Zertaz hiltzen da jendea munduan?

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Munduan urtean 56 bat milioi pertsona hiltzen dira. Heriotza arrazoi nagusia gaixotasun kardiobaskularrak dira; horien ondorioz ia 18 milioi pertsona hiltzen dira, ia hirutik bat. Eta gaixotasunak kategoria bakarrean bilduta, minbiziak ia 10 milioi pertsona hiltzen ditu. Oro har, pertsonen % 73 kutsakorrak ez diren gaixotasunen ondorioz hiltzen da.

Irudia: Kanposantua (Argazkia:Michael Schwarzenberger – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Gaixotasun infekziosoen ondorioz izaten diren heriotzak, gaur egun, heriotza guztien % 19 dira. Talde horretan daude, batik bat, arnas aparatuko gaitzak (2,56 milioi) eta digestio aparatukoak (2,38 milioi), beherakoak barne (1,6 milioi). Duela mende laurden, gaixotasun infekziosoen ondoriozko heriotzak % 33 ziren, eta, oro har, herrialde txiroetan ehuneko hori handiagoa zen. % 33tik % 19ra jaitsi badira, aurrerabideari esker izan da. Herrialde bat zenbat eta txiroagoa izan, orduan eta handiagoa da gaixotasun infekziosoen ondorioz duen heriotza kopurua. Kontrakoa gertatzen da infekziosoak ez diren gaixotasunekin. Beste heriotza kategoria handia kolpeen edo zaurien ondorioz gertatzen diren heriotzena da, baina horiek gutxi aldatzen dira denboran zehar: gaur egun, % 8 dira, eta % 9 ziren duela 25 urte.

Haurren ia % 4 bost urte bete aurretik hiltzen da. Bestela esanda, urtean 5,5 milioi haur hiltzen dira. Heriotza arrazoi nagusia arnas infekzioak dira (800.000 inguru). Izan ere, arrazoi horrengatik hiltzen diren hirutik bat 5 urtetik beherakoa da. 650.000 jaioberri (hilabete baino gutxiago dutenak) jaio ondorengo patologien edo konplikazioen ondorioz hiltzen dira. Beherakoak ere haur heriotzen kausa garrantzitsua dira: kopurua asko jaitsi bada ere, milioi erdi haur inguru hiltzen dira arrazoi hori dela eta. Oro har, gaixotasun horiek bizi urte asko galarazten dituzte. Heriotza asko eragiten dituzte, halaber, zirkulazio istripuek (1,2 milioi; horietatik, asko eta asko nerabeak eta gazteak) eta hartutako immunoeskasiaren sindromeak (hiesa); milioi bat pertsona hiltzen dira hiesaz (% 84k 50 urte baino gutxiago ditu). Urtero beren burua hiltzen duten 800.000 pertsonetatik 460.000 50 urtetik beherakoak dira.

Bestalde, dementziak, bere forma guztietan, 2,5 milioi heriotza eragiten ditu urtean. Kopuru hori nabarmen igo da, eta gora eta gora egingo du bizi itxaropena handitu ahala, batik bat, gaixotasun infekziosoen ondorioz izaten diren heriotzak gutxitu direlako. Alabaina, arrazoi horregatik beragatik, ez dakar bizi urte asko galtzea.

Badira hiru heriotza arrazoi kuantitatiboki nabarmenak ez direnak, baina bai, ordea, oihartzun mediatiko handikoak: hilketak, atentatu terroristak eta hondamendi naturalak. Hilketa dela kausa, urtean 400.000 pertsona hiltzen dira, eta 26.000, berriz, ekintza terroristetan. Hondamendi naturalek 9.600 heriotza baino ez dituzte eragiten.

Heriotza arrazoiak diogunean, horiek eragiten dituzten kausa gertukoei edo zuzenekoei buruz ari gara, heriotzak eragiten dituzten gaixotasunei buruz, baina jakinekoa da badirela zenbait faktore, tartean, gosea, bizimodua eta bizi ohiturak, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak hartzeko probabilitatea handitu edo gutxitu dezaketenak.

FAOren arabera, bost urtetik beherako 6 milioi haur hiltzen dira urtean gosearen ondorioz (ziur aski, kopuru osoa handiagoa da, baina 5 urtetik beherakoak dira gosearen ondorioekiko kalteberenak). Egiatan, heriotza horietatik gutxi dira gosearen ondorio zuzena direnak. Gehienak, luzaroan funtsezko behar beste elikagai eta mantenugairik gabe egon direlako dira: haurrak ahul daude, pisu gutxi dute eta kalteberak dira.

Bestalde, urtean 8 milioi pertsona hiltzen dira tabakoarengatik, eta obesitatearengatik, berriz, 5 milioi; kasu batean eta bestean, hilen erdiak 70 urtez azpikoak dira. Alkoholarengatik 2,8 milioi hiltzen dira (horietatik 2 milioi, 70 urtez azpikoak).

Azkenik, ingurumen faktoreak aipatu behar dira; kutsadura atmosferikoak 3,4 milioi pertsona hiltzen ditu, eta etxekoak, 1,6 milioi. Baiki, kutsadura hilgarria da, eta atmosferikoa ere bai.

Oharra: Aurreko kopuru horietan ez dira sartu Covid-19aren ondorioz izandako heriotzak. Maiatzaren 17an, 311.588 heriotza egiaztatu ziren kausa horrengatik, baina egiazko zifra, ziur aski, askoz ere handiagoa da. Esaterako, Espainian, erregistro zibiletan jaso diren heriotzak, pandemia hasi zenetik beste urte batzuetan aldi horretan bertan egon ohi direnak baino % 56 gehiago dira. Pentsatzekoa da gehikuntza hori Covid-19aren eraginagatik dela; beraz, kausa hori dela medio gertatutako heriotzak ofizialki jakinarazitakoak baino % 30 gehiago dira.

Iturria: Our World in Data

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

4 iruzkin

Eman iritzia

Edu IEdu I

Eskerrik asko. Datu hotzak baino hobeagorik ez dago gogoeta kolektiborako. Nekagarria da, baina ezinbestekoa. Eta batez ere mila esker gutxik irakurriko dugun hizkuntza honi arnasa emateagatik. Laburbilduta: eskerrik asko biderik errazena ez aukeratzeagatik.

Juan Ignacio PérezJuan Ignacio Pérez

Eskerrak zuri, Edu.
Pozgarria da egindako lana ontzat ematen dela ikustea. 🙂

Zertaz hiltzen da jendea munduan? | EIBZko liburutegia

[…] Juan Ignacio Perez Iglesias / 2020-05-18 / 581 hitz […]

Asteon zientzia begi-bistan #303 - Zientzia Kaiera

[…] hiltzen da jendea munduan? Datu interesgarriak bildu ditu Juan Ignacio Perez Iglesiasek: munduan urtean 56 bat milioi pertsona hiltzen dira. Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>