Formen matxinada

Argitalpenak · Dibulgazioa

Formen matxinada (2004) liburuan, Jorge Wagensbergek fisikariak erakutsiko dizu -erakutsi, ez irakatsi- forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Liburu hau irakurriz gero, akabo ikusten ohituta zeunden mundua. Ezer ez da berdina izango; ez mundu bizigabea, ez bizidunena, ez zu zeu nahiz gainerako mundu-behatzaileak. Ikuspegia aldatuko zaizu, nahitaez. Eta ikusiari ere eragingo dio horrek, nolabait, ikuslea munduaren parte denez. Hori gutxi ez eta, izadiaren adreiluak diren forma horiek, ez izatearen aurka matxinatuz, nola errealitateratu diren ere azalduko dizu; eboluzioaren teoria, alegia, materia biziaren esparrutik besteetara ere hedatua: biziaren aurretik (materia bizigabea) eta ondotik (materia kultua).

Formen matxinada
Irudia: Formen matxinada liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Hala, solas eta jolas, materiazko bizi kultuaren ekoizpenak ere izango dira hizpide: sormena; artea, bereziki. Horien guztien atarian, konprenitzea (ulergarritasuna) zer den definituko du egileak, eta teoria-oinarri funtsezkoenak azalduko, estilo bizi-biziz betiere. Formen matxinada osoa da, bestalde, teoria horren praktika zorrotz bezain gozagarria. Horra, bada, metodoa: zientziarena, jakina; uste ez zenuen alderdi askotara ere zabaldua, ordea, oraingoan: fraktal bat bezala, oro kolonizatuz. Bai: mundua ulertzea du xede liburu honek, zuk bezala, eta ezin egotziko diozu huts egin duenik, huts egin dizunik.

Jorge Wagensberg (Bartzelona 1948 – Bartzelona 2018) fisikariak Prozesu Itzulezinen Teoriako irakasle giza aritu zen Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultatean, eta zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen. 1991tik Cosmocaixa zientzia-museoaren buru izan ondoren, “La Caixa” Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria bihurtu zen. Ikertzaile gisa argitaratu zituen lanek guztiz esparru zabala hartzen dute, biofisikatik hasi eta museologiaraino. Kaleratu zituen azken liburuak: Izadia erantzuna bada, zein zen galdera?, Formen matxinada, Zenbat eta nola gehiago, orduan eta zergatik gutxiago eta Buru-gozamena.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Formen matxinada
  • Egilea: Jorge Wagensberg
  • Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia
  • ISBN: 978-84-8373-989-1
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2007
  • Orrialdeak: 422 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Formen matxinada

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.