Lanera pedalei eraginez joateak bizi asko salba ditzake

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Norbaitek esango balizu gaixotasun kardiobaskular baten, minbiziaren eta kausa posible guztien eraginez hiltzeko arrisku arrunta ia erdiraino murrizten duen tratamendu bat dagoela, seguru asko, ez zenuke sinetsiko. Edo, sinetsiz gero, tratamendu hori berehala emateko eskatuko zenuke. Eta, hala ere, baliteke tratamendu hori jende askoren eskura egotea: nahikoa da lanera bizikletaz joatea.

Hala adierazten du Erresuma Batuan egindako azterlan batek. Azterlan horretan, lanera joateko erabilitako garraiobidearen arabera, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia izateko arriskua neurtu zuten, baita bi kausa horietako baten edo beste edozein kausaren eraginez hiltzeko arriskua ere. Ikerketan, 22 herritako 263.450 pertsonak parte hartu zuten (% 52 emakumeak ziren; batez besteko adina: 52,6 urte). Parte hartzaileak lau kategoriatan banatu zituzten: oinezkoak, txirrindulariak, mistoak eta inaktiboak (ibilgailu publiko edo partikularra erabiltzen dutenak).

bizikleta
Irudia: Desplazamendu aktiboa sustatu eta laguntzeko ekimenek heriotza-arriskua eta gaixotasun kroniko garrantzitsuen karga murriztu ditzakete. (Argazkia: Vedant SHAH – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Heriotza-tasaren azterketaren jarraipena egin zuten ikertzaileek bost urtez, bihotzeko gaixotasunek, minbiziek eta heriotzak eragindako gorabeherak erregistratuz. Epe horretan ia parte hartzaileen % 1 (2.430) hil zen: 496, arazo kardiobaskular baten eraginez; 1.126, minbiziaren eraginez eta gainerakoak beste arrazoi batzuengatik hil ziren. Bestalde, 3.748 pertsonak minbizia izan zuten, eta 1.110ek, gaixotasun kardiobaskularren bat. Horrez gain, ikusi zuten edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskuari dagokionez, txirrindularitza heriotza-arriskuaren murrizketarekin lotzen zela, baita gaixotasun kardiobaskularrek eta minbiziak eragindako intzidentzia eta hilkortasunari dagokien kasuetan ere.

Emaitzak

Ikertzaileek ikusi zuten lanera bizikletaz joaten zirenen artean edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskua % 41 gutxiago zela, autoz edo garraio publikoz joan-etorriak egiten zituztenekin alderatuta. Eta, bizikleta eta paseoa konbinatzen zutenen heriotza-arriskua %24 txikiagoa zela, «inaktiboekin» erkatuz.

Azterketa minbizira mugatuz gero, emaitzak are hobeak ziren. Pertsona inaktiboekin konparatuz gero, lanera joateko pedalei eragiten zietenen artean, minbiziagatik hiltzeko arriskua % 40 gutxiago zen eta minbizia izateko arriskua, aldiz, %45 txikiagoa. Bestalde, bizikleta eta paseoa uztartzen zutenekin konparatuz gero, bizikleta erabiltzen zutenen arriskuak txikiagoak ziren: hiltzeko arriskua, %24 gutxiago eta minbizia izateko, %36 gutxiago, hurrenez hurren.

Jarduera fisikoaren emaitzak ere hobeak izan ziren istripu kardiobaskularra izateko probabilitatea edo arrazoi horregatik hiltzeko arriskua aztertzen zenean. Lanera bizikletaz joaten zirenen artean bihotzeko gaixotasun bat izateko arriskua %46 txikiagoa zen, autoan, autobusean edo metroan zoazenekin alderatuta. Aldiz, lanera oinez zihoan pertsona batek gaixotasun kardiobaskularra izateko probabilitatea pertsona «inaktibo» batena baino %27 txikiagoa zen. Arrazoi horrengatik joan-etorriak egiteko moduak heriotza-tasan izan zituen ondorioak are handiagoak izan ziren: bizikletan zihoazen pertsonen hiltzeko probabilitatea, autoan edo garraio publikoan zihoazenen %48 izan zen, eta oinez zihoazen pertsonen kasuan, %64.

Ikerketa honetako ondorioez gain, jarduera fisikoak osasunean dituen onurak baieztatu dituzten beste ikerketa batzuetan lortutakoekin bat datoz. Eta, zehazki, minbiziren bategatik edo istripu kardiobaskularren baten ondorioz hiltzeko probabilitateari buruz. Azterlan honen ondorio interesgarriena honako hau da: a priori oso sinplea den neurri bat hartzeak, hau da, lanera pedalei eraginez joateak, eragin ikusgarriak izan ditzakeela hiltzeko arriskuan.

Pentsa dezagun zer ondorio izango lituzkeen bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko ohitura zabaltzeak osasun sistemaren kostuetan, batetik, eta gutako bakoitzaren bizi-kalitatean eta itxaropenean izango lituzkeenetan, bestetik.

Erreferentzia bibliografikoa:


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.