat argitaratzen dutenak. Horrek, jakina, ez du esan nahi praktika okerrak egiten ari direnik -egiten ari ez direnik ere ez-. Egile oparo horiek identifikatzeko datu-baseetan ikertzaileak bilatu dituzte, eta baita aurkitu ere. Azalpena sinplea da: ikertzaile garrantzitsuek talde handiak gidatzen dituzte, edota hainbat talde, eta talde horiek argitaratzen dituzten ekarpen guztiak sinatzen dituzte. Esaterako, fisikaren alorreko punta-puntako ikerketetan ez da arraroa artikulu batek bostehun edo mila egiletik gora izatea.

Ioannidis eta bere lankideek identifikatu dituzten 9.000 egile hiperoparoen %86 fisikaren esparrukoak dira. Beste 1.000 inguru txinatarrak edo korearrak dira eta egileek zalantzan jarri dituzte autoretza horiek -diru truke argitaratutakoak izan ote litezke, edo ustelkeria kasuekin lotuta egon litezke-. Bi talde horiek alde batera utzita, 265 egile identifikatu dituzte. Kopuru hori handia edo txikia den testuinguruan jartzeko, esan behar da ikertzaile hiperoparoen kopurua 20 aldiz handitu dela 2001etik 2014ra -egile arrunten kopurua, berriz, 2,5 aldiz handitu da-. Berriro ere azpimarratu behar da horrek ez duela esan nahi, inondik inora ere, egileok praktika okerrak egiten ari direnik. Alabaina, Nature-ko gutuna sinatu dutenek zientzia-argitalpenen autoretzaren gaiak ekar ditzakeen arazoak plazaratu nahi izan dituzte.

Autoretza zer den

Guzti honek zientzia-ekarpen baten autoretza norena den erabakitzeko irizpideak berraztertzea eska dezake. Ikerketa-artikulua sinatu behar al du lanaren berrikuspena bakarrik egin duen zientzialariak? Sinatu behar al du diru-laguntza lortu duen ikertzaileak? Sinatu behar al du lan automatizatu hutsak egin dituen ikertzaileak? Zentzu horretan, lan baten egile izatea zer den erabakitzeko Vancouver irizpideak dira onartuenak. Irizpide horien arabera, argitalpen baten egile izango da ekarpen adierazgarriak egin dituen ikertzailea -datuak lortzen, analizatzen edo interpretatzen-, lana idazten edo berrikusten parte hartu duena, azken emaitza onetsi duena eta ikerketa-lanaren atal guztien erantzule dena. Era berean, irizpide horien arabera artikulu baten edozein sinatzailek gai izan behar du beste egile guztiek zein lan zehatz egin duten jakiteko eta, gainera, beste egileen lanean konfiantza osoa izan behar dute. Azaldutako irizpide horiek guztiak betetzen ez dituztenen izenak “esker onak” atalean izendatu beharko dira, baina, ez dira argitalpenaren egileak izango -ez lukete izan beharko behintzat Vancouver irizpideen arabera-.

Vancouver irizpideak betetzea zaila da eta, ziur asko, sarri askotan ez dira betetzen. Esaterako, diru-laguntzen lorpen hutsak edota talde baten zuzendaritzak soilik ez du bidezko egiten ikerketa-artikulua sinatzea. Zientziaren izen ona mantendu nahi bada, zientzialariok paper baten autoretza modu egokian sinatzea ezinbestekoa da, baina, baita diru-laguntzak eta curriculum akreditazioak ematen dituzten erakundeen aldetik curriculum ekarpenak modu egokian egitea. Zientziaren izenean.

Erreferentzia bibliografikoa

Ioannidis, John P.A., Klavans, Richard & Boyack Kevin W., (2018). Thousands of scientists publish a paper every five days. Nature 561, 167-169. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-018-06185-8

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.