Zientziaren loti ederrak

Amaia Portugal

Artikulu zientifiko batzuek hamarkadak igarotzen dituzte tiradera batean ahaztuta, halako batean erreferentziazkoak bihurtu eta aintzatespena jasotzen hasten diren arte. Idatzi horiek aztertzen eta identifikatzen aritu dira Indianako Unibertsitateko ikertzaile batzuk. Lozorrorik luzeena izan duenak 101 urte igaro ditu ilunpean, loria etorri zaion arte.
loti ederrak

1. irudia: Zientziaren loti ederrak dira tiradera batean ahaztuta egon diren artikuluak eta halako batean burua agertu eta erreferentziazkoak bihurtzen direnak. Einsteinek 1935. urtean Boris Podolsky eta Nathan Rosenekin fisika kuantikoko lan aitzindaria idatzi zuen baina 1994. urtera arte ez zuen erreferentziarik eta oihartzunik izan.

1958an, W. S. Hummersek eta R .E. Offemanek Grafito oxidoaren prestaketa izeneko artikulu bat argitaratu zuten, baina ahaztuta geratu zen. Eta hara non, mende erdi geroago, osagai hori moda-modan dagoen material bat ekoizteko baliatzen da: grafenoa. Hala, lozorro luzea izan duen artikulua tiraderatik atera dute eta erreferentziazkoa bihurtu da azken urteotan.

Komunitate zientifikoan loti eder izena jasotzen dute gisa honetako artikuluek. Nolabait, modernoegiak dira: aurreratuegi doaz dagokien garaiarekin alderatuta, eta denbora igaro behar da merezi duten aitortza izan dezaten. “Ikerketa batzuen aplikazio potentziala ezin da aurresan unean bertan. Gerta liteke gai goiztiar batek arretarik ez erakartzea, haren egileek ordurako ospe zientifiko handia edukita ere”, dio Alessandro Flammini Indianako Unibertsitateko (AEB) ikertzaileak. Hain zuzen ere, berak gidatuta, ikertzaile talde batek artikulu bat argitaratu du berriki loti ederren inguruan, PNAS aldizkarian.

Azken mende pasatxoan argitaratutako hamarnaka milioika lanez osatutako datu-basearekin egin dute lan Flamminik eta taldekideek, loti ederrak identifikatu eta edertasunaren koefiziente delakoa kalkulatzeko. Horretarako, artikulu bakoitzak bere ibilbidean zenbat erreferentzia izan dituen eta noiz jaso dituen aztertu dute, besteak beste irizpide hauek kontuan hartuta: artikulua noiz argitaratu zen, zenbat erreferentzia egin zizkioten bere urterik oparoenean, noiz izan zen urte oparo hori eta noiz hasi zen erreferentzien goranzko joera (esnatze ordua).

Irudia: Grafenoak lozorrotik esnarazi zuen 1958ko artikulu hau.

2. irudia: Grafenoak lozorrotik esnarazi zuen 1958ko artikulu hau.

Identifikatu dituzten loti ederretatik hamabost duela mende bete baino gehiago argitaratu ziren. Horien artean, Karl Pearson matematikariak eta estatistikan adituak plazaratutako artikulu batek izan du lozorrorik luzeena: On Lines and Planes of Closest Fit to Systems of Points in Space izeneko bere lanak 1901ean ikusi zuen argia, Philosophical Magazine aldizkarian, baina 2002an esnatu zen. 101 urte luze itxaron behar izan zituen, beraz.

Alessandro Flammini ikerketa honen arduradunak adierazi bezala, ospe handiko zientzialaria izateak ere ez ditu berehalako erreferentziak bermatzen argitaratutako artikulu guztietan. Horren erakusle da Albert Einstein bera. 1935ean (Nobel saria irabazi eta hamalau urte geroago), lan bat plazaratu zuen Boris Podolsky eta Nathan Rosenekin batera, elkarlotze kuantikoaren inguruan. Indianako Unibertsitatean egindako azterketaren arabera, munduko zientzialari ezagunenak idatzitako artikulu honi egindako erreferentziak 1994an hasi ziren loratzen.

Diziplinak xehatuz gero, aintzatespen berantiarra izan duten artikulu gehien fisika, kimika, matematika eta medikuntzaren alorrekoak dira, besteak beste. Flamminiren arabera, hain zuzen ere diziplinen artean dagoen gero eta interakzio handiagoari esker esnatu dira loti ederretako asko: jatorrian diziplina zehatz bati lotuta zeuden artikulu batzuei erabilgarritasuna aurkitu zaie beste batean edo batzuetan, eta horrek, nolabait, bigarren aukera bat eman die erreferentziak lortzeko.

Irudia: Karl Pearson matematikariaren artikulu batek 101 urte eman zituen lozorroan. (Argazkia: 1910. urtea, egile ezezaguna.9

3. irudia: Karl Pearson matematikariaren artikulu batek 101 urte eman zituen lozorroan. (Argazkia: 1910. urtea, egile ezezaguna)

Diziplinekin jarraituz, bestalde, deigarria da estatistikaren alorreko loti ederren kasua. Orain arte ez zen uste horrelako askorik zegoenik estatistikan, baina kontuan izan behar da datu-base erraldoiak ustiatzeko aukerak ikaragarri ugaritu direla azken urteotan, eta horrek tiraderatik aterarazi ditu ustiaketa horretarako lagungarriak diren eta duela hamarkada batzuk plazaratutako artikulu zenbait.

Dena dela, oraingoz Flamminik eta bere taldekideek ez dute aurkitu loti ederrak identifikatzeko jarraibide edo irizpide zehatzik. Itxuraz, ez dago ohiko artikuluak eta loti ederrak bereizten dituen eta kasu guztietan errepikatzen den ezaugarririk. “Ikusi dugunez, aintzatespen berantiarra luze eta zabal gertatzen den zerbait da, nahiz eta aurrez ateratako zenbait emaitzek zioten loti ederrak apartekoak direla. Baina lan gehiago egin beharra dago loti eder horiek esnarazten dituzten mekanismoak argitara emateko”, gaineratu du Flamminik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Qing Ke, Emilio Ferrara, Filippo Radicchi and Alessandro Flammini. Defining and identifying Sleeping Beauties in science. PNAS, June 16, 2015. doi: 10.1073/pnas.1424329112

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>