Astrofisika
Ikertzaileek hamarkada batzuk daramatzate izarren arteko ingurunean biomolekulak atzematen. Izan ere, partikula horiek bizitzaren jatorriaren hasierako prozesuari buruzko aztarnak eman ditzakete. Zientzialariek, besteak beste, funtsezko molekulak bilatzen aritu dira dira: aminoazidoak, base nitrogenatuak, bizitzako gantz-azidoak edo azukreak. Espazioan edozein molekula bilatzeko, espektroskopia errotazionala erabiltzen da. Teknika horri esker, molekula isolatu bakar baten egitura doitasun handiz zehaztu daiteke. Hori da lortu duena UPV/EHUko ikertalde batek, espektroskopia errotazionalaren bidez, eritrulosaren (zeto-azukre natural bat) egitura molekular hiperzehatza determinatzea lortu du, eta azukre horren seinale espektroskopikoak bilatu ditu espazioan. Elhuyar aldizkarian ematen digute honen berri: Izarrarteko espazioan azukreak bilatzen ari dira EHUko ikertzaileak.
Osasuna
Ikerketa ugarik agerian utzi dute desplazamendu aktiboa sustatu eta laguntzeko ekimenek heriotza-arriskua eta gaixotasun kroniko garrantzitsuen karga murriztu ditzaketela. Hori berori berretsi dute 2017an eta 2020an Erresuma Batuan egindako ikerketek. Izan ere, ikertzaileek ikusi zuten, esaterako, lanera bizikletaz joaten zirenen artean edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskua % 41 gutxiago zela, autoz edo garraio publikoz joan-etorriak egiten zituztenekin alderatuta. Emaitzen nondik norakoak Juan Ignacio Pérez biologoaren eskutik: Lanera pedalei eraginez joateak bizi asko salba ditzake.
Genetika
Sevillako katedralean gordeta dauden Kristobal Kolonen hezurren azterketak, haren jatorriari buruzko zalantzak argituko ditu adituen ustez. Jose Antonio Lorente Granadako Unibertsitateko Auzi Medikuntzako katedraduna buru duen ikerketa-taldeak emaitzen aurrerapen bat emango du maiatzean baina Joxe Mari Ertzilla historiazaleak aurreratu duenez: “Kolonen DNA alderatu dute haren ondorengoak izan daitezkeen 380 lagunenarekin, «eta ez dute antzekotasunik topatu”. Xehetasunak, Berrian: Kolonen DNAren azterketen emaitzak, aurten.
Teknologia
Prosum proiektuaren arabera 2019an sortutako hondakin elektronikoen % 17,4 baino ez ziren bildu eta birziklatu. Gutako bakoitzak 19 kg hondakin elektroniko sortu zituen 2019. Zaborrera botatzen ditugun hondakin hauetako asko, konpontzen ez diren tresna elektrikoak dira. Izan ere, konpondu ezineko eta iraupen gutxiagoko tresnen kopurua asko hazi da eta honek ingurumen arazoak ekartzen ditu, hala nola klima larrialdia. Hondakin elektronikoen nondik norakoak plazaratu ditu asteon Izaro Basurko ikertzaileak: Zaharkitze programatua.
Biologia
2006an vespa velutina izeneko liztorra iritsi zen Europara eta harrez geroztik zabal hedatu da. Habitati zabala du eta, ondorioz, ikus daiteke eraikin, nekazaritza-lur, abeltzaintza intentsiboko zonalde, baso, hiri-gune, larre natural, erribera zein gune hezeetan. Hala ere, adierazgarria da, ur-iturriren batetik gertu kokatzen direla beti. Velutina espezie exotiko inbaditzailea da eta hainbat kalte eragin ditu, besteak beste, ez duelako harraparirik izan, orain arte. Izan ere, Galiziako Xuntaren aginduz Alcala de Henaresko Unibertsitateak egindako ikerketa batek agerian utzi du: zapelatz liztorjaleak Asiako liztorraren habiei gogor erasotzen diela. Datuen arabera 24.500 habia desegin zituen Galizian 2018an. Enekoitz Telleriak azaltzen du Berrian: Liztor beltza du begiz jota.
Kimika
Biomonitoreak kutsatzaileak metatzeko gaitasuna duten organismoak dira. Fakultate honi esker, kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lor daiteke eta baita kutsatzaile horiek izaki bizidunengan duten eraginari buruzkoa ere. Goroldioak edo likenak, esaterako, biomonitoreak izan liteke eta UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak egindako azterlan batek adierazi du, esaterako, UPV/EHUk zehaztu du Grimmia generoko goroldioak metalen kutsadura atmosferikoaren biomonitore pasibo gisa erabil daitezkeela. Emaitza guztiak Zientzia Kaieran: Goroldioak, metalen kutsadura atmosferikoa antzemateko tresnak.
Fisika
César Tomé dibulgatzailean fisikaren oinarrizko kontzeptuen historiaren beste atal bat ekarri du asteon eta “kuantuez” hitz egin du. “Kuantu” hitza XIX. mendean erabiltzen zen arren, Philipp Lenard fisikariak aipatu zuen idatziz XX. mendean, eta fisika arloko testu baten erabili zuen, 1902. urtean efektu fotoelektrikoari buruzko artikulu batean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:
Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.