Asteon zientzia begi-bistan #422

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

populazioa

Demografia

Munduko biztanleriak 2080an joko du goia, 10.400 milioi biztanle izatera iristen garenean. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. Alabaina, joera hau moteltzen hasi da. Bestalde, 2022tik 2050era 65 urtetik gorako biztanleria %16 handituko da. Datuak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Txinako bidaiarien sarrera kontrolatzea ez da eraginkorra, Ignacio López Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologiako katedradunaren arabera. Azaldu duenez, oraingoz ez dirudi munduan hedatuta dauden COVID-19aren aldaeretatik oso bestelako aldaerarik sortu denik Txinan, eta gainontzeko herrialdeak ondo babestuta gaude, beraz, Txinako aldaeratik. Bestela ere, Europako Batasunean ez dago mugarik, eta horrenbestez, alferrik da herrialde batek alde bakarreko erabakiak hartzea. Arrazoi hauengatik eta beste batzuengatik, López-Goñik ondorioztatu du kanpokoei neurriak ezartzea baino eraginkorragoa dela Espainian prebentzioa indartzea. Informazio Gehiago Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Duela 2.600 milioi urteko CRISPR-Cas edizio genetikoko sistema berreraiki dute. Aurkikuntza hau CIC nanoGUNEko Rául Pérez-Jiménez ikertzailearen gidaritzapean egin du nazioarteko talde batek. Zehazki, CRISPR-Cas sistemen historia ebolutiboa berregitea lortu dute, eta behin antzinako sekuentzia horiek sintetizatuta, kultiboko giza zeluletan probatu dituzte. Horrela baieztatu ahal izan dute erabilgarriak direla edizio genetikoko tresna gisa. Antzinako CRISPR-Cas sistema sinpleagoa dela azaldu dute, eta horrek ba omen du abantaila bat, moldagarriagoa bihurtzen baitu aplikazio berrietarako. Datu guztiak Berrian eta Elhuyar aldizkarian irakur daitezke.

Hominoideen garunaren garapenean eta handitzean eragin zuzena izan zezaketen gene batzuk identifikatu dituzte. Zehazki 74 gene berri identifikatu dituzte hominoideen sekuentzia ez-kodetzaileetatik. DNAren sekuentzia asko, nahiz eta ez-kodetzaileak izan, transkribatzen dira RNA-ra. Baina RNA horiek ez badira nukleotik ateratzen, ezin dute proteinarik sortu. Horrela, berriki identifikatutako 74 gene horien RNA homologoak aurkitu dituzte makakoetan, baina horiek ez dira nukleotik ateratzen. Hominoideetan, aldiz, uneren batean sekuentzia horiek nukleotik ateratzeko seinaleak eskuratu zituzten, eta horri esker proteinak sortzen dira, makakoetan adibidez, sortzen ez direnak. Gainera, ikusi dute gene horietako bat adierazten denean, garun handiagoa garatzen dela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Lekanemab botikak alzheimerraren gaitza astirotu egiten omen du gaitzaren lehen faseetan. AEBen botikak baimentzen dituen FDA erakundeak laster erabakiko du sendagaiari oniritzia ematen dion edo ez. Hala ere, adituek diote tentuz hartzeko kontua dela. Berrian Miren Altuna neurologoa eta CITA Alzheimer zentroko ikertzaileari galdetu diote eta dioenez ez da izango gaixotasunari aurre egiteko bide bakarra. Haren ustetan medikazio honek mesede handiagoa izango du diagnostikorako planen aldaketan, tratamenduan bertan baino. “Datu guztiak Lekanemab, «tentuz» hartzeko esperantza alzheimerraren aurka” artikuluan.

Ilargiak ez du inongo eraginik gizakiaren osasunean, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen. Antzinako garaietatik hainbat kulturatan uste izan da ilargiak eragin boteretsua duela gizakiengan, eta ez hain urrun, 1995an, osasun mentaleko profesionalek inkesta batean argi utzi zuten haien % 43k uste zutela ilargi beteak norbanakoen jokaera aldatzen zuela. Alabaina, azken hamarkadetan hainbat azterketa egin dira efektu hau frogatzeko, eta oro har, ondorioa da ilargiak ez duela inolaz ere eragiten gizakiaren osasunean, eta eragiten badu, zoriz gertatuko litzatekeenaren berbera dela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen.

Teknologia

Lagin-tamaina oso txikiak erabiltzen dituzten plasma-bereizgailu modularrak azkar optimizatzeko metodologia bat sortu du UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak. Hori lortzeko, neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze-metodologia bat erabili dituzte. Plasma odoletik erraz eta modu fidagarrian bereizteko fabrikatutako gailu mikrofluidikoak erakutsi du 3Dko inprimaketa estereolitografikoaren teknologiak aukera handiak zabaltzen dituela mikrofabrikazioan. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa.

Argitalpenak

Aste honetan Zientzia Kaierak ZIO bildumarekin batera eginiko atalean Formen matxinada liburuaz jardun dira. Liburu hori Jorge Wagensbergek fisikariak argitaratu zuen 2004an, eta bertan erakusten du forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Zientziaren metodoa oinarri hartuta mundua ulertzea du xede liburu horrek, eta ezer ez da berdina izango irakurri ostean. Jorge Wagensberg zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen, Cosmocaixa zientzia-museoaren buru eta “La Caixa” Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..