Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze-metodologia bat erabili ditu UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak, lagin-tamaina oso txikiak erabiltzen dituzten plasma-bereizgailu modularrak azkar optimizatzeko. Erabilitako inprimatze-metodoak frogatu du teknologia mikrofluidiko horrek ekarpen handia egin diezaiokeela plasma bereizteko gailu biomedikoen merkatuari.

Lab-on-a-Chip motako gailuetan, laborategian berez egiten den funtzio bat edo batzuk integratzen dira tamaina milimetrikoko txip bakar batean. Esparru horretan, emaitza onak lortzen ari dira odoleko biomarkatzaileak detektatzeko diagnostiko-probetan. Mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan, oso lagin txikiekin lan egiten delako eta emaitza berak lortzen direlako.

3Dko inprimaketak eragin nabarmena izan du eremu horretan, baina erronka handia da oraindik osagai integratuak dituzten plataforma mikrofluidiko guztiz funtzionalak 3Dko inprimaketa bidez garatzea. UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterrak bere ekarpena egin du arlo horretan.

Irudia: mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Odol-zelulak oztopo izaten dira askotan biomarkatzaileen determinazioan, eta horrek okerreko kontzentrazio-balioak eragiten ditu. Beraz, plasma bereiztea urrats kritikoa da errendimendu analitikoa hobetzeko eta detekzio-sistema fidagarri eta zehatzak garatzeko. Polymers aldizkari zientifikoak argitaratutako ikerketa batean, neurrira egindako erretxina-formulazio bat erabili du Sandra García Rey UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterreko doktoretza-ikasleak, bereizmen handiko 3Dko inprimatze-metodologia batekin konbinatuta, plasma bereizteko modulu operatibo baten prototipoa azkar optimizatzeko.

Plasma bereizteko aurrerapena

“Imajina ezazu bost edo hamar mikrometro inguruko kanal bat —azaldu du Fernando Benito López doktoreak (klusterreko ikertzaile nagusietako bat)—, errezeptorez funtzionalizatutako azalera duena, odoleko molekula edo biomarkatzaile jakin bat atzitzeko eta fluoreszentzia bidez analizatzeko. Globulu gorriek fluoreszentzia hori ikustea eragotziko lukete. Beraz, zulo moduko bat sortu dugu, globulu zuri eta gorriak grabitate bidez erauzteko; hala, kanaletik, plasma bakarrik igarotzen da, eta metodo optikoen bidez detektatzeko sistema integratuan eragin ditzaketen interferentziak ezabatzen dira. Hau da, modulu hau analisi-sistemaren aurretik jarriko litzateke”. Benito Lópezen iritziz, sistema berri honi esker prozesu osoa integratzen da gailu fluidikoaren barruan. Gainera, gailuak analisiaren kalitatea hobetzen du, “azkarragoa delako eta akats gutxiago sortzen direlako, gizakiaren esku-hartzea txikiagoa baita”.

Plasma odoletik erraz eta modu fidagarrian bereizteko fabrikatutako gailu mikrofluidikoak erakutsi du 3Dko inprimaketa estereolitografikoaren teknologiak (argi ultramorearekiko sentikorra den erretxina likidoa erabiltzen duen laser-teknologia) aukera handiak zabaltzen dituela mikrofabrikazioan. “Ohiko metodoak erabiliz (fotolitografia, adibidez) baino askoz azkarrago lor daiteke egitura fluidiko optimo bat”, dio Benito López doktoreak. Ikertzaileek diotenez, ikerketa honek aukera emango du plasma bereizteko osagai integratuak dituzten pieza bakarreko gailuak 3Dko inprimaketa bidez fabrikatu ahal izateko, odoleko biomarkatzaileak detektatzeko. Gainera, frogatu dute “erretxina desberdinekin lan egin daitekeela”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Odoleko plasma bereizteko gailu mikrometriko bat, bereizmen handiko 3D fabrikazio bidez

Erreferentzia bibliografikoa:

Garcia Rey, Sandra; Nielsen, Jacob B.; Nordin, Gregory P.; Woolley, Adam T.; Basabe Desmonts, Lourdes; Benito Lopez, Fernando (2022). High-Resolution 3D Printing Fabrication of a Microfluidic Platform for Blood Plasma Separation. Polymers 14. DOI: 10.3390/polym14132537

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.