Antonio Martínez Ron
Indian, kontu pribatua da heriotza, hots, isilpean gertatzen da. Prabhat Jha epidemiologoak eta beste ikertzaile batzuek urteak daramatzate egoera aldatzeko. Izan ere, milioika lagun hiltzen dira urruneko herri txikietan eta heriotza horiek guztiak, nolabaiteko erregistro publikoan bildu beharko lirateke. Miloi bat hildakoren ikerketa izeneko estatu-egitasmo batean bildu nahi dituzte 1997-2013 tartean gertatutako heriotzak eta horretarako, milioi bat laguni inkesta egiten dabiltza. Orain arte, 450000 inkesta egin dituzte, eta hasierako datu horiek baliagarriak gertatzen ari dira, Indiako heriotza-mapa bat marrazteko eta osasun-politika aldatzen hasteko. Nature aldizkarian azaldu bezala, Prabhat Jhak berak pairatu zuen “izenik gabeko heriotza” delakoaren ondorioak hamar urte baizik ez zituenean. Kanadan bere familiarekin bizi zela, aitonaren heriotzaren berri iritsi zitzaien. Agurea, inongo ospitalera joan gabe hil zen etxean. Jharen ama herrixkara itzuli zen zehaztapen bila, baina ez zuen ezer lortu. Urte batzuk beranduago, Jha mediku egin zen, eta bere amaren oharrak berrikusita, ondorioztatu zuen burmuin-infartu batek jota hil zela aitona. Hala ere, heriotza horren eragilea ez da inoiz bilduko, ez fitxategi publikoetan, ez eta inongo estatistikan ere.
Honezkero, lehenengo emaitzak lortu dituzte heriotza-eragileak biltzeko ahalegin horiek. Nature aldizkariak duela egun batzuk plazaratu du grafiko sorta bat. Bertan, zonaldeka adierazten dira gaixotasun desberdinek eragiten dituzten heriotzak. Hori lortzeko, 900 inkestagile joan ziren Indiako hainbat eskualdetara, heriotza erregistratugabe batzuen eragilearen berri eskatzeko. Lorturiko erantzunetan oinarrituta, bi medikuek aztertzen dute kasu bakoitza, eta “ahozko autopsia” bat egiten dute, heriotzaren eragilea zein den jakiteko.
Kalkulatu da munduan urtero hiltzen diren 60 milioi gizakietatik %75a India bezalako herrialdetan hiltzen dela, hau da, eragile jakinik gabeko heriotzak gertatzen diren herrialdeetan hiltzen direla. Osasunerako Mundu Erakundea (OME) ospitaletan lorturiko zehaztapenetan oinarritu da, baina emaitzak oso lerratuta daude, baldin eta jendea medikuntza gune batetik hiltzen bada, eta eragileak ikusiezinak gertatzen badira estatistikaren ikuspegitik. Inkesta egitasmo honi esker, besteak beste osasun-agintariek egiaztatu dute tabakoak uste baino heriotza gehiago eragiten dituela eta horren ondorioz, gogortu egin dituzte prebentzio kanpainak.
Hala ere, “ahozko autopsia” delako metodo hori, zalantzan jarri dute aditu batzuek, estatistikako analisia zehatzagoa eta merkeagoa izan daitekeelako. Duela bi urte The Lancer argitaratu zuen artikulu batean, agerian gelditzen zen ustez malariak jota hiltzen direnei begira oso alde handia dagoela Osasunerako Mundu Erakundeak kalkulatukoaren eta milioi bat lagunek egindako inkestaren emaitzen artean. Izan ere, erakunde horrek, kalkulatu zuen 30000 lagun hiltzen direla malariak jota, eta ahozko autopsiek aldiz 200.000ko kopura iradokitzen zuen. Zertan zen kontua? Osasunerako Mundu Erakundeak uste du gaixotasun askok konpartitzen dituztela malariaren sintoma berberak, eta horrek gora eraman lezake ahozko autopsiek ondorioztatutako kopurua. Brian Greenwood epidemiologoak Nature aldizkarian adierazi zuen medikuek bere eskarmentuagatik joera dutela besterik ezean malariari egozteko sukar sintomak. Izan ere, bere hitzetan desadostasunak gertatzen dira ahozko autopsia egiten duten bi medikuen artean. Prabbat Jhak aldiz, beren emaitzen alde egiten du, zeren eta medikuei oso argibide zehatzak ematen baitzaizkie, gaixotasunak nahas ez ditzaten. Besteak beste, Bob Snow epidemiologoak uste du ahozko sistema hau Osasunerako Mundu Erakundearena baino hurbilago dagoela egiatik, baina aitortzen du badituela bere mugak. Izan ere, sistema honen emaitzak ondo uztartzen dira de facto? Indian malaria jasotzen ari den hedadurarekin.
Aukera modura proposatzen den beste sistema batean, sintomak programa matematiko batean sartuko lirateke, gaixotasunak estatistikaren ikuspegitik eragiten duen kaltea finkatzeko. Ikerketa batzuek, iradoki dute ordenagailuak medikuak beraiek baino zehatzagoak izan litezkeela gaixotasun baten eragilea finkatzeko; izan ere, bitariko metodoak erabiltzen hasiak dira. Besteak beste, INDEPTH egitasmoak, Afrika eta Asiako 17 herrialdetan jasotzen dituzte jaiotza eta heriotza kopuruak, horretarako estatistika eta ahozko autopsia batera erabiliz. Edonola, helburu modura hartu dute errealitatea ahalik eta hobekien islatzea, azken batean argiro finkatu nahi baitute zergatik hiltzen den jendea, nola hedatzen diren gaixotasunak, eta zein neurri har daitezkeen gaixotasunen aurka.
Erreferentzia: Global health: One million deaths (Nature) | Verbal autopsy methods questioned (Nature) | Informazio gehiago: Million Death Study | Irudiak: Nature
Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.