Munduko biztanleriak 2080an joko du goia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Munduko populazioa haziz joan da gutxienez azken 12.000 urteetan zehar. Azken hamarkadetan izugarria izan da hazkunde hori eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. 60ko hamarkadan 3.000 milioi biztanle zeuzkan munduak eta, gaur egun, 8.000 milioi baino gehiago gara. Hala ere, adituek adierazi dutenez, hazkuntza geroz eta geldoagoa da eta jada data jarri diote goia joko dugun uneari: 2080aren bueltan iritsiko gara 10.400 milioi biztanle izatera. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke.

2022ko azaroaren 15ean munduko biztanleriak 8.000 milioiko langa gainditu zuen. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. Alabaina, joera hau moteltzen hasi da eta adituek 2080. urtean goiko mugara iritsiko garela adierazi dute: 10.400 milioi biztanle izango ditu munduak une horretan. Aldaketa mantsoa izango da, jakina. 2050. urtean bederatzi mila milioi izatera iritsiko gara eta, horrela, hazkundea moteltzen joango da 2080an goia jo arte.

Beste ziklo baten aldaketa ere laster gertatuko da; izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen 2022ko txostenaren arabera, 2023an Indiak biztanle gehiago izango ditu Txinak baino. Aipatutako txostenaren arabera, une honetan gizateria oso mantso ari da hazten -urtean %1eko hazkuntza-. Hazkuntza hau baino motelagorik ez da izan 1950. urtetik hona. Duela urte batzuk populazioaren gailurra hamaika mila milioian ezarri bazen ere, gaur egun 10.400 milioian ezarri da gehienezko muga. Mende amaieran munduko biztanleria murrizten hasi daitekeela pentsatzen dute adituek.

munduko
Irudia: 2020. urtearen bueltan munduko biztanleria ez da gehiago haziko eta baliteke populazioa murrizten hastea (Argazkia: Eak K. – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Zein da, baina, hazkundearen desazelerazioaren atzean dagoen arrazoi nagusienetako bat? Ugalkortasuna, hain zuzen ere. Geroz eta seme-alaba gutxiago ekartzen dira mundura eta horrek, pixkanaka, hazkundea moteltzea dakar. Herrialde aberatsenek jaiotza-tasarik baxuenak dituzte eta, alderantziz, herrialderik pobreenetan izaten dira ondorengo gehien. Alde hori handia den arren, oro har, herrialde guztietan geroz eta ondorengo gutxiago sortzen dira. Demografoen arabera, emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba izatea litzateke populazioari egonkor eusteko ordezkapen-tasa. Une honetan, herrialde aberats gehienak tasa horren azpitik daude -esaterako, AEBn 1,7; Txinan 1,2-. Are gehiago, datozen urteetan munduko herrialde gehienak 2,1eko tasatik behera egongo dira. Horrekin lotuta, ugalkortasun-tasari buruzko irudikapen grafiko interesgarriak bildu ditu Scientific American aldizkarian Katie Peek kazetariak. Bertan ikus daitekeenez, 1960. urtean munduko herrialde gehienek 2,1 baino handiago zuten ugalkortasun-tasa. Une horretan, munduak 3.000 milioi biztanle besterik ez zituen. Gaur egungo egoera guztiz bestelakoa da etorkizunerako aurreikuspenekin alderatuta.

Desorekak beti egon dira munduan. 2050. urtera arte gertatuko den hazkuntzan ere desoreka izango da nagusi. Munduko populazioaren hazkuntzaren zatirik handiena zortzi herrialderi esker gertatuko da: Egipto, Etiopia, India, Filipinak, Nigeria, Pakistan, Kongo eta Tanzania. Argi dago populazioaren hazkundea muga bat dela garapen iraunkorrerako; izan ere, nekez bizi gaitezke mundu jasangarri batean geroz eta biztanle gehiago badaude mundu horretan. Ez da posible, gaur egun ditugun ereduen arabera, bederen. NBEren arabera, etorkizun egoki eta jasangarria izateko, ezinbestekoa da adin guztietako osasungintzan eta hezkuntzan inbertitzea. Hain zuzen ere, gaur egun lanean dagoen populazioaren zati handi bat, laster, ez da lanean egoteko moduan izango. 2022tik 2050era 65 urtetik gorako biztanleria %16 handituko da eta, une horretan, munduan 65 urtetik gorakoak 5 urte azpikoen bikoitza izango dira. Populazioaren zahartzea bizi-itxaropen geroz eta handiagorekin lotuta dago, noski. 2019an munduko biztanleriaren bizi-itxaropena 72,8 urtekoa zen, 1990ean baino ia bederatzi urte handiagoa. 2050ean bizi-itxaropena bost urte gehiago areagotzea espero da, nahiz eta herrialdeen artean dauden desoreken kausaz zifra hori estimazio hutsa den.

Laburtuz, ziurgabetasunez beteriko mundu honetan aurreikuspenak egitea zaila den arren, munduko biztanleriaren hazkundea jada joera-aldaketa batean murgilduta dago, demografo eta adituen arabera. Joera-aldaketa horren kausaz 2080. urtean bere goia joko du gizateriak eta bestelako gizarte baterantz garamatza horrek. Geroz eta zahar gehiago eta haur gutxiago egongo dira eta, gainera, zaharrak geroz eta zaharragoak izango dira -edo, gara-. Horrek aurreikuspenak oraintxe egitea eskatzen digu. Geroz eta zaharragoa den gizarte hori jasangarria izan dadin, ezinbestekoa da populazio horren beharrei erantzuteko sistema eraginkorrak izatea, osasun-sistema egokietatik hasita.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

  • […] Munduko biztanleriak 2080an joko du goia, 10.400 milioi biztanle izatera iristen garenean. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara […]

  • […] Munduko biztanleriak 2080an joko du goia, 10.400 milioi biztanle izatera iristen garenean. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.